Jokin Aspuru: 'GetxoPhoto atxakia da hunkitzen gaituen bizipenez gogoetea egiteko'
2013-07-24 11:54 BarriketanVII. GetxoPhoto argazki jaialdiak berez adierazpen ikusezinak diran amesak bistaratu eta gauzatzeko erronkea bereganatu dau. Datozen hiru urteotarako komisario barri Christian Caujolle frantziarrak ikuspegi eta interpretazino propioa eskainiko dau, amesak esangura zabalean ulertuta, esangura oniriko hutsetik desio lez ulertzen dan ameseraino. Horretarako, hamabost bat lan aukeratu ditu, fenomeno honen inguruko askotariko ikuspegiakaz. Jaialdiaren politikeari jarraituz, nazinoarte-mailan ezagunak eta autortutakoak diran argazkilariak, Harit Srhikao erabat ezezaguna dan 17 urteko nerabe tailandiarrarena lako apustu personalakaz bateratu ditu.
Erakusketak abuztuaren 29tik irailaren 29ra arte egongo dira zabalik, batez be gune publikoetan, Ereagako hondartzatik Portu Zaharrera, eta goiko partean aretoko erakusketak egongo dira.
Jarduera nagusiak Jaialdiko lehenengo astegoienean izango dira, hau da abuztuaren 29tik irailaren 1era arte.
1.- Begi Handi kolektiboak bultzatuta, GetxoPhotoren berezitasunetako bat herria apaintzea baino gehiago, gai baten inguruan aukeