Sestaon eta Bilbon titiriteroen artea bizirik dagoala aldarrikatuko dabe asteburuan, Txotxongilo Egunean
2013-09-03 15:09 KultureaAurtengo Txotxongilo Eguna antolatzea gatxa izan da, alde ekonomikoari erreparauta batez be, baina Enkarni Genuak esan dauenez, gure artea bizi-bizirik dagoala aldarrikatu nahi dogu, gaur eguneko ia ume guztiek txotxongiloak ezagutzen ditue, disfrutau egiten dabe gure ikuskizunetan, hori ezin da galtzen itxi.
Zapatuan Sestaon eta, domekan, Bilbon egingo da aurtengo ekitaldia. Euskal Herri osoko artistak alkartuko dira eta ume zein helduentzako jarduerak iragarri ditue. Krisi ekonomikoaren erruz, dirulaguntza barik eta egoera ekonomiko larrian itxi dabe sektorea, baina, Txotxongilo Eguna bertan behera ixteko arriskua egon dan arren, aurrera egitea erabagi dabe antolatzaileek, titiriteroek gizartean daukien lekua aldarrikatu eta publikoagazko kontaktua ez galtzeko.
Txotxongilo Eguna 2001ean hasi zan antolatzen Unima alkartea. Mundu osoko titiriteroak batzen dituan erakundea da Unima, txotxongiloen artea garatzen laguntzen dauen jentez osotua. Euren artearen zabalkundea eta formakuntzea ditue helburu. Unimaren Euskal Herriko adarrak urtero antolatzen izan dau Txotxongilo Eguna, azkeneko urteetan Sestaon, hango Udalaren eta Jaurlaritzearen babesari esker. Aurten, baina, laguntza publiko guztia galdu dabe eta ahalegin ekonomiko nabarmena egin behar izan dabe ekimena antolatzeko. Hori bai, egun bakarra izan beharrean, Txotxongilo Eguna asteburu osokoa izango da, irailaren 7an eta 8an. Enkarni Genua antolatzailearen esanetan, titiriteroek familia bat osotzen dogu eta urtean behin danok alkartu nahi izaten dogu. Alkarren barri izateko erabilten dabe hitzordua, batzuetan gatxa da urtean zehar besteak zertan dabilzan jakitea eta Txotxongilo Eguna aproposa da beste artisten lana eta kezkak ezagutzeko.
Laguntza ekonomiko barik geratu dira eta, hori gitxi balitz, titiriteroek, ganerako arte eszenikoetakoen moduan, % 21 pagau behar dabe orain zergatan, lehenengo % 8aren aldean. Badakigu oinarrizko beharrizan asko betetea dala lehentasuna krisi sasoi latz honetan adierazo dau Genuak, baina kulturarako beharra ezin da ahaztu, gizartearen eta personearen osasunean ezinbestekoa da kultur eskaintzea, espiritua be elikatu behar da. Horregaitik, zailtasunak zailtasun, Txotxongilo Eguna antolatzeko asmo sendoari eutsi deutsie, gure lana erakusteko ezinbestekoa da, hemen gagozala erakusteko.
Irailaren 7an, zapatuan, Sestaon izango da Txotxongilo Egunaren lehenengo jardunaldia, San Pedro plazan. Eguerdiko 12:00etan, Ondarroatik joango da Corrado Masacci, txotxongilo erakustaldia egiten. 12:30ean, Baionako Azika taldearen eskutik eta, 13:00ean, Bihar taldeagaz, saio gehiago egongo dira. Ganera, Sortzen taldekoak umeei arpegiak margozten ibiliko dira goiz osoan. Eguna amaitzeko, kultur arloko errekorte ekonomikoen kontrako protestaldia egingo dabe. Egun osoan, galtzen ez diran jatekoak batzen be ibiliko dira, Elikagaien Bankuari emoteko.
Biharamunean, hilak 8, domekea, Bilbon alkartuko dira barriro, Pelota kaleko Luz Gas tabernan. El Tenderete, Santi Ortega, Bihar eta Irrintzik emonaldiak eskainiko ditue. Era berean, goiz osoan umeentzako tailerrak izango dira eta Pelota kalean gora eta behera kalejirak egingo ditue txotxongiloakaz. Artista konbidatu asko egongo dirala iragarri dabe. Iluntzeko 20:00retan, jaitxua egingo dabe artistek. Irail osoan, Luz Gas tabernan bertan, Nati Cuevasen argazki erakusketea izango dabe ikusgai. Euskal Herriko txotxongilo, artista eta ikuskizunen irudiak hartu ditu Cuevasek eta formatu handiko argazkietan erakusten ditu aitatutako tabernan.
Umeentzat ez eze, helduentzako jarduerak dira txotxongiloak, Santiago Ortega antolatzaile eta artisteak azpimarratu dauenez: holako hitzorduak primerakoak dira alkarregaz egon eta alkarrengandik ikasteko. Enkarni Genuak dino, txotxongiloek, arte guztien moduan, ez daukie edaderik, ume zein helduentzako aproposak izan daitekez. Aurtengo Txotxongilo Eguna antolatzea gatxa izan da, alde ekonomikoari erreparauta batez be, baina Genuak esan dauenez, gure artea bizi-bizirik dagoala aldarrikatu nahi dogu, gaur eguneko ia ume guztiek txotxongiloak ezagutzen ditue, disfrutau egiten dabe gure ikuskizunetan, hori ezin da galtzen itxi.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!