Gurasoei zuzendutako kanpainea abiarazo dabe euskaltegien sareak eta hezkuntza eragileek
2013-09-11 18:36 Euskerea berbagaiEuskaltegi publiko zein pribatuek eta hezkuntza arloko eragileek Transmisioa gure esku. Gurasoei begira izeneko kanpainea jarri dabe martxan, gehienbat familiei begira, eta euskerearen transmisinoa bermatzeko helburuagaz. Ekimen honen bidez, euskaltegiek dei egin deutse gurasoei euskaltegietara hurreratu eta euskerea ikasi deien.
Euskaltegi publiko zein pribatuek eta hezkuntza arloko eragileek Transmisioa gure esku. Gurasoei begira izeneko kanpainea jarri dabe martxan, gehienbat familiei begira, eta euskerearen transmisinoa bermatzeko helburuagaz. Ekimen honen bidez, euskaltegiek dei egin deutse gurasoei euskaltegietara hurreratu eta euskerea ikasi deien.
Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan emondako prentsaurrekoan, euskaltegi publiko zein pribatuetako eta hezkuntza munduko eragileen ordezkariak (EHIGE, Ikastolen Elkartea, Kristau Eskola eta Erkide Irakaskuntza), Arantza Aurrekoetxea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailbururdea eta Joseba Erkizia HABEko zuzendaria be batu dira ekitaldian.
Modu honetan, Kristau Eskolako Mikel Ormazabalek azaldu dauenez, kanpaina barriaren bidez, euskerea eguneroko hizkuntza eta komunikazinorako ohikoa izatea, neurri handi batean gurasoen esku dagoala azpimarratu nahi dabe.
Azken 30 urteotan eskola eta euskaltegietatik 300.000 euskaldun inguru irabazi dirala aitatu dau, baina bide horretan uste oker bat izan dala ohartarazo dau, hau da, seme-alabak euskerazko ereduetan matrikuleteagaz denpora laburrean normalizazinoa lortuko genduala eta euskeraz biziko zirala, belaunaldi barriak euskerea ikasita berez hasiko zirala normaltasunez euskerea erabilten; zati batean emon dala egia bada be, argi ikusten da gaur egun bilakaera hori eten egin dala, erabileran emoten zan irabazia geratu egin dala, azaldu dau.
Beraz, Ikastolen ordezkari Koldo Tellituk adierazo dau ikastea, ezagutzea, erabiltea parametroa ez dala automatikoa, beste faktore asko baitago bide horretan, tartean transmisinoarena eta hizkuntzen transmisinoa bide desbardinetatik egin daiteke azaldu dau. Alde batetik, dakienak ingurukoei eta seme-alabei euskeraz berba egitea dago; bide honek oraintsura arte oso ondo funtzionau dauela esan dau, baina gaur egun familia askotan ez dagoala transmisinorik, hizkuntza gaitasunean zailtasun asko dagoalako.
Beste alde batetik, hizkuntzearen transmisinoaren beste bide bat ez dakienak seme-alabak euskeraz hezteko ereduetara eta euskerea lantzeko aisialdi guneetara eroatea da. Honetan bide handia egin da, baina horregaz eta horretan geratzeko joera okerra be emon da, ardurea eskoletan itxita, eurek lortuko ebelakoan, gaineratu dau.
Azkenik, EHIGEko Lurdes Imazen berbetan, euskerarenganako loturea da transmisinoaren beste bide bat, euskerea gure parte dala eta ikastea zein erabiltea danontzat onuragarria izango dala zabalduz. Gizarte osoak hartu behar dau parte eta eredu izan behar dogu danok. Gurasoon ardurea hiru arlo horreetan eragitea da, eta hiru modu horreetan eragiteko gai izateko gurasook prestauta egon behar dogu, nabarmendu dau.
36.000 ikasle heldu
Joseba Erkizia HABEko zuzendariak adierazo dau helduen euskalduntzeak eta hezkuntzeak 100.000 hiztun barri ekarri deutsozala euskerearen ezagutzari azken 25-30 urteetan, urtero 35.000-40.000 heldu inguru sartzen baitira euskaltegien sarera euskerea ikasten. Zehatz esateko, 2012-2013 ikasturtean, 36.000 heldu izan dira euskaltegietan ikasten ibili diranak, eta horreetatik ia erdiak (% 45 inguru), lehen mailan ikasi dabe, hau da, oso oinarrizko mailan edo hutsetik abiatuta.
Erkiziak gogoratu dau euskaltegietan gurasoei zuzendutako ikastaroak izaten dirala, eta 2012-2013 ikasturtean 1.470 ikasle ibili zirala horreetan ikasten. Beraz, azken bost urteetako bilakaerea ikusita, 1.200-1.500 tartean ibilten dira gurasoen talde berezietan ikasten.
Hori guztia dala eta, Joseba Erkiziak azpimarratu dau HABEk eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak oso begi onez ikusten dabela euskaltegien sareak izan dauen ekimena.
Hirutik bi, D ereduan
Arantza Aurrekoetxea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordeak gogoratu dau euskal eskola publikoan euskerea eta gaztelania ikasten dirala eta hiru ikasletik bik euskeraz ikasten dabela, gehienbat D ereduan. Aurrekoetxeak autortu dau familiaren eragina euskerea ikasteko ukaezina dala. Holan, Lehen Hezkuntzako laugarren mailako ikasleen heren batek eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) bigarren mailako ikasleen % 35 inguruk euskerea dabe etxeko edo familiako hizkuntza, hau da, euskerea bakarrik edo gaztelaniagaz batera erabilten dabe. Hau da, hirutik batek dauka etxean euskerea erabilteko aukerea. Halan dabe, ikasleek eskolan erabilten dabe gehien euskerea. Baina ikasleak taldean bizi dira, eta ikaslea bera bakarrik ez da kapaz taldeko hizkuntza ohitura eta erabilereari bueltea emoteko, ez umetan, ez gaztetxutan, ezta gaztaroan be. Nagusien eta helduen laguntzinoa behar dabe, eta beraz, guztiz bat gatoz lelo honegaz, -transmisinoa gure esku dago-, azaldu dau.
Amaitzeko, Aurrekoetxeak azaldu dauenez, ikasleen heren horren familiakana zuzentzen gara alde batetik, dakiten edo ikasi daben euskerea etxeko hartu-emonetan erabili deien, seme-alabakaz eta seme-alaben aurrean, eta bestetik, ikasleen bi heren horreen familiakana be jo nahi dogu, euskaltegietara joan eta euskerea ikasteari ekin deiotsen, eurentzako berenberegi prestautako irakaskuntzea topauko dabelako euskaltegietan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!