Santi Ugalde: 'Ikusle serioagoak gara gaur egun, lotsatiagoak, gehiago kostetan jaku parte hartzea'

Nagore Ferreira Zamalloa 2013-08-19 13:07   Barriketan
Aktorea

Bilboko Aste Nagusia urteroko hitzordua da Trapu Zaharra taldearentzat. Aurten Leioako Umore Azokan estreinautako La vida en B (euskerazko bersinoa, Gezurtiak) umorezko antzezlana aurkeztuko dabe Santi Ugalde eta Txubio Fernández de Jáuregui aktoreek. Eurek zarratuko dabe Arriaga plazako kale-antzerki egitaraua abuztuaren 25ean, 13:30ean.


1.- La vida en B lana antzeztuko dozue abuztuaren 25ean. Zegaz egingo dau topo jenteak Arriagako plazan?

Mendeko finantza-ekarpenak saldu zituan langile bat da protagonistea. Auzotik arineketan ospa egin behar izan eban, eta zortzi urteren ostean etxera bueltau da, dana ahaztuta egongo dalakoan... Baina, ez, auzokoek ondo akorduan daukie zer egin eban, eta han daukaz itxaroten. Hori da antzezlanaren abiapuntua.


2.- Horrek zortzi urteok terapia egiten emon ditu, antza danez...

Bai bere bizimodua berreskuratu gura dau, bere bizitzea berreregi. Horretarako egin ditu terapia berezi horreek. Terapia egin dauen enpresa horretako arduradunak eroan dau bere lehengo auzunera, eta auzokoekaz berba egiten ahalegintzen da, bitartekari lana egiten. Protagonisteak ez eban espero holako harrerarik auzunean, jenteak ahaztu ebalakoan egoan.


3.- Oraingoan be gaurkotasuneko gaia aukeratu dozue, mendeko finantza-ekarpenen inguruko gatazkea.

Bai, zoritxarrez gaurkotasuneko gaia da. Baina edozein iruzurgileren istorioa izan eikean, esaterako, txosnetako diruagaz ospa egin dauenarena edo. Kontua da auzokoak engainau dituala. Langile horri goitik, akaso oso goitik, informazino bat pasau deutsie, eta berak bezeroei eskaintzen deutse. Handik denpora batera jenteak ikusten dau dana dala guzurra. Agindua bankuko zuzendaritzatik etorri arren, leihatilan dagoan beharginak emon behar ditu azalpenak, berak egin behar deutso aurre egoereari. Langileak bizi dauen estutasun hori interesetan jaku, egoera gatx hori.


4.- Edozelan be, umorea ez da falta...

Hori da gure asmoa, umorez kontetea. Horrezaz aparte, jenteak parte hartzea nahi dogu, gure proposamenagaz olgetea. Jenteak barre egingo dau, hori espero dogu behintzat.


5.- Leioako Umore Azokan estrenau zenduen, ordutik hainbat saio egin dozuez. Zelan erantzuten dau jenteak?

Egundo ez da lehenengo emonaldian guztiz asmetan, apurka-apurka antzezlana moldatzen joaten gara, biribiltzen. Erritmoa hartu beharra egoten da, ez da gauza bera kalean edo aretoan egitea. Estreinaldian gauza batzuk ondo funzionetan dabe, eta beste batzuk ez; normalean buruan daukazun % 80 bete egiten da, eta ganerakoa eginez hobetzen da. Ganera, beti egoten da inprobisazinorako lekua.


6.- Eta zelangoak dira, ba, Bilboko ikusleak?

Publiko gogorra da, atera kontuak: saioa 13:30ean da, Arriaga Plazan, estalpe barik, eguzkipean, eta abuztuan! Kristoren beroa egiten dau. Baina jenteak ondo pasetan dau, barre egiten dau. Publiko fidela da. Plazea beti beteten da.


7.- Trapu Zaharra taldeak 30 urte daroaz kalean beharrean, asko aldatu ete da kalea? Edo kaleak aldatu zaitue?

Hasi ginanean apenas egoan oinezkoentzako kalerik herrietan. Herriko plazan egoten ginan, buruhandi eta erraldoiekaz batera, txosnakaz, eta gaueko emonaldia prestetan ebilen orkesteagaz. Uriko espazioa zabaldu egin da, eta errazagoa da programetea.

Ikusleei jagokenez, ikusle serioagoak gara gaur egun, lotsatiagoak gara, gehiago kostetan jaku parte hartzea. Lehen jenteari ez jakon ardura lelokeriak egitea, gure proposamenetan sartzea. Ez da beti holan, baina zeozer igarten da, bai.


8.- Herri txiki edo handiak, gurago?

Herri txikiak edo handiak, kostaldekoak edo barrualdekoak... Danetarik dago. Kostaldekoak edegiagoak dirala esaten da, baina barrualdeko hamaikatxu herritan barre asko egin dogu. Nik uste dot eragin handiagoa daukala jaietako lehenengo eguna edo azkenengoa izateak, umeen ordutegian egitea edo iluntzean... Egoera bakotxean asmetan jakin behar da, ikusleak harrapetan.

Lehen ia programau barik egiten genduan lan, ezustean hastea gustetan jakun. Gaur egun ia ezinezkoa da, jentea errezelotan dabil, akaso ezkutuko kamerek kalte egin deuskue, jenteak ez daki txantxa bat dan, benetan dan, danak berari barrezka dagozan... Batzutan igarten da mesfidantza hori, baina beste batzutan ez.


9.- Datorren denporaldirako proiektu barriren bat daukazue?

Lehenengo denporaldi hau amaitu behar dogu, urrian edo. Kantseta amaitzen dogu, beraz zemendian edo hasiko gara barriro buruari bueltak emoten. Hara eta hona genbilzala, furgonetan berba egindakoa ordenau egingo dogu, zer egin geinken ikusi, ikuskizun barriren bat egingo dogun...


10.- Udea ondo joan da, orduan?

Egoerea ez da erraza, danok dakigu zergaitik. Zirkuitua nabarmen txikitu da, Euskal Herrian ondo gabilz beharrean, baina kanpoan ez. Gure ikuskizunek urte bi irauten izan dabe, lehenengo urtean hemen, eta bigarrena kanpoan. Baina gaur egun estadu espainiarrean ez da ezer programetan, ez dago emonaldirik. Arinago sortzera behartzen gaitu horrek. Istorio guztiak guk geuk asmetan doguz, ez daukagu libretorik. Erritmo hori nekagarria da. Istorio desbardinak egiten ahalegintzen gara, eta ez da erraza 30 urteren ostean! Batzutan geure burua zentsuretan dogu, beste lanen baten antzeko gauza bat kontau dogulako, edo antzeko moduan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu