Mikel Ayllon arabarrak irabazi dau XVI. Igartza Saria
2013-09-13 11:31 KultureaDeialdi honetan hogeita bost proiektu aurkeztu dira, eta Mikel Ayllonen Ez tiro egin anbulantziei izeneko eleberri proiektua irabazletzat jotea adostu dabe Uxue Alberdi, Igor Estankona eta Xabier Etxeberria epaimahaikideek.
Mikel Ayllon izan da aurtengo Igartza Sariaren irabazlea. Hamasei urte beteten ditu Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpreseak, idazle gazteak laguntzeko antolatzen daben beka honek; deialdi honetan hogeita bost proiektu aurkeztu dira, eta Ez tiro egin anbulantziei izeneko eleberri proiektua irabazletzat jotea adostu dabe Uxue Alberdi, Igor Estankona eta Xabier Etxeberria epaimahaikideek.
Sariak 6.000 euroko laguntzinoa eta lana argitaratzeko konpromisoa dakarz, eta irabazlea Mikel Ayllon izan da, Laudion 1980an jaioa. Kazetari-lanetan ibili izan da, Hala Bedi irratian eta Gara-ren gazte gehigarrian, besteak beste. Aurretik liburu bat dauka argitaratua, Gerezi gorrien garaia, Euskal Herriko gazte mobimentuari buruzko saiakera, Paul Asensiogaz batera idatzia. Oraingoan, barriz, nobela bat egiteko asmoa dauka, teknikaz ausarta, denpora kronologikoa irauli eta atzekoz aurrera kontetan dauelako istorioa, kartzela, misterioa eta maitasuna nahasten dituana. Ondo bidean 2014 urte hasieran kaleratuko da liburua.
Igartza Sariaren aurreko irabazleak:
- Lehen urtean: Julen Gabiria: Connemara gure bihotzetan.
- Bigarren urtean: Xabier Etxeberria: Egun denak ez dira berdin, Jasone Osoro: Korapiloak (akzesita).
- Hirugarren urtean: Fernando Morillo: Ortzadarra sutan.
- Laugarren urtean: Unai Elorriaga: Van’t Hoffen ilea.
- Bosgarren urtean: Julen Gabiria: Han goitik itsasoa ikusten da.
- Seigarren urtean: Asel Luzarraga: Karonte.
- Zazpigarren urtean: Karmele Jaio: Amaren eskuak; Peru Magdalena: Lile (akzesita).
- Zortzigarren urtean: Uxue Alberdi: Aulki bat elurretan.
- Bederatzigarren urtean: Jon Martin: Ero.
- Hamargarren urtean: Katixa Agirre: Habitat; Irati Jimenez: Nora ez dakizun hori (akzesita).
- Hamaikagarren urtean: Eider Rodriguez: Katu jendea.
- Hamabigarren urtean: Uxue Apaolaza: Mea Culpa.
- Hamahirugarren urtean: Garazi Kamio: Beste norbaiten zapatak.
- Hamalaugarren urtean: Goiatz Lanbandibar: Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak.
- Hamabosgarren urtean: Danele Sarriugarte (Argitaratzeko).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!