X. Urdaibaiko Organoak. Joxe Mari Eguileor kontzertu zikloak euskal musikarien parte-hartze nabarmena dakar
2013-07-24 15:21 MusikeaBenantzi Bilbao mundakar musikariak sustatuta, aurten bere hamargarren urteurrena beteko dau zikloak, kontzertu egitarau zabalagaz, garagarrilaren 25etik abuztuaren 15era. Aurten nabarmena da euskal musikarien partaidetzea eta baita musika-tresnen garrantzia.
Datorren eguenean, garagarrilak 25, X. Urdaibaiko Organoak. Joxe Mari Eguileor kontzertu zikloa hasiko da, aurten 10. urteurrena ospatuz. Urremendi Landa Garapen Elkarteak eta Arratzu, Bermeo, Busturia, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Ibarrangelu eta Mundakako udalek sustatutako ekimena da hau, Busturialdeko organoak berreskuratzea helburu dauena, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren babesagaz. Aurtengo urteurrena ospatzeko asmoz euskal musikariak izango dira protagonista egitarauan.
Urtero lez, Busturialdeko herrien bizitza sozio-kulturala dinamizau eta hobetzea helburu dauen Urremendi, Landa Garapen Elkarteak antolatzen dau Urdaibaiko Organoak-Joxe Mari Egileor kontzertu zikloa, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren laguntzinoagaz. Benantzi Bilbao mundakar musikariak sustatuta, aurten bere hamargarren urteurrena ospatzen dau, kontzertu egitarau zabalagaz, garagarrilaren 25etik abuztuaren 15era. Aurten nabarmena da euskal musikarien partaidetzea eta baita musika-tresnen garrantzia.
Kontzertuak herri desbardinetan izango dira, geure eskaintza turistikoa eta kulturala zabalduz. Aurten, urtero lez Arratzu, Bermeo, Busturia, Gernika-Lumo eta Mundakagaz batera, Gautegiz Arteaga eta Ibarrangeluko kontzertuak gehitu dira. Holan, eleiz musikearen zaletuek Gautegiz Arteagako Andra Mari Eleizako edota Ibarrangeluko San Andres eleizako organoen musikea entzuteko aukerea izango dabe.
X. Urdaibaiko Organoak. Joxe Mari Eguileor. Egitaraua
- Garagarrilaren 25ean, 20:45etan, Bermeoko Frantziskotarren Komentuaren eleizan, Javier Artigas eta Benantzi Bilbao organistek eskainiko dabe kontzertua. Javier Artigasek, Zaragozan jaioa, Europa, Asia eta Ameriketan eskaintzen ditu kontzertuak, bakarka zein taldeka. Gaur egun, Murtziako Goi Kontserbatorioan Antxinako Musikearen eta Organo ta Klabezineko Katedratikoa da. Benantzi Bilbao, barriz, Urdaibaiko Organoak kontzertu zikloaren zuzendaria da eta sari ugari jaso ditu musikari lez. Pianoa, klabea, organoa, kantu, abesbatzen zuzendaritza eta antxinako musikearen ikasketak eginak ditu Europako konserbatorio eta zentru espezializatuetan.
- Garagarrilaren 27an, 20:00etan, Axpe-Busturiako Andra Mari eleizan izango da kontzertua, Ainhoa Barredo organisteagaz eta Nuria Orbe sopranoagaz. Ainhoa Barredo bilbotarrak, goi mailako ikasketak ditu piano, solfeo, klabe eta organoan; Musikene Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegian piano irakaslea da; eta gaur egun, XVIII. mendeko euskal musikearen gaineko doktore-tesia egiten dago.
Nuria Orbea bilbotarra, barriz, Austriako Unibersidadean graduautako sopranoa da, Oratorio, Lies eta Espaniar musikan oso estimatua. Bakarlari lez Europan, Marokon, Israel edota Zipren eskaini ditu kontzertuak.
- Garagarrilaren 28an, domekan, Lumoko San Pedro eleizan izango da kontzertua, 20:00etan, Miriam Cepeda organoan eta Luis Alberto Requejo klarinetean. Miriam Cepedak Bilboko JC Arriaga konserbatorioan pianoa, solfeoa eta pedagogia musikalean goi mailako ikasketak ditu, Amigos del Órgano de Bizkaia Diego Amezua alkarteko presidentea da eta Bilboko Begoñako Andra Mari basilikako organistea da.
Beste alde batetik, Luis Alberto Requejok klarinetea joko dau; Bilboko Goi-Mailako Konserbatorioan egin zituan ikasketak gradu guztietan Ohore Sariak eskuratuz. Gaur egun, Bilboko Orkresta Sinfonikoko kidea da.
- Garagarrilaren 31an, eguaztenean, 20:00etan, Gernika-Lumoko Andra Mari Eleizako organoa joko dau Nicoló Sarik. Etorkizun handiko gazte honek nazinoarteko sari ugari irabazi ditu.
- Abuztuaren 3an, Arratzuko Santo Tomas eleizan, 20:00etan, haize-instrumentuak izango dira protagonista. Bertan, kontzertua eskainiko dabe: Bernardo Ciprés (tronpa); Oscar Abella (tuba, serpentoia); Alberto Urretxo (tronboia) eta Benantzi Bilbao organoan. Bernardo Ciprés musikari handien ikaslea izan da, orkestra ugarietan jo dau, besteak beste, Euskadiko Sinfonikoa eta gaur egun Liriako Maurice Andre Nazinoarteko Musika Akademian irakaslea da. Oscar Abella Euskadiko Orkestra Sinfonikoko tuba bakarlaria da eta haize-metal instrumentu historikoetan aditua da, serpentoia, ofikleidoa edota cimbasso, besteak beste. Alberto Urretxo tronboi bakarlaria da Bilboko Orkestra Sinfonikoan eta espaniar orkestra askotan bakarlari konbidadua izan da. Europan zehar kontzertuak eta errezitaldiak eskaintzen ditu.
- Abuztuaren 4an, 20:30etik aurrera, Ibarrangeluko San Andres eleizeak Enrico Zanovello sopranoaren kontzertua hartuko dau. Bakarlari lez eta orkestra desbardinen zuzendari lez Europan, AEBetan, Latinoamerikan edota Egipton eskaintzen ditu kontzertuak eta nazinoarteko txapelketak be irabazi ditu.
- Abuztuaren 10ean, 20:30etan, Esteban Elizondo organisteak eskainiko dau kontzertua Gernika-Lumoko Mertzedeko eleizan. Donostian Goi-Mailako Musika Katedratikoa, eremu pedagogikoan eta artistikoan lan handia egin dau eta mundu guztian eskaintzen ditu kontzertuak.
- Abuztuaren 14an, 20:30ean, Gautegiz Arteagako Andra Mari eleizan, Miguel Ángel Garcíaren musikea entzungai izango da. Ospe handiko organistea da eta Europan zehar bakarlari lez eta kamara taldeen kide lez eskaini ditu kontzertuak. Sevillako Cristóbal de Moraleseko Goi-Mailako Konserbatorioko organo irakaslea da eta San Lorenzo eleizako organista titularra.
- Kontzertu zikloa abuztuaren 15ean amaituko da, Mundakako Andra Mari eleizan Stefano Pellini italiar organisteagaz. Kontzertu ugari emoten ditu Europan eta Japonian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!