Ibai Osinaga: Taldearen sorreran Iker eta biok 12 urte baino ez geunkazan

Koldo Isusi Zuazo 2013-09-09 12:33   Barriketan
Altxatu taldekoa

Altxatu Irunberriko talde gazteak Gor diskoetxeagaz kaleratu ditu lehenengo diskoa eta bideoklipa. Taldekideak hiru dira: Ibai Osinaga: 15 urtekoa, gitarristea eta abeslaria; Iker Ariz, 15 urtekoa, bateria; eta Julen Abaurrea, 13 urteko baxujolea eta abeslaria. Irunberrin (Nafarroa) bizi dira eta orain hiru bat urte emon eutsien hasierea taldeari.

Honezkero lehenengo diskoa eta bideoklipa aurkezten dabilz zuzenean eta seguru aurrerantzean zeresana emongo dauen taldea dala Altxatu. Hona hemen Ibai Osinagak kontau deuskuzanak:


1.- 13 eta 15 urte bitartekoak zarie hiru taldekideak. Noiz erabagi zenduen Altxatu taldea abiarazotea? Ikasketak zelan daroazuez?

Taldea orain hiru bat urte abiarazo genduan. Gure auzoko jaietan joteko Iker bateria eta biok abesti bi joteko geratu ginan eta Ikerren ama hasi zan abesten. Aurrerago Juleni baxua oparitu eutsien eta berehala esan geuntsan taldean sartzeko. Holan hasi ginan hirukote moduan. Sorrerako momentu horretan, Iker eta biok 12 urte baino ez geunkazan eta Julenek 10 urte.

Oraingoz ikasketak ondo daroaguz baina gurasoek esan deuskue nota onak atara behar doguzala bestela taldea bertan behera itxi beharko geunkela. Baina ez daukagu mehatxu horren bildurrik.


2.- Musika freskoa, melodia onak darabilzuez baina ze musika entzuten dozue, zeintzuk dira zuon ereduak? The Clash edota Hertzainaken lehenengo diskoetako zipristinak aitatzen ditu diskoetxeak...

Bai. Hertzainak eta The Clash asko entzun dogu, baita Ramones, Sex Pistols, Kortatu eta euskal panoramako beste batzuk be. Itoizen antza daukagula be esan deuskue baina, akaso, Hertzainak eta The Clashen estilo horregaz identifiketan gara, horrexek dira gure erreferentzia nagusiak.


3.- Zangozako merindadeko 1.400 biztanle inguruko Irunberri herrikoak eta euskaldunak zarie. Badakigu 1980tik Arangoiti ikastolea martxan dagoala herrian; hor ibilitakoak edo hor zabizie ikasten?

Ez. Iker eta biok Iruñekoak gara eta Julen, barriz, Irunberrikoa. Julen da Arangoiti ikastolan ibili dan bakarra baina orain Zangozan dabil ikasten.

Egia da gurea eremu ez euskalduna dala baina gu beti gagoz Irunberrin, ensaioak Irunberrin, nire etxean egiten doguz eta abestiak sortzeko prozesuan euskeraz lantzen doguz, normaltasunez egiten dogu hori.


4.- Gaztelaniaz No dejes de luchar kantua be badaukazue. Euskeraz zein gaztelaniaz kantetako asmoa daukazue?

Bietara. Gure asmoa da kantu gehienak euskeraz lantzea baina zeozer gaztelaniaz ateratzen bada, aurrera, ezelako konplexu edo lotsa barik. No dejes de luchar kantua emakumeen omenez egin genduan.


5.- Kantuekaz jarraituz, Galdezka ari zara The Specials taldearen You're wondering now abestiaren bersinoa, Irunberri-Lumbier herriko abestiaren bersinoa eta Joe Strummerren testuaren gaineko The future is unwritten kantuak be aitagarriak dira...

Bai. Segurutik Galdezka ari zara kantua da gure lehenengo kantua eta, alde horretatik, berezia da guretzako. Lehen gure ereduei buruz ibili garenean, ez deutsut esan baina The Specials taldea be gure faboritoetako bat da, ska eta reggae estiloak be gustetan jakuz, ska gitxiago baina bueno...

