Uxue Alberdik eta Xabier Amurizak literaturearen eta bertsolaritzearen arteko alkarreraginak aztertuko ditue Bilbon
2013-09-16 11:53 KultureaBilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren Eztabaidak Literatureagaz egitarauaren barruan, Uxue Alberdi idazle eta bertsolari gipuzkoar gazteak eta Xabier Amuriza bertsolari eta idazle bizkaitar beteranoak literaturearen eta bertsolaritzearen arteko alkarreraginak azalduko ditue irailaren 17an, Bidebarrietako Liburutegian, 19:30ean. Ekitaldia Goizalde Landabaso idazle eta kazetaria izango da gidari.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren Eztabaidak Literatureagaz egitarauaren barruan, Uxue Alberdi idazle eta bertsolari gipuzkoar gazteak eta Xabier Amuriza bertsolari eta idazle bizkaitar beteranoak literaturearen eta bertsolaritzearen arteko alkarreraginak azalduko ditue irailaren 17an, Bidebarrietako Liburutegian, 19:30ean. Ekitaldia Goizalde Landabaso idazle eta kazetaria izango da gidari.
Euskal Literaturea eta Bertsolaritzea: alkarren eraginak izenburupean, Uxue Alberdiren eta Xabier Amurizaren arteko topaketea, jentaurreko alkarrizketearen bitartez, aurretik proponidutako gai batean oinarrituz, idazleakana hurreratzeko proposamena da. Egitarauaren helburua literatureagaz alkartzeko topalekua eskaintzea izan da, zeharkako ikuspegitik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz (arkitekturea, musikea edo matematikak, besteak beste), edo literaturearen genero batean oinarrituz, genero horretan sakonduz, egileen eskutik.
Uxue Alberdik (Elgoibar, 1984), Gizarte eta Informazino Zientzietan lizentziatua, kazetari lanak egin ditu hainbat mediotan, baita ikasketak amaitu baino lehen be: Barren astekarian, Euskadi Irratian, Berrian, hainbat irratsaiotan lokutore lez EIEko (Euskal Idazleen Alkartea) testuak irakurriz. Era berean, Oier Guillánegaz batera, EIEren Hitzen uberan izeneko atariaren sortzaile eta erredaktore da 2010etik.
Bertsolari, literatura tailerretako irakasle, artikulugile, itzultzaile eta konposatzaile, Uxue Alberdik Durangoko Julene Azpeitia bertso paper lehiaketea irabazi eban 2003an. 2005ean, idazle gazteentzako Igartza bekeari esker, bere lehen liburua idatzi eban, Aulki bat elurretan (Elkar, 2007). 2007an, Joseba Jaka sorkuntza bekeari esker, Aulki jokoa (Elkar, 2009) ipuin liburua idatzi eban. 2010ean, Ttartalo argitaletxearen eskutik, haur literaturan sartu eta Ezin dut eta zer? ipuina argitaratu eban. Joan dan urtean, 2012an, El juego de las sillas (Alberdania, 2012) lana argitaratu eban.
Xabier Amurizari (Zornotza, 1941) jagokonez, Euskal Herriko bertsolari txapeldun izan zan 1980. eta 1982. urteetan. Bertsolaritzearen barritzaile handienetakoa izan da, irudi eta metafora barriz osotutako mundua sortuz eta bertsoak egituratzeko modua aldatuz, neurri eta doinu barriak erabiliz. Alderdi teorikoan be ekarpen handiak egin ditu, eta Errima Hiztegia idatzi dau. Horrezaz gan, XX. mendeko 80ko hamarkadan bertsolari barriak trebatzeko eskoletan aparteko garrantzia izan eban, eta Zu ere bertsolari ikasketa metodoa be argitaratu eban. Bera izan zan, hain zuzen be, talde horreen, bertso-eskolen, sorrerea bultzatu ebanetako bat, eta irakaskuntza material asko sortu eban.
1990eko hamarkadan plazak itxi eta formatu barriak sortzeko ahalegina egin eban. Gaur egun be hartzen dau parte saio batzuetan, baina bere lan nagusia idaztera bideratzen dau.
Bertsolari izateaz gan, Amuriza idazle handia be bada. Bost eleberri, poema liburu bat eta autobiografia bat idatzi ditu eta, horrezaz gan, ohiko artikulugilea da eta izan da Egin, Gara, Euskaldunon Egunkaria eta Berria egunkarietan eta Argia astekarian.
Seigarren edizinoa
2007ko urtarrilean Eztabaidak Literatureagaz egitaraua martxan jarri zanetik, Bidebarrietako Liburutegiko Ekitaldi Aretoak idazle bikoteen arteko alkarrizketak jaso ditu, besteak beste, Ana María Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Fernando Marías eta Toti Martínez de Lezea, María Dueñas eta Lorenzo Silva, Alberto Vázquez-Figueroa eta Almudena Arteaga, Jordi Esteva eta Rosa Regás edo Juan José Millás eta Pedro Ugarte.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!