Jean Haritschelharren aldeko hiletea, eguaztenean, hilaren 4an izango da Baigorrin

Bizkaie! 2013-09-02 10:28   Euskerea berbagai

Jean Haritschelhar euskaltzain eta euskaltzainburu ohiaren aldeko hiletea, hilaren 4an, egingo da Baigorriko Saint-Etienne eleizan, arratsaldeko 16:00etan.

Atzo hil zan Jean Haritschelhar euskaltzain eta euskaltzainburu ohia, 90 urte zituala. Idazlea, euskaltzalea, euskaltzaina, hogeita lau urtez euskaltzainburuorde eta hamasei urtez euskaltzainburu izan zan. Haren bibliografia akademikoa oso zabala izanik, Pierre Topet Etxahun koblagileaz egindako doktore ikerketea azpimarratu behar da, dauen garrantziagaitik. Era berean, Euskaltzaindiatik eta unibersidadetik kanpo egindako lanak be gogoan izan behar dira, besteak beste, Herria aldizkariko kolaborazinoak, Bainonako Euskal Museoan ateratakoak edo euskerearen alde egindako beste zenbait.

Hil kaperea gaur, astelehenean, jarriko da, goizeko 9:00etatik aurrera Baionako Tanatorioan (Balte Karrika). Ordutegia: goizez (09:00-12:30) eta arratsaldez (14:00-19:00).

Hiletea, barriz, eguaztenean, hilaren 4an, egingo da Baigorriko eleizan, arratsaldeko 16:00etan.


Jean Haritschelhar

Jean Haritschelhar Duhalde Baigorrin jaio zan, 1923ko maiatzaren 13an. Lehen ikasketak bertako eskola publikoan egin zituan. Ondoren, Baionan, Mont de Marsanen eta Tolosan ikasi eban. Letretan doktore da Ecole Normale Superiore de Saint-Cloud eta Sorbonne-Parisen, tesiok aurkeztu zitualarik: Le poéte souletin Pierre Topet Etxahun ea L’oeuvre poétique de Pierre Topoet-Etxahun, 1969an. Madrilen eta Sevillan be ikasi eban. Gustavo Adolfo Becker costumbrista izeneko tesinea egin eban.

Arlo profesionalean, irakasle izan zan, 1952tik 1959ra Agen-eko lizeoan eta 1962tik 1986ra Bordeleko Unibersidadean, bertan gaztelania eta euskera eskolak emoten zituala. 1969an, Euskal Hizkuntza eta Literaturako katedradun izentau eben.

1962an, Baionako Euskal Museoko buru izentau eben (1988 urtera arte izan zan buru). Urte horretan be (1962ko garagarrilaren 27an) Euskaltzaindiak euskaltzain oso hautatu eban. 1963ko garagarrilaren 28an, Baigorrin, irakurri eban sarrera-hitzaldia. Rene Lafon-ek erantzun eutson.

1966tik 1988ra bitartean euskaltzainburuorde izan zan eta 1989an izentau eben euskaltzainburu, Luis Villasanteren lekuan. 2004ko abendura arte izan zan euskaltzainburu. Bere ordez, Andres Urrutia hautatu eben euskaltzainburu.

Euskaltzain emeritua zan, 2006ko garagarrilaren 20tik.

Euskaltzaindian barruan, Literatura Ikerketa batzordeburua be bazan, 2005etik.

1971tik 1980ra bitartean Baigorri bere herriaren alkate izan zan. 1988an, Euskal Herriko Unibersidadeak Honoris Causa Doktore izentau eban.

2008ko urtarrilaren 24an, Euskaltzaindiak ekitaldi berezia egin eban bere egoitza nagusian, Jean Haritschelhar omentzeko. Omenaldi haretan, Euskal Herriko hainbat erakundetako ordezkariak batu ziran Euskaltzaindiaren egoitzan. Gainera, omenaldiari hasierea emoteko, Jean Haritschelhar-i omenaldia izeneko liburua aurkeztu eben. Euskaltzainburu ohiaren omenez Euskaltzaindiak argitaratu eban liburu honetan Akademiaren 33 kidek -euskaltzain oso, ohorezko eta Literatura batzordekidek- hartu eben parte.

2010ko martiaren 23an, Honoris Causa Doktore izentau eban UNED-ek.

Besteak beste, Ikas, Euskaltzaleen Biltzarra, Societé de Linguistique de Paris eta Euskal Kultur Erakundearen partaide zan. Frantziako Hezkuntza Ministerioko Conseil des Universites erakundearen batzordekide be bazan. Pizkundea, Iparraldeko Kultur Federazinoaren buru.

Artikulu ugari idatzi eban bizitzan zehar hainbat aldizkaritan: Gure Herria, B. Du M.B, Revista de Etnografía, Euskera, Bulkletin hispanique, Enbata, Herria (honen zuzendariorde be izana zan) eta Estudios de Deusto, besteak beste. Pilota aldizkariaren sortzaile eta zuzendari be izan zan, bai eta Pilotarien Biltzarraren zuzendari be (Pilota Federazinoko kidea be izan zan, 1968tik 1996ra arte). Bulletin du Musée Basque izeneko aldizkaria zuzendu eban, bertan euskerea, euskal kulturea, historia eta arkeologia mailako oinarrizko argitalpenak ezagutarazo zituala.

Bestetik, Udako Euskal Unibersidadearen sortzaileetakoa geunkan Haritschelhar. Bertan, gainera, lau urtez izan zan irakasle.

Sariak, omenaldiak:

- Euskal Herriko Unibersidadeak Honoris Causa doktore izentau eban 1988an.
- Officier des Palmes académiques.
- Officier des Arts et Lettres - EIZIEko ohorezko kidea da 1996tik.
- 2004ko Manuel Lekuona saria -2004ko abenduan, Baionako Euskal Museoak omendu eban.
- 2005eko bagilean, Manuel Irujo saria -2006ko martiaren 1ean, Biarritzeko Ohorezko Dominea emon eutsien.
- 2006ko abenduaren 9an, Algortako Bertsolari Eskoleak Ahobe saria emon eutson (beste lau lagunekaz batera, doktore-tesia bertsolaritzearen gainean egin izanagaitik).
- 2008ko urtarrilean, Euskaltzaindiaren omenaldia.
- 2010ean, UNEDek Honoris Causa doktore izentau eban.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu