Euskal literaturea nazinoarteko topaketetan izango da irailean eta urrian

Bizkaie! 2013-09-19 10:57   Kulturea

Cervantes Institutuaren ekimenez, aurten Miren Agur Meabe, Iban Zaldua, Jon Juaristi eta Karlos Linazasoro euskal idazleak izango dira 30 años de creación y diálogo izenburupean egingo diran Verineseko literatura topaketan. Estaduko hizkuntza desberdinetako idazle eta kritiko taldea batzen da urtero jardunaldiotan, Pendueles herrian (Asturias).

Hainbat euskal idazlek eta itzultzailek nazinoarte mailako literatura topagune eta jaialdi desbardinetan hartuko dabe parte datozen asteotan, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzinoaren edota bitartekaritzearen bidez. Holan, Cervantes Institutuaren ekimenez, aurten Miren Agur Meabe, Iban Zaldua, Jon Juaristi eta Karlos Linazasoro euskal idazleak izango dira 30 años de creación y diálogo izenburupean egingo diran Verineseko literatura topaketan. Estaduko hizkuntza desberdinetako idazle eta kritiko taldea batzen da urtero jardunaldiotan, Pendueles herrian (Asturias). Aurtengo topaketea eguenean eta barikuan izango da eta Etxepare Institutuak antolaketan lagundu dau.

Era berean, Irlandako Cork uriko Unibersidadeak Self Translation in the Iberian Peninsula nazinoarteko biltzarra antolatu dau irailean, autoitzultzaileen estatus desbardinetako hizkuntzen arteko bitartekari rola ikertzeko asmoz. Etxepare Euskal Institutuak babestu dauen programa honek hainbat euskal idazle eta itzultzaile hartuko ditu; holan, irailaren 20an, Miren Ibarluzea itzultzailea Panoramic Theoretical Approaches ataleko partaideetako bat izango da; egun berean, Ur Apalategik, Elixabete Manterolak eta Ibon Uribarrik, Self Translation in the Basque Country atala osotzen daben berbaldiak emongo ditue. Unai Elorriagak, barriz, amaiera berbaldia eskainiko dau irailaren 21ean, El singular oficio de la autotraducción izenburupean.

Bestalde, Kirmen Uribe New York aldean ibiliko da irailean eta urrian. Bariku honetan bere obraz berba egingo dau City University of New Yorkeko The Graduate Center gunean, Esther Allen itzultzaile eta irakasleagaz eta Gus Jiménez CUNYko doktoregaiagaz. CUNY-k eta Etxepare Euskal Institutuak antolatutako ekitaldia da.

Irailaren 22an, Brooklyn Book Festival jaialdi ospetsuan izango da eta Cities and their Ghosts mahai-inguruan hartuko dau parte bertan, Patricio Pron eta Chang-Rae Lee idazleakaz batera. Irailaren 23an, barriz, talde errezitaldia eskainiko dau Uribek Bowery Poetry Clubean, Poet in New York izenburupeko saioan.

Jarraian Irlanda aldera joko dau idazle ondarrutarrak, eta urriaren 18tik 20ra bitartean Dublinen egingo dan Isla Jaialdiko partaide izango da. Today we are reading with irakurketan esku hartuko dau urriaren 18an, Daniel Freidemberg (Argentina), Tomás Mac Síomóin (Irlanda), Paula Meehan (Ireland) eta Enrique Vila-Matas (Espainia) idazleakaz batera.

Urriaren 19an, barriz, The Novel, Memory and Resistance solasaldiko partaide izango da, Cara Leavy (Irlanda), John Boyne (Irlanda) eta Julio Espinosa (Txile) mahaikideakaz batera, eta urriaren 20an, Bitartean heldu eskutik liburuko pasarteak irakurriko ditu Crescent Arts Center gunean, Belfast Festival At Queen's jaialdiaren barruan.


EIZIE

Aurten be literatur itzulpen lantegia antolatu dau EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzaz. Lantegiak gazte literatureari erreparauko deutso aurten, eta horretarako Juan Kruz Igerabideren lana aukeratu dabe. Tailerra Donostian egingo dabe irailean, eta Polonian izango dau jarraipena, Wroclaweko Short Story Festival jaialdiak euskal literatureari eskainiko deutsolako urriaren 5a. Batetik, Elixabete Manterola eta Juan Kruz Igerabide EIZIEren itzulpengintzeari buruzko saioko partaidetako bi izango dira, hainbat poloniar itzultzailegaz batera, eta bestetik, Harkaitz Cano idazleak idazketa mintegi batean eta literatura irakurketa batean hartuko dau parte.

Poloniakoa ez da izango Harkaitz Canoren bidaia bakarra, Argentinan eta Txilen be izango baita laster, Filba Nazinoarteko Literatura Jaialdiak konbidauta. Irailaren 28an eta 29an, Buenos Airesen izango da; lehen egunean, Colombia en Buenos Aires programan parte hartuko dau, Eterna Cadencia aretoan; eta 29an, barriz, Museo de la Lenguan egingo dan mahai-inguruan izango da Roxana Miranda eta Mario Castells idazleakaz. Egun berean irakurketa bat eskainiko dau, Emiliano Monge, Susie Asado, Inés Garland, Esther Cross eta Federico Falco idazleakaz, Malba gunean.

Ondoren, Txile aldera abiatuko da Cano, eta irailaren 30ean Santiagon izango da, Filba jaialdiko programearen barruan, Melodía desencadenada ekitaldian parte hartzeko. Lau idazle eta abeslari bat alkartuko dira bertan -Harkaitz Cano, Alvaro Bisama, Emiliano Monge, Adam Thirlwell eta Francisca Valenzuela.


Katalogoa

Euskal literaturearen sustapena helburu dauen 2013ko 10 Books from the Basque Country katalogoa argitaratu barri dau Etxepare Institutuak, genero desbardinetako euskal liburu garaikideakaz. Laster izango dau Institutuak argitalpenari nazinoartean zabalkundea emoteko aukerea: urrian Bartzelonako Liber Liburu Azokan eta Alemaniako Frankfurt Book Fair azokan, eta abenduan Mexikoko Guadalajarako Fil Liburu Azokan.

Bestalde, aurten be Bernardo Atxaga Katedraren eskaintza akademikoa eta programa edegia antolatu ditu New Yorken Etxepare Euskal Institutuak urriaren 7tik 11ra bitartean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu