Argazki erakusketa batek Bilboko uri-mobikortasunaren eta garraio publikoaren historia berreskuratuko dau

Bizkaie! 2013-09-16 15:25

Erakusketea Arenaleko Kaian egongo da ikusgai irailaren 16tik 22ra, Mobikortasunaren Aste Europarraren ospakizunagaz (MAE) bat eginez. Astearen azken egunean, domekan, hilaren 22an, Bilbao nire kotxe barik! eguna ospatuko da.

Okasinorako atondutako Bilbobus bat izango da, bihartik aurrera, Bilboko uri-mobikortasunaren eta garraio publikoaren historia islatzen dauen argazki eta ikus-entzuteko erakusketearen egoitza. Erakusketea autobusaren kanpoko kristaletan jarritako panel eta argazki-erakustokietan antolatuta egongo da. Gainera, autobusaren barrualdean, antxinako lehen abere-garraioetatik gaurko autobus modernoetara gogoetea eragiten dauen dokumentala pantailaratuko dabe, tranbiak, trolebusak, urdintxoak edota gaur eguneko Metroa eta Tranbia ahaztu barik.

Erakusketea Arenaleko Kaian egongo da ikusgai irailaren 16tik 22ra, Mobikortasunaren Aste Europarraren ospakizunagaz (MAE) bat eginez. Astearen azken egunean, domekan, hilaren 22an, Bilbao nire kotxe barik! eguna ospatuko da.

Erakusketearen egoitzeak, Bilbobusak, uriko gaurko garraiobidea islatzen dau. Bere ondoan, orain urte batzuetako urdintxoa izango dau (pasadan mendeko 60 eta 70 hamarkadan gure kaleetatik ibili ziranak) eta beste aldean, barriz, etorkizunak dakarzkun ibilgailu elektrikoa egongo da.

Hamalaugarren urtez, Bilbok, 1998. urtetik irailaren 22an Europar Batasunean ospatzen dan Uria nire kotxe barik! jardunaldiagaz bat egiten dau. Bilboko Udalak antolatuta, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzearen eta Bizkaiko Garraiobide Partzuergoa, BBK, BioBide, Euskal Energiaren Erakundea (EEE), Compañía Autobuses Vascongados eta Encartaciones S.A. erakundeen babesagaz eta hainbat enpresa, erakunde eta garraio operadoreren, baita uriko komunikabideen laguntzinoagaz be (Deia, El Mundo, El Diario Norte, Radio Bilbao - Cadena SER, Cadena Dial, 40 principales, Máxima FM, M80, Onda Vasca, Onda Cero, COPE, Cadena 100, Radio Popular, Bizkaia Irratia, Radio Nervión, Telebilbao, Radio7, Tele7, Radio Euskadi eta eitb.com) Bilbao, nire kotxe barik! jardunaldiak amaiera bikaina emongo deutso hilaren 22an, datorren domekan, Mobikortasunaren Aste Europarrari.

Bilboko Udalak Aire garbia… zure txandea da! leloa aukeratu dau aurten ekimen honetan parte hartzeko. Lelo honen bidez, kotxeek egunero botaten daben CO2 mailearen inguruan pentsarazo egin nahi jake herritarrei.


Lehenengo, mandoak

Bilbok egun garraio eskaintza bikaina dauka, Europako uri aurreratuenen parekoa. Bere kale eta lineetatik autobusak, tranbiak, metroak, aldiriko trenak eta ibilbide luzekoak dabilz; danak herritarrek aintzat hartzen daben uri mobikortasun logistika diseinu batez horniduta.

Edozelan be, automatismo informatikoz eta teknologi barriez josita dagoan XXI. mendeko garraio publikoaren sistemea, XIX. mendean garatzen hasi zan, orain dala ia 200 urte, Bilboko herritarren garraioa animalien bidez egiten zanean. Lehenengo tranbiak XIX. mendeko hasiera eta erdialdean jaio ziran, eta mandoek eroaten zituen. Lehenengo linea Bilbotik Algortara ibilbidea egiten ebana zan. Laster motor baten bidezko trakzinoa erabilten hasi zan, eta mendearen amaieran tranbia elektrikoa sortu zan. Bilbo aitzindaria izan zan, tranbia elektrikoa izan eban espainiar estaduko lehen uria izan zalako, 1896. urtean inaugurau zalarik.


Gerraosteko trolebusak

Gerra zibilaren ondoren, eta uri autobusak agertu baino lehen, Bilboko kaleetatik ebilzan tranbia zaharkituek lehiakide barri bati aurre egin behar izan eutsien: trolebusari; ohiko autobusaren eta tranbiaren arteko hibridoa. Elektrizidadeaz hornidutakoa zan baina gidaria behar eban ibilgailuaren bolantea gidatzeko.

Bilbo trolebusak izan zituan espainiar estatuko lehen uria izan zan. 1955ean, Bilbok 9 trolebus linea zituan. Trolebusak eta tranbiak ebilzan kaleetan. Trolebusa oso ezaguna eta erabilia zan Bilbon, eta lehen txartela 25 zentimoan egoan salgai. 1953. urtean, esaterako, 17 miloe bidaiari garraiatu zituan.

Uri garraio eskaintzea, 50. hamarkadearen erdialdera arte, lehenengo tranbiakaz eta, ondoren, trolebusakaz bete zan. Autobusek ez eben hiri garraioan parte hartu 1954ko abendura arte. Lehen linea Jado Plaza-San Inazio-Erandioko ibilbidea egiten ebana izan zan (garai haretan Erandio Bilbokoa zan).

50. hamarkadearen amaiereak eta 60. hamarkadearen hasiereak tranbien desagerpena ekarri eben: urian zerbitzua eskaini eban azkena 1959ko urrian ibili zan azkenengo aldiz. Eta herri artekoei jagokenez, Bilbotik Durango eta Arratiara abiatzen zana izan zan, 1964. urtean.


Urdintxoak

Bilboko kalean nagusitu ziran autobusei, gaur egun bitxia gertatzen dan eta garai haretan, 60 eta 70 hamarkadan, pop kutsua eukan klasikoa gehitu jaken: Urdintxoa. Mikrobus horreek jesarleku gitxi zituen, eta zerbitzu esklusiboagoa eskaintzen eben hasiera batean, izan be, ez eben geraleku finkorik eta bidaiariek eskatutako tokian gelditzen ziran. Autobusa eta taxiaren arteko zerbitzua zan. Ezin zan zutunik bidaiatu, eta urdinez margotuta egozan.

Urdintxoen lehen urteetan 125 autobusek osotzen eben ibilgailu-parkea eta 70. hamarkadako erdialdean parkea barritu zen hurrengo inaugurazinoetan ikus daitekezan tipologi eta kolore desbardinetako aleakaz. 80. hamarkadararte euskarri-publizitario lez erabili ziran.

Bilboko Trenbidearen Lagunen Alkarteak gordetako urdintxo bat mantentzen da oraindino.


Bilbobusen sorrerea

Hamarkada horren amaieran, 1988an, Bilboko autobus zerbitzuak eraldaketa sakona izan eban. Bilbobus zerbitzuaren sorkuntzeagaz autobusak eta lineak barritu egin ziran. Garapen prozesu horretan ingurumena jagoteari eta energia aurrezteari lehen emoten ez jaken garrantzia emoten hasten jake eta 1992an, gas naturalagaz ebilen Bilbobuseko lehen ibilgailua aurkeztu eben. Ordutik, autobusak etenbarik hobetzen joan dira gizarte eskaereari erantzun egokia emoteko.

Teknologi aurrerakuntza guztiak dituen eta iraganari keinu egiten deutseen Bilboko urdintxoen ondorengoak, gorri kolorekoak eta autobus normalak baino txikiagoak diranak, gaur egun uriko auzo eta bazter guztietara heltzeko egokienak dira.

Bilboko garraio publikoaren historiari, azken urteotan, garraiobide barriak gehitu jakoz. 1995ean, Metroaren lehen linea inaugurau zan eta 2002an gure kaleetara itzuli zan sepia koloreko argazkietatik ataratako tranbia moderno bat. Tranbiaren berragertzeagaz, Bilboko uriak garraio eskaintza bikaina osotu dau, eta Europako uri aurreratuenen parean dago. Autobusak (Bilbobus eta Bizkaibus), trenak (Eusko Tren, FEVE, Renfe), metroa (Metro Bilbao) eta tranbia (Eusko Tran) ditu.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu