UPV/EHUk ‘Nafarroa, 1936’ memoria historikoaren eta Gerra Zibilaren gaineko erakusketea antolatu dau
2013-09-13 14:32 KultureaJose Ramon Urtasun artista plastikoaren koadroen bidez, 1936ko matxinada militarraren testuinguruan frankistek Nafarroako hainbat herritan egindako zapalkuntzaz egiten da gogoetea.
Astelehenean, irailak 16, goizeko 9:00etan, UPV/EHUren Bizkaia Aretoan (Abandoibarra 3, Bilbo) Nafarroa, 1936 memoria historikoaren eta Gerra Zibilaren gaineko erakusketea inaugurauko da eta irailaren 25era arte egongo da zabalik, astelehenetik barikura 9:00etatik 19:30era, eten barik. Sarrerea dobakoa izango da. Jose Ramon Urtasun artista plastikoaren koadroen bidez, 1936ko matxinada militarraren testuinguruan frankistek Nafarroako hainbat herritan egindako zapalkuntzaz egiten da gogoetea. Arte konprometituaren bidez memoria historikoa berreskuratzea, gerra edo gerraondoa bizi izan eben biktimen eta sortzaileen azken belaunaldiaren lana da baita be, etorkizuneko belaunaldientzako testigantzea ixteko balio leikena.
Erakusketea, 27 koadrok osotua, Autobús de la memoria izeneko kolektiboak antolatu dau, eta irudiak, aitatu legez, Jose Ramón Urtasun pintore nafarrak egin ditu. Artistea bera, irailaren 17an izango da erakusketan. Bilboko kartela, margolariak, beren-beregi, holan eskatuta, hiru maisu arabarrei eskainitako koadroa da. Maisuok Urbasa mendizerran fusilau zituen eta Otxoportillo osinera bota. Han dira oraindino euren gorpuzkinak. Mauricio Rodriguez Lopez, Gordoaren maisua; Bernardo Domingo, Galarretako maisua eta Miguel Gil, Zalduendoko maisua, hurranez hurran, izan ziran hil zituenak.
Jazoera horreetako batzuk Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea (2003) nobelan agertzen dira fikzionauta, eta idazle horrek berak emongo deutso amaierea erakusketeari irailaren 25ean Bizkaia Aretoan emongo dauen berbaldiagaz.
Berbaldien egitaraua:
2013/09/17 Bizkaia Aretoa. Arriaga entzunaretoa. 19:30ean, Jose Ramon Urtasun, margolaria. Jesus Chueca, UPV/EHUko irakaslea eta memoria historikoan aditua. Jose Ignacio Oreja, historialaria eta kazetaria
2013/09/20 Bizkaia Aretoa. Baroja entzunaretoa. 19:30ean, Luis Fuentes, Lau Haizetara Gogoanekoa eta Euskal Herriko CNTko kidea; Gotzon Garmendia, Memoria Historikoaren Dokumentazio Zentroko (Nafarroako Unibersidade publikoa) historialaria.
2013/09/25 Bizkaia Aretoa. Mitxelena entzunaretoa. 19:30ean, Bernardo Atxaga, idazlea. Mauricio Rodriguez-Gastaminza, Mauricio Rodriguez, Gordoaren maisuaren hilobea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!