Irunberri-Lumbier, Irunberriko kantu ezaguna da, han beti kantetan dana, habanera bat da izatez, berbak gaztelaniaz dituana; Josetxo Goiak, barriz, berbak euskeratu eta guk bersinoa egitea erabagi genduan herriari omenaldia egiteko.

Aitatu dozun hirugarren hori be berezia da guretzako; lehen be esan deutsut The Clash guretzako erreferentzia nagusia da eta letrarik ez jakunez ateraten, poesia bat aukeratu, kasu honetan Joe Strummerrena hartu eta geure erara moldatu genduan.


6.- Lehenengo diskoa eta lehenengo bideoklipa (Musika zainetan) batera plazaratu dozuez. Indartsu hasi zarie. Zelakoak izan dira hartu-emonak Gor diskoetxeagaz?

Vendettako Javier Etxeberriaren etxean egin genduzan grabazinoak eta diskoa gure kontu argitaratu genduan kontzertuetan eta saldu ahal izateko baina aurrerago Gor diskoetxeko arduradunek diskoa entzun eta asko gustau jaken. Beraz, dana ondo eurekaz.

Bideoarena be esperientzia polita izan da; Aitor Remónen eskutik egin dogu eta oso ondo pasau genduan grabazino egunetan. Emoitzeagaz oso pozik gagoz eta honezkero makinatxu bat entzunaldi izan ditu You Tuben.


7.- Zuzenean be emon dozuez kontzertu batzuk. Hain talde gaztearen aurrean, jenteak zelan erantzuten dau? Gogoratzen dozu lehenengo kontzertua?

Bai, jenteak ondo erantzuten dau. Eszenatokira igoten ikusten gaituenean, zur eta lur geratzen dira oso gazteak garela konturatzen diranean baina joten hasi eta oso ondo hartzen gaitue. Beste kasu batzuetan, kontzerturen bat berbatzeko edo bateren bategaz telefonoz berba egin eta hitzorduan agertu garenean be, ezuste galanta hartzen dabe aurrez aurre ikusten garenean.

Lehenengo kontzertuari jagokonez, orain hiru bat urte edo izan zan. Julen Irunberrikoa da baina bere ama Tabar herrikoa da eta hantxe emon genduan lehenengo kontzertua 30 bat lagun eta senitartekoen artean. Jaiak ziran eta Julenen etxean emon genduan 6 kantuz osotutako kontzertua. Hortik aurrera hasi jakuzan inguruko beste herri batzuetatik deika kontzertuak berbatzeko.


8.- Ordu asko emongo dozuez ensaioetan...

Ez horrenbeste. Iker eta biok Iruñean bizi garenez, aste barruan ez gara alkartzen; astegoienetan batzen gara Irunberrin Julenegaz eta hor asteko saio bakarra egiten dogu hirurok batera. Gero, bakarka be joten dogu, bakotxak bere etxean. Kontua da ze, oso gustora gabilzala eta, beraz, ez dogu betebehar moduan hartzen taldearen jardunbidea.


9.- Ze kontzertu daukazue hemetik aurrera?

Hilebeteko etenaren ostean, aurreko astegoienean Otsagabian izan ginan Joxe Replaygaz batera eta irailaren 13an, barriz, Zangozako jaietan joko dogu Zartako-k taldeagaz batera.


10.- Taldearen izena: Altxatu zelan erabagi zenduen?

Egia esan, ez dakigu nondik nora agertu zan, nire aitak esaten dau berak asmau ebala baina kontua ez dago bape argi. Izen bat baino gehiago erabili genduzan azkenean baina Altxatu horrek indarra eukanez, horixe hartu genduan.


11.- Aurrera begira, ze asmo daukazue?

Oso gustora gabilz eta kantuak sortzen eta kontzertuak emoten jarraitu gura dogu. Kantu barriak egiten be hasita gagoz eta ilusino eta indar handiagaz gabilz beharrean.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu