Hiru euskal konpainia egongo dira Tarregako kale-antzerki jaialdian
2013-09-02 15:30 KultureaKale-antzerkiaren hitzordu garrantzitsuenetako bat da Kataluniako Tarrega herrian egiten dana, aurten irailaren 5etik 8ra. Hortzmuga Teatro, Ertza taldea eta Cielo Raso konpainia izango dira Euskal Herriaren ordezkariak.
Eusko Jaurlaritzeak sustatuta, bertoko arte eszenikoak nazinoarteko merkaduetara zabaltzeko asmoz eratu dabe Euskal Teatroa saila. Izan be, kale-antzerkiaren hitzordu garrantzitsuenetako bat da Kataluniako Tarrega herrian egiten dana, aurten irailaren 5etik 8ra.
Hortzmuga Teatro, Ertza taldea eta Cielo Raso konpainia izango dira Euskal Herriaren ordezkariak FiraTarregan. Eusko Jaurlaritzako kultur sustapeneko zuzendari Clara Monteroren arabera, arte eszenikoei plataforma estrategikoak eskaini nahi deutseguz, nazinoarteko antzerkigileakaz hartu-emonak izan deiezan eta euren lana publiko ahalik eta zabalenera heldu daiten. Euskal Teatroa ekimenak dagoeneko 18 urte daroaz Tarregako jaialdiagaz alkarlanean eta aurten hiru ikuskizun eroango ditue hara, danak euskal konpainia ezagunen goi mailako produkzinoak. Arte eszenikoak, eta bereziki kale antzerkia, babestu nahi doguz, baina dirulaguntzetatik harago doan plangintza bategaz, ganeratu dau Monterok.
Hortzmuga Teatrok Ni han izan nintzen eta ez zuten nik ikusitakoa kontatu ikuskizuna taularatuko dau Tarregan, hilaren 6 eta 7an. Izkiñe Soto konpainiako kidearen esanetan, boterearen eta komunikabideen ganeko gogoetea da, ikusle heldu eta kritikoari zuzendua. Igaz be Tarregan egon ziran, baina eskaini beharreko ikuskizun nagusia bertan behera itxi behar izan eben, euriagaitik, eta beraz, gogotsu dagoz hara bueltau eta, oraingoan bai, euren lanaren barri emoteko. Gure konpainia nazinoartean ezagun egiteko helburua dogu eta Tarregak aukera ederra emoten deusku horretarako, dino Sotok.
Cielo Raso konpainiak daroan Carnaval ikuskizuna, hilaren 6, 7 eta 8an eskainiko dabena, alaia eta erritmo bizikoa da, baina bizitzearen eta errealidadearen inguruko gogoeta sakona dauka atzetik, Cielo Rasoko Gabriel Hernandesek nabarmendu dauenez. Brasilgo aratusteak dira ikuskizun koloretsu honen oinarria eta abiapuntua, inauterien inguruan eregitako pieza da, baina gizakiaren mugak aztertzen doguz. Espektakuluaren estreinaldia Tarregan bertan egingo dabe eta pozarren dagoz horren jaialdi garrantzitsuan egingo dabelako lehenengo emonaldia.
Tarregan egongo dan hirugarren euskal konpainia Ertza da, irailaren 7 eta 8an, 4x4 ikuskizuna eskainiko dauena. Jantzeagaz lotutako proposamena da, baina Ertzaren orain arteko ibilbidetik aldentzen da zeozelan. Izan be, jantza klasiko eta tradizionalak albo batera itxi eta, oraingo honetan, hip-hopeko jantzari bi eta break-danceko beste bi jarri ditue eszenatokian. Emozinoz betetako espektakulua da, azaldu dau Hertzako Asier Zabaletak, holako apustua egiteko gogoz egon gara, ohiko bidetik apur bat urruntzeko. Lau jantzarien mobimentu ikusgarriak dira ikuskizunaren funtsa, mezu sakonetan sartu barik, Zabaletaren esanetan. Leioako jaialdian estreinau eben, arrakasta handiz.
Hiru euskal konpainiak, baina, ez dira bakarrik egongo Tarregan. Irailaren 5etik 8ra, 70 ikuskizunetik gora emongo ditue, gehienak doban. 50 ekintza dagoz programa ofizialean eta, arte eszenikoen enpresei bideratutako sailean, beste 20tik gora proposamen egongo dira, azaldu dau Pau Llacuna jaialdiko arduradunak. Urteko egun guztietan, kale antzerkiaren erreferentzia izan nahi dogu eta, horregaitik, programa bereziak martxan ipinten gabilz; euskal konpainiak programa horreetako bati esker ekarten doguz urtero, aitatu dau Llacunak. Tarregan, lau egunez, kaleko antzerkia izango da, beraz, protagonista, bertaratzen diran ikusle eta profesionalen gozamenerako. Dana dala, ekintza osogarriak egongo dira, esate baterako areto barruko antzezlanak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!