Danetariko egitaraua, Bermeoko XXVIII. Nazinoarteko Musika Astean
2013-08-01 12:12 MusikeaBermeoko XXVIII. Nazinoarteko Musika Astean makinatxu bat estilotako musikea entzuteko aukerea izango da, abuztuaren 5etik 9ra, Andra Mari eleizan. Emonaldi guztiak 20:00etan hasiko dira, eta sarrerea doban da.
Bermeoko XXVIII. Nazinoarteko Musika Astean makinatxu bat estilotako musikea entzuteko aukerea izango da, abuztuaren 5etik 9ra, Andra Mari eleizan. Emonaldi guztiak 20:00etan hasiko dira, eta sarrerea doban da.
Aingeru Astui Kultura zinegotziak eta Susana Regidor Kultura teknikariak aurkeztu dabe Musika Astea. Aurten bermeotar bik parte hartuko dabela nabarmendu eban Astuik prentsaurrekoan, Arrate Monasterio piano-jotzailea eta Amaia Urtiaga sopranoa dira bermeotarrok, hain zuzen be.
Kultura zinegotziak Bilbao Orkestra Sinfonikoak Bermeoko herriagaz izandako alkartasun kinua azpimarratu eban, eta bihotzez eskertu. Apirilaren 11ko sutea dala eta, Bilbao Orkestra Sinfonikoak ez dau ezer kobrauko kontzertua eskaintzeagaitik, Bermeoko herriari bere laguntzea eta alkartasuna emoteko.
Eskerrak emon nahi deutsieguz bai Bermeoko Udalaren partez bai Bermeoko herriaren partez, euren eskuzabaltasunagatik eta jarrera solidarioagaitik, adierazo eban Aingeru Astuik.
Xabier De Felipe biolin-jotzaile eta Arrate Monasterio piano-jotzaileak edegiko dabe egitaraua, hilaren 5ean. Beethoven, Lutoslawski, Montsalvatge eta Sarasate musikari ezagunen beharrak joko ditue.
Xabier de Felipe bilbotarra Euskal Herriko Gazte Orkestrako, Sinfonietta Musikeneko eta Musikene Orkestra Sinfonikoko kontzertinoa izan da, eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoko biolinista-laguntzailea bere. Sari ugari irabazi ditu, azkenengoa Valentzian, Ciutat de Lliria Nazinoarteko Hari Lehiaketako lehenengo saria. Arrate Monasterio bermeotarrak Londresko Royal College Of Music-en ikasi dau, Kevin Kenner pianistearen zuzendaritzapean. Hainbat jaialditan parte hartu dau, gaur egun, Bilboko J.C. Arriaga Konserbatorioko irakaslea da.
Abuztuaren 6an, martitzenean, Amaia Urtiaga soprano bermeotarrak kontzertu lirikoa egingo dau. Stephen Hopkins piano-jotzaile estatubatuarra izango dau lagun. New Yorkeko musika talentu gazteen lehiaketan lehenengo saria irabazi eban eta, ostean, Griegen Pianorako kontzertu interpretau eban, Long Island-eko South Shore Orkestra Sinfonikoagaz, New Yorken. 2010. urtean Vienara joan zan, ordutik hainbat operatako musikea atondu dau. Kontzertuaren egitaraua ondokoa izango da: J. Canteloube, F. Lavilla, E. Lekuona, M. de Falla, Donizzeti, Puccini, F. Liszt, M. Nieto eta G. Giménez.
Abuztuaren 7an, eguaztenean, Windmusak taldea entzuteko aukera izango da. Windmusak hainbat musika estilo gizarteratzeko proiektuaren emoitzea da. Inaire Languniklla fagotak eta Oihana Landa zeharkako flautak osotutako bikote barriaren helburua musika arlo batzuetan dagoan hutsunea betetea da.
Bilbao Orkestra Sinfonikoaren emonaldia abuztuaren 8an, eguenean, izango da. 1922. urtean sortu zan orkestrea. Ordutik, munduko hamaikatxu lekutan jo dabe, besteak beste, Errusian, Japonian eta Frantzian. Igaz 90. urteurrena ospatu eban. 2008. urtetik hona Günter Neuhold da orkestrearen zuzendari titularra eta artistikoa.
Portugaleko fadoak zarratuko dabe XXVIII. Nazinoarteko Musika Astea, hilaren 9an, Lina Rodriguesen (ahotsa), Mario Pachecoren (gitarra portugaldarra) eta Pedro Pinhalen (gitarra tradizionala) eskutik.
Lina Rodrigues Cardoso Oportoko Opera Zirkuluan hasi zan kantetan. Mario Pachecok entuzn, eta bere etxeko artista zerrendan sartu eban hau da, Fado Klubean. Mario Pacheco gaur egun Portugaleko musikari eta musikagile ezagunenetakoa da.
Aingeru Astuiren esanetan, Musika Asteak kalitadadezko kontzertuak eskainiz, betidanik herrian izan dogun musika zaletasuna bultzatu nahi dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!