Iker Villa: 'Ez dogu uste bizkorregi goazenik, gauzak datozan moduan hartzen doguz'
2013-08-05 11:39 BarriketanHerri Oihua taldeko abeslaria
Orain urte bi sortu zan Herri Oihua talde gaztea, Barakaldon. Iker Villa eta Iker Aginagak abiatu eben boskotea, eta Lander Gormedinok, Aritz Monederok eta Mikel Becerrak osotzen dabe taldea. Igaz Banden Lehia sariketako irabazleak izan ziran, eta Bilbao BBK Live jaialdian joteko aukerea emoteaz aparte, diskoa kaleratzeko aukerea emon eutsen sariak. Eta hemen da barakaldarren bigarren diskoa, Ez (Baga-biga), aurrekoa baino helduagoa, rapa eta metala nagusi, rock eta popez osotua.
1.- Banden Lehia sariketea irabazi, Bilbao BBK Liven kontzertua, bigarren diskoa atera barri... Abiadura ederra hartu dozue gero!
Hainbatek esan deuskue gauza bera, akaso arinegi goazela. Guk ez dogu uste bizkorregi goazenik, egia da gauza piloa jazo jakuzala oso denpora gitxian, baina guk gauzak datozan moduan hartzen doguz. Ez deutsagu kontzertu bati ezetz esango, datorrena datorren moduan hartzen dogu. Aukerak aprobetxau egin behar dirala pentsetan dogu, aukera gitxi sortzen dira, eta ezin da jakin barriro noiz agertuko dan.
2.- Orain urte bi abiatu zan taldea, orduan holakorik espero ete zenduen?
Ba, egia esan, ez. Ez genduan espero hain azkar heltzea. Dana dala, ez dakigu oso ondo non gagozan be, zein puntutan. Kontzertuetan jentea kantetan ikusten dogu, gure abestiak buruz dakiez. Guretzat hori izugarria da. Kontzertuak daukaguz, alkarrizketaren bat nozonoz, telebisinoan be agertu gara...
3.- Bilbao BBK Live jaialdian jo zenduen, zeuok izan zarie inozko talderik gazteena, ganera.
Kontzertu berezia izan zan, desbardina. Jo dogun lekurik handiena izan da. Aldageletan beste musikariak ikusi genduzan, ondo-ondoan geunkazan... Guretzat gauza handia izan zan. Ez zan izan kontzerturik onena, baina bai bereziena.
4.- Eta zein izan da ba onena?
Ba, asteburu bi lehenagokoa, bagilaren 29an Euskal Herria Zuzenean jaialdian emon genduana. Iparraldean asko gozetan dabe musikeagaz. Jenteak jantzan egiten dau, abestu, dana emoten dau. Jentearen motibazinoa ikusgarria izan zan.
5.- Uda hasieran nahiko lanpetuta ibili zarie, diskoa grabau, Hautaprobak prestau...
Iker eta biok azterketak geunkazan, Hautaprobak. Epeak betetako arazoak euki doguz, abesti batzuk prest egozan, baina beste batzuk ez. Estudioan grabetan genbilzan bitartean ikasten be bagengozan; tarte txiki bat geunkanean goiko pisura igon, han liburuak hartu, eta ikasi egiten genduan. Holan izan da grabazinoa. Estresantea ez da izan, baina... Lehenengo diskoa lasaiago grabau genduan.
6.- Azkenean, gauza biak lortu dozuez, diskoa argitaratzea eta azterketak gainditzea.
Bai, bai. Pozik gagoz, Hautaprobetan nahi genduan emoitzea atera dogu eta diskoa kalean dago. Oso pozik gagoz.
7.- Denpora gitxian disko bi atara dozuez, ze alde dago bien artean?
Lehenengo diskoan ez geunkan estiloa finkatuta. Zeozer egin nahi genduan, jenteak gure izena ezagutzeko. Disko barriagaz gure estiloa finkatzen joan gara, rap-metala egiten segiduten dogu, baina rock soinua be badago, eta pop soinua bere bai leloetan. Rapa eta metala dira gure esentzia, baina melodia eraginkorrak nahi genduzan, rapa eta metala entzuten ez dauen jentearengana be heltzeko. Estiloa zehazten goaz, eta zabaltzen bere bai.
8.- Zer talderen eragina dauka Herri Oihuak?
Eragin mueta bi daukaguz, Euskal Herriko taldeena eta kanpokoa. Euskal Herrikoen artean, Berri Txarrak, Cobra eta Willis Drummond dagoz, eta rock-metala egiten dauen besteren bat. Letragileei jagokienez, hor daukaguz beti Mikel Laboa, Gabriel Aresti, Xabier Lete eta Ruper Ordorika. Horrek be eragina daukie gure hitzetan.
Nazinoarteko taldeetan, eragin nabaria euki dau Rage Against The Machinek; izan be gure estiloaren ideia eurengandik hartu genduan. Black Sabbath eta Faith No More taldeak be hor dagoz. Eta gero taldekide bakotxak baditu bere gustuak...
9.- Kanten berbak taldean egiten dozuez?
Ez, Iker eta biok idazten doguz, baina batzutan taldekideren batek zeozer idatzi, eta sartzen dogu abestian.
10.- Ez disko gordina dala esan zenduen aurkezpenean, zergaitik?
Guk aldaketak nahi doguz, jentearen aldaketarako pasinoa biztu nahi dogu. Badakigu gure gizarteko hainbat gauza aldatzeko dagozala. Lehenengo diskoaren aldean, honetan ez dogu esaten zer dagoan ondo eta zer txarto, edo zer egin behar den. Oraingoan, istorioen bitartez ahalegindu gara gure ia ideak azaltzen. Hausnarketea dago gure hitzetan. Gehienbat gai politikoei buruz abesten dogu, gai sozialak bere bai. Euskal Herriko gatazkearen ganean gogotea egiten dogu. Eta gero badagoz beste gai personalagoak be.
11.- Eta zergaitik ipini deutsazue Ez izenburua?
Landerren ideia izan zan. Izenei buriz eztabaidan genbilzan, eta Ez urten zan. Kantak ez dira ezkorrak, baina munduaren ezkortasuna azaltzen dabe, giro ezkorrean bizi garala uste dogu. Izenburu zuzena eta sinplea gura genduan, eta danok konforme gengozanez...
12.- Ez bigarren diskoa be Mungiako Gauan grabau dozue, Aitor Abiogaz. Garrantzitsua izan da bere parte-hartzea?
Bai Arjea lehenengo diskoa bai Ez bigarrena Gauan grabau doguz, eta barria Aitor Abiogaz. Lehenengo lana amaitu ostean, Aitor etorri jakun esanez hurrengoa berak produzidu gura ebala. Berbea hartu geuntsan, eta holan hasi ginan lanean. Beragaz behar egitea itzela izan da. Aitor PLT eta Matxuran ibili da, musikari garrantzitsua da guretzat. Beragaz behar egitea ez da gauza lasaia izan, beti egoan kaña emoten.
13.- Iker eta biok aspaldi hasi zinien musika munduan, 12 urtegaz edo...
Iker eta biok Revolta Permanent rap taldea sortu genduan 12 urtegaz. Gauza piloa egin doguz Revolta Permenentegaz; orain geldi dago, beste gauza batzutan gabilzalako. Bideoklip bi grabau genduzan, berbaldiak emon... Euskerea eta motibazinoari buruzko hitzaldiak izan ziran, gu Barakaldokoak izanda, gazteak eta euskaldunak, gure esperientzia kontau dogu. 15 berbaldi edo izan ziran, oso polita izan zan. Lehenago bertsolariak eta kirolariak hitzaldiak emoten euskuezan leku berean geu egotea bitxia izan da, asko gustau jaku.
Herri Oihua serioago hartzen joan garan neurrian Revolta Permanent ixten joan gara, baina noiz ez badakigu be, bueltauko gara.
14.- Barakaldokoa izateak markauko dau, ezta? Eraginik badauka?
Barakaldokoa izateak, Ezkerraldekoa, bai, badauka eragina. Euskereari jagokonez, esaterako, gure herrian ez dauka izan beharko leuken lekua. Jente gitxik egiten dau euskeraz, gazteriak bakarrik, % 30 edo. Tristea da. Euskeraz abestea apustua izan da guretzat, eta lortu dogu aurrera egitea, eta euskeraz, danek jakin daien Barakaldon euskereak bere lekua daukala.
Eta musika arloan, Barakaldon beti egon dira punkiak, punka eta rocka presente dagoz. Talde asko dagoz, guri horrek asko laguntzen dau. Txosnek eta gazte alkarteek asko bultzatu dabe musikea euskeraz, eta eskertzekoa da.
15.- Etxekoen babesa eta laguntzea be garrantzitsuak izan dira.
Gurasoei kontzertu bat emongo genduala esan geuntsienean... Harritu egin ziran, ez ekien ezer eta. Baina, momentu horretatik aurrera beti egon dira gure alboan. Etxekoen babesa izan da garrantzitsuena, baina etxekoak dinodanean, guraso eta familiaz aparte, Barakaldoko jentea be esan nahi dot, lagunak... Aukera asko eskaini deuskuez.
Ez diskoko Nora aurrerapen abestia entzuteko, hemen.
Revolta Permanent taldearen Garrasi egin eta Kantuka bideoklipak.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!