Iraia Iturregi: 'Pregoilari izatea titulu bat irabaztea beste da niretzat'
2013-08-12 11:16 BarriketanPozarren dago Iraia Iturregi, ohore handia da berarentzat Bilboko Aste Nagusiko pregoilaria izatea. Bederatzi egunean hara eta hona, ekitaldiz ekitaldi ibili beharko dauen arren, egunero entrenetako asmoa dauka Athleticeko jokalariak, izan be aurre-denporaldian bete-beterik atrapauko dabe jaiek.
Hamaikagarren denporaldia dau Athleticeko emakumeen taldean futbolari bilbotarrak, berau da 100 partidu jokatu dauen lehenengoa. Jaiak errespetuz gozetako eskatzen dau, eta krisiak krisi, bederatzi egunok ondo pasetako.
1.- Zeu izango zara aurtengo Bilboko Aste Nagusiko pregoilaria, Athleticeko emakumeen talde osoaren izenean. Zelan hartu zenduan albistea?
Ba, ez neban espero. Erabagia hartu baino lehen zeozer aurreratu euskuen Lezaman, aukerea egoala pregoilari izateko. Udaletxea eta Konparsak ebatzia hartu ebenean, eta baietz esan euskuenean, orduan bai ezuste handia hartu nebala. Londresen nengoen, oporretan. Dana dala, entrenatzaileagaz berba egin behar izan neban, aurre-denporaldian gagoz, eta bere baimena behar genduan. Entrenamenduak ezin izango dodaz behar dan moduan egin, eta guretzat aurre-denporaldia oso garrantzitsua da.
2.- Gustura, kargu barriagaz?
Bai, bai, niretzat ohore bat da, ohore handia. Edonork ez dauka Bilboko Aste Nagusiko pregoilari izateko aukerea. Errekonozimendu soziala benetan be garrantzitsua da guretzat.
3.- Ba, karguak behar asko ekarriko deutsu, ez dakit futbol-zelaian baino gehiago kantsauko zaren baina...
Ekitaldi piloa izango dira, egun osoan; ni ahaleginduko naz ahal danik eta ondoen egiten. Ia egunean ordutxu bi edo atera neikezan entrenetako, beste ordu guztiak Bilboko jaiei eskainiko deutsiet.
4.- Bilbotarra izanda, Aste Nagusia ondo ezagutuko dozu.
Ba, ez, askorik ez dot ezagutzen, umetan bizitakoa batez be. Asko gehiagorik ez. Futbol jokalariok ez daukagu Aste Nagusia ezagutzeko aukera askorik, abuztuan izaten da aurre-denporaldia, entrenamendu piloa eukiten doguz; kanpoan jokatzen egoten gara, edo hemen gogor entrenetan. Horregaitik, ilusio hadia egiten deust pregoilari izateak, gauza barria izango da niretzat Aste Nagusian egotea, dana izango da nobedadea.
Oporrak garagarrilean daukaguz, orduan balitz... Abuztua entrenamenduen lehenengo hilea da, hilabete gogorra. Egunen bat libre daukagunean, hain egoten gara kantseta... normalean ez garala jaietara joaten.
5.- Emakumeen Athletic futbol taldea pregoilari izentauz, emakume futbolarien lanari errekonozimendua egin gura izan deutso Bilboko Jai Batzordeak. Oraindino onespen faltea igarriko dozue, ezta?
Asko eskertu dogu Jai Batzordearen errekonozimendua, guretzat ez da inongo inuzentekeria Bilboko Aste Nagusiko pregoilari izatea. Titulu bat irabaztea besteko garrantzitsua da niretzat, benetan. Emakume kirolarientzat errekonozimendua oso-oso garrantzitsua da, azken baten gure etorkizuna horren mende dago.
Igaz Virginia Berasategi triatletea izan zan pregoilaria, emakume kirolaria, aurten emakume talde bat. Errekonozimendu hori benetan da garrantzitsua. Goizetan lanera edo ikasten joaten gara, arrastietan entrenetan; ordu piloa egiten doguz, baina ez gara profesionalak, diru apur bat irabazi arren ezin gara honetaz bizi. Jenteak gure ahalegina, gure lana ikustea, egunero egiten dogun esfortzu hori aintzat hartzea, hori itzela da.
6.- Emakume kirolarien egoerea hobetu da, asko aldatu da orain 11 denporaldi Athleticera ailegau zinanetik?
Asko aldatu da, azkenengo hamar urteotan-edo aldaketa handia egin da. Baina, hain txarto egon da emakumezkoen futbola, asko aldatu arren, ez dagoala ondo. Dana dala, gaur egun normala da neska batek futbolean jokatzea, etxean be gurasoek normal ikusten dabe, ez da trabarik ipinten. Ligearen egoerea be hobetu da, maila handiagoa dago. Egoerea nabarmen hobetu bada be, mutilekaz konparau ezkero... bueno, ez dauka konpareterik. Gitxienez, pausuak emoten gabilz, astiro izan arren, bagoaz aurrera. Holango errekonozimenduek lagundu egiten deuskue burrukan segiduteko.
7.- Zuentzako pregoilari izatea ez da ohorea bakarrik, hori baino gehiago da.
Niretzat aurre-denporaldian bederatzi egun galtzea entrenamenduetan ez da egokia, jaiak amaitu eta ligea hasten da eta. Kirol arloari begira, ez da aproposa ni pregoilari izatea, baina beste aldeari egin deutsagu kasu, alde sozialari, onespen sozialari. Komunikabideetan agertzea behar dogu, gure ganean berba egitea, han eta hemen egotea, jenteak nortzuk garen eta zer egiten dogun jakitea. Arlo sozialari emon deutsagu lehentasuna, kirolari barik.
8.- Hilaren 17an, zazpirak baino minutu gitxi batzuk lehenago 2013ko Bilboko Aste Nagusiko pregoia leidu beharko dozu, prest daukazu?
Prestetan nabil, ez dot amaitu, baina banabil. Ez da luzea izango, idea argi batzuk, labur. Garrantzitsuena ostean datorrena da, txupinaren osteko bederatzi eguneko Aste Nagusia. Jentea deseetan dago txupina bota eta jaiak hasteko, beraz ez dot txaparik botako.
9.- Artega zagoz? Han danak zeuri begira, zer esango...
Oraindino ez nago oso urduri, baina igarten dot eguna zenbat eta hurrago egon nerbio gehiago daukadazala. Hasi da jentea galdezka, prentsaurrekoa, alkarrizketak. Momentu berezia izango da, Arriagako balkoian, han behean hainbat jente...
10.- Pregoilari ohiek emon deutsue aholkuren bat?
Virginia eta Iribar ezagutzen dodaz. Trankil egoteko esan deustie, gozetako. Aste gogorra dala dinoe, oso nekatuta amaituko dodala, baina ez dodala inoiz ahaztuko, oso berezia dalako. Konparsetakoek be aholkuren bat emon deustie, oinetako erosoak ipinteko, ordu asko dirala eta. Zenbat eta neu erosoago orduan eta hobeto egongo nazala esan deustie.
11.- Aste Nagusian bizi izandako momentu bereziren bat gogoratzen dozu?
Ba, gauza gitxi. Umetan, barrakak eta zirkua, nagusiagotan txosnetako giroa. Baina ez dot inoiz bizi izan benetan Aste Nagusia. Holako galderak egiten deustazuezenean, ez dot jakiten zer erantzun, ez dot ia ezer ezagutzen eta. Aurten biziko dot Aste Nagusia, orduan esan ahal izango dot zer dan gehien gustetan jatana.
12.- Abuztuaren 25ean Aste Nagusia amaitu, eta handik egun gitxira ligea hasten dozue. Deskantsu handirik ez dozu eukiko.
Deskantsua garagarrilean izan zan. Begira, pregoia irakurten dodan egunean, goizean, Lezaman egongo naz, entrenetan. Aste Nagusiaren ostean, abuztuaren 26an futbolean zentrau behar naz, iraileko lehenego astean daukagu-eta lehenengo partidua.
13.- Zein asmo ditu Athletic taldeak denporaldi barrirako?
Azkenengo denporaldi bietan ikusita azkenengo jardunaldira arte Bartzelonaren kontra burrukan ibili garala Ligan, eta Kopan be finalen bat galdu dogula, ba helburua tituluren bat irabazrtea izan behar da. Ia aurre-denporaldian lana ondo egiten dogun, eta ia holan danok nahi doguna heltzen dan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!