Mundua bere eskuetan

Testua Eta Argazkiak Dabi Piedra Robledo 2013-08-29 13:51

Munduko bolak edo globoak eskuz egiten ditu Peter Bellerby artisauak Londreseko tailer baten. Teknikak eta prozesuko pausu guztiak bere kabuz ikasi behar izan ditu, beste inork ez dauelako globorik eskuz egiten. Era industrialean landutakoakaz alderatuta, baina, bere globoek estetika ederragoa eta zehaztasun handiagoa daukiela dino.

Munduko bolak edo globoak eskuz egiten ditu Peter Bellerby artisauak Londreseko tailer baten. Teknikak eta prozesuko pausu guztiak bere kabuz ikasi behar izan ditu, beste inork ez dauelako globorik eskuz egiten. Era industrialean landutakoakaz alderatuta, baina, bere globoek estetika ederragoa eta zehaztasun handiagoa daukiela dino.

Londres iparraldean Bellerby&Co enpreseak daukan tailerra kanpotik ikusita, gatxa da imajinetan barruan neurri askotako harribitxi biribilak sortzen dirala, munduko eroslerik finenak asetzeko moduko piezak, geograforik zorrotzenak be onartuko leukiezanak ganera. Globorik sinpleenak egiteko, astebete inguru behar dabe Peter Bellerbyk eta haregaz behar egiten daben zazpi lagunek. Orain arte egin daben konplexuena sortzeko, urte bi eta erdi behar izan zituen.

Peter Bellerby kasualidadez sartu zan abentura honetan. Aitarentzat opari berezi bat nahi neban, benetan gustuko izango ebana, kontau deusku, munduko globo bat erostea otu jatan, baina erabat zehatza ez bazan, banekian ez ebala gustuko izango. Peterrek sorpresa galanta hartu eban, ikusi ebanean zorroztasunez produzidutako globorik ez zala saltzen, danek eukien akatsen bat, adibidez meridianoetako marrak ez etozen bat. Beraz, bere kabuz globo bi egiten hasi zan, bata aitarentzat, bestea berarentzat. Beste enkargu batzuk jasoten hasi nintzan eta, konturatu orduko, enpresea martxan jarri behar izan neban.

Gaur egun beste inork ez dauenez eskuz eta erabateko zehaztasunez globorik egiten, egin ahala ikasten joan da, hasierako 18 hileetan, globo gehiagok urten eusten txarto ondo baino, gogorra da teknikea ikastea. Globoak eskuz eregi eta marrazten diran arren, aurrerapen teknologikorik barrienak erabilten ditu tailerrean. Funtsean, baina, antxinako teknikak berreskuratu ditu. XVI. eta XVII. mendeetan globoak egiten bikain ikasi eben, baina gero dana ahaztuta geratu zan.

Kartografia aldetik, maparik aurreratuenak erabilten ditue. Izan be, zehaztasun erabatekoa lortu ezean, globoak ez dau balio. Lurrazaleko puntu bakotxa jagokon lekuan eta jagokon proportzinoan agertu behar da.

Munduko bola industrialakaz konparauta, Peter Bellerbyk dino aldea agirikoa dala, detaileak ez ditue jagoten geure moduan eta, ganera, koloreak uniformeegiak dira. Zehaztasunean be igarten da aldea eta bezeroagaz daukien tratuan be bai: gugana datorrenak badaki globo bakotxa bakarra dana eta badaki nork egin dauen, badaki persona bat dagoala atzean eta ez makina bat. Geografia ikasleak, arte zaleak, etxea apaintzeko detaile berezia nahi dabenak, enpresak eta abar, bezeroak danetarikoak dira. Inoz erakusketak egin ditue eta Hollywoodeko filmeren bateko dekorazinorako be eskatu izan deutsiez globoak. Mila euroan lortu geinke globo txiki bat, beraz ez dira pieza merkeak, baina gogoan izan behar da fintasunik goreneko artisau lanak dirala.

Bellerby&Co-n darabilen teknikea bakarra da, Industria Iraultzaren aurreko sasoietatik berreskuratutakoa. Halandaze, tailerrean sartzen diran behargin barriek bertan ikasten dabe dana, apurka-apurka, alkarri erakusten deutsagu eta alkarregaz ikasten dogu egunero, dino Peter Bellerbyk. Orain arte ez dabe ezelako publizidaderik egin eta, halandabe, bezero ugari etorten jakez, ahoz aho zabaldu dalako euren barri. Kontzentrazino eta trebetasun handia eskatzen dauen lan gogorra dan arren, gustura dabil Peter, bezeroak pozik ixten dituala nabari dauelako. Bezeroen erdiak gitxi gorabehera, esker oneko idazkiak bialtzen deuskuz globoa jaso eta gero, guk holakorik eskatu ez arren.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu