Joseba Fiestras: 'Ikus-entzunezkoen sektorea inoiz baino indartsuago dago'

Koldo Isusi Zuazo 2013-09-02 12:01   Barriketan
Festvaleko zuzendaria

Festval, Gasteizko V. Telebista Jaialdia irailaren 2tik 7ra bitartean izango da aurten eta urtero legez estreinaldiak, topaketak, bakarrizketa komikoak, profesionalentzako jarduerak eta zuzeneko programak izango dira. Telebistako formato guztiak jorratzen dituan jaialdia da: lehiaketak, informatiboak, magazinak, serieak, umeentzako programak zein kultura arlokoak eta bestelakoak.

EiTB anfitrioiaz gan, Antena 3, Canal Plus, Cuatro, laSexta, Telecinco eta TVE generalistak eta Syfy Chanel, Canal Cocina, Calle 13 eta Discovery Max lako kate tematikoek parte hartuko dabe aurten be. Antolatzaileek 13.000 ikus-entzule baino gehiago espero ditue.


1.- Astelehenetik zapatura makinatxu bat estreinaldi ikusteko aukerea dago Festvalen. Zeintzuk?

Bai. Astelehenera aurreratu dogu jaialdiaren edegierea estreinaldi gehiago sartu ahal izateko. Beraz, astelehenean bertan, Isabelen bigarren denporaldiko lehenengo kapitulua eskainiko dogu; hortik aurrera, Discovery Maxen produkzino propioa dan El mago Pop dogu; Cuatroren Dreamland musikala lehenengoz ezagutzeko aukerea be emongo dogu; eguaztenean, Aguila Roja eta Galerias Velvet; Canal Plusen España en serie; Aidaren 200. kapitulua be ezin ahaztu, serieko ekipo guztia bertan izango dalarik; barikuan, barriz, EiTBren Tu edificio favorito estreinauko dogu eta gau partean, Antena 3 katearen El tiempo entre costuras.

Horrezaz gan, Festvalen lehenengoz parte hartuko dauen Cosmopolitan katearen We love Tamara, Tamara Falcó protagonista dauen personality showa nabarmendu gura neuke; irailaren 4an eskainiko dogu irudi onenen aukeraketa bategaz egindako aurrerapena eta telebistan irailaren 12an estreinauko da.


2.- Hasierako Festvaletan irratia eta telebista buztarturik agiri baziran be, igaztik aurrera telebistaren munduan oinarritzen zarie. Zergaitik?

Jaialdia abiarazoteko lehenengo pausuetan, telebista baino ez geunkan buruan baina irratian lan egiten dodanez eta irratian oinarritutako jaialdirik ez egoala ikusirik, alde erromantikoari eutsiz, neuk hartu neban erabagia. Halan da be, geroago konturatu ginan telebistaren munduak zeozelan jan egiten ebala irratia, bigarren eta hirugarren mailan geratzen zala eta hirugarren edizinotik aurrera telebista arloari eustea pentsau genduan. Halan da be, ez daiala inork pentsau irratiari bere magia eta balio handia autortzen ez deutsagunik.


3.- Bertoko artista eta profesionalak bultzatzeko asmoari eutsiz, aurtengo kartela Kind Visuals produktora gazteiztarrak egin dau eta Maite Ruiz de Austri arabarrak Tecula Mecula umeentzako programea aurkeztuko dau, Houstoneko Worldfest jaialdian saritua izan ostean...

Bai. Beti izan da gure asmoa bertoko, etxeko jenteagaz behar egitea eta talentua sustatu eta saritzea. Tecula Mecula programea Extremadurako Kanalak emoten dau eta sortzailea arabarra da Maite Ruiz de Austri. Esan dozunez, aurtengo Festvaleko kartela Kind Visuals produktora gazteiztarrak egin dau eta oso pozik gagoz; lehenengo zirriborroak ikusi nituanean, asko gustau jatazan eta aurrera egin genduan.

Horrezaz gan, Koko Rico artista arabarrak egiten deuskuz Joan Ramon Mainat sarietarako eskultura preziatuak; jaialdiko hornitzaile gehienak be arabarrak dira eta, berbarako, inaugurazino galako jantzariak be gazteiztarrak dira. Hemengo jentearen alde egitea hasierako asmoa da eta horri eusten deutsagu.


4.- FesTValek Instagramen kontua zabaldu dau aurten. Teknologia barrietan beste pausu bat?

Bai. Teknologia barriakaz eta sare sozialakaz oso aktibo gabilz eta Facebook, Twitter eta Festvaleko webguneagaz batera, aurten Instagram plataforman be kontua zabaltzea erabagi dogu jaialdian eta jaialdiaren inguruan sortzen diran argazki bilduma potoloak eskaini ahal izateko gure jarraitzaileei.


5.- Profesionalentzako jardueren artean, Attentionalek estadu espainiarrean lehenengoz La Ciencia del Entretenimiento aurkeztuko dau. Zer da hau?

AEBetan eta Inglaterran lanean dabilen enpresea da Attentional. Geugaz hartu-emonetan jarri eta Espainia mailan aurkezpena egin gura ebela esan euskuen. Entretenimenduaren Zientzia ikerketa lan bat da erispide zientifikoetan oinarrituz programa pilotuen erantzuna neurtzeko. Orain arte telebistako programa edota serie desbardinen pilotuak, estreinau aurreko emonaldiak, publikoari eskaintzen jakozan euren erreakzinoa ikusteko; baina telebistaren sekretua non dagoan inork be ez daki eta metodo intuitiboa da hori. Gaiaren harian, Attentionalekoek metodo zientifikoa proposatzen dabe programa edota serien lehen kapituluak aztertzeko. Barrikuntza handia da eta gogo handia daukat euren azalpenak entzuteko.


6.- EIKEN, Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak Talent Day eskainiko dau irailaren 5ean, talentu gazteei zuzendutako eguna eta tartean Cuadrilla busca cita proiektuaren aurrerapena izango da. Zeintzuk dira aitatu proiektuaren zehaztasunak?

EIKENegaz kolaboretan urteak daroaguz eta asmoa argia da, hau da, sektoreko profesionalen eta talentu barrien arteko topaketea bultzatuz bihar-etziko proiektu eta negozioak sustatzea.

Gure jaialdian produktore ezagunak eta telebista kateetako arduradun eta zuzendari nagusiak izaten dira eta horreekaz ideia, intuizino eta talentu handiko lagunak hartu-emonetan jartea gauza handia dalakoan gagoz eta, esangura horretan, VI. EikenBank ekimenaren proiektu irabazlea da Leire Albinarrateren Cuadrilla busca cita; dating show bitxia da, giza-hartu-emonen kontzeptu unibersala euskal gizarteko elementu tradizionala dan koadrilea buztartzen dituana.

Azken buruan, VI. EikenBankeko proiektu finalistak erakutsi eta Oihan Vegak aurkeztuko dauen saribanaketa ekitaldia egingo da.


7.- Buenafuente, Arguiñano, Daniel Ecija, Informe semanal eta Telecincoko informatiboak dira aurtengo Mainat saridunak EITBk para Maribi Bilbaori eskainiko deutsonagaz batera. Zeintzuk dira sariak banatzeko erispideak?

Bai. Normalean saridunen ibilbidea da baloretan doguna eta aurtengo saridunen ibilbidea sano emonkorra dala begibistan dago. Egun gastronomia eta sukaldariak modan dagoz telebistan baina Argiñanok urteak daroaz mundu honetan, kate askotan ibili da, baita Argentinan be eta erraldoietako bat da.

Andreu Buenafuenteren talentua eta indarra sekulakoak dira eta Globomediako egungo buru Daniel Ecijaren kasua be antzekoa da, pantailatan agertzen ez dalako ezezagunagoa dan arren.

Informe Semanal programea be nork ez dau ezagutzen; eten barik 40 urtetik gora daroaz antenan eta hori historikoa da.

Pedro Piquerasen ibilbidea be ez da makala eta azken aldion, Telecincoko informatiboetako buru lan bikaina egiten dago.

Beste alde batetik, pasa dan apirilean hildako Maribi Bilbaori EiTBk egingo deutson autortza be hor dago eta lehen aitatu dogun bertoko jenteagazko hurrekotasun horren harian, Maribi Bilbaok ondo mereziduta jasoko dau errekonozimendua.


8.- Azken denporaldiko programa eta/edo profesionalen lana autortzeko Kritika sariak be badagoz baina askotxu diranez, bateren bat nabarmenduko zeunke?

Danak buruz ez dakidaz baina bateren batzuk azpimarratzearren, La Voz (Entretenimendua), Isabel (Fikzinoa), Pesadilla en la cocina, Masterchef eta Tu cara me suena, azken hau, umorea eta kalidade artistikoa buztartzeagaitik.


9.- Serie eta programen estreinaldiez gan, bestelako jarduera batzuk be antolatzen dozuez, gastronomia, tailerrak, kirola... Zelako eerantzuna izaten dabe?

Bai. Danetarik eskaintzen dogu. Gastronomia modan dago telebistan eta Festvalen be leku garrantzitsua izango dau, izan be, pintxo ibilbide bi izango dira, Mastercher juniorregaz ekitaldi bat izango da eta Arabako sukaldariakaz be zeozertxu preparau dogu... Horrezaz gan, magia be izango da Gasteizen; esan leike telebistan moda-modan jarriko dala magia eta ez bakarrik El mago Pop eta Por arte de magia estreinauko doguzalako; kontua da ze, jaialdiko egunetan mago bi izango doguzala inguruak alaitzen.

Kirolari be aparteko garrantzia emon gura izan deutsagu; Mediaseten eskutik, eguaztenean, saskibaloiko Euroligako lehenengo partidua eskainiko dogu zuzenean eta tartean 3x3 partiduak antolatu doguz eta kanastak be izango dira jenteak parte hartu daian. Barikuan, barriz, bizikletan egiteko ibilbide bat izango dogu Mediaseten kanpaineagaz, 12 meses 12 causas horregaz bat eginik.


10.- Aurtengo beste barrikuntza bat da umeentzako zikloa berreskuratu dozuela...

Umeak telebistako programen kontsumitzaile handiak dira eta aurten protagonismo berezia izango dabe umeentzako ekitaldiek. Goizero, txikitxuentzako programak izango dira ETBren eskutik eta Doraemon, Dragoi Bola eta Timmy Time ezagunen euskerazko kapituluak eskainiko doguz, Panda Kanalaren eskaintza be antolatu dogu eta Let's Claneko Pocoyó eta Peppa Pig be gurean izango dira.


11.- Telebistako kanalen ugalketeak eragindako audientziaren sakabanaketeak, internet eta sare sozialetan audientziak izan dauen igoereak eta telebistako publizidadean izan dan beherakadeak telebista munduaren etorkizun iluna iragarten ete dabe?

Aitatu dozun hori guztia ez dago ukatzerik eta kontraesana emon leiken arren, ikus-entzunezkoen sektorea inoiz baino indartsuago dagoala uste dot. Telebista kontzeptu zabala eta telebista aparatua bereiztuko neukez, ze oraintsura arte aitatu aparatu hori zan produkzino guztia zabaltzeko gailu bakarrenetakoa. Gaur egun, ostera, beste leiho eta modu batzuk dagoz zabalkunderako, interneterako berenberegi egindako serieak dagoz, interneteko telebistak eta abar eta horregaitik hasi da egoerea aldatzen, publizidadearen murrizketea, audientzien sakabanaketea... Kontua da, hori guztia bideratzen jakitea eta negozio iturria non dagoan inork baino azkarren asmetea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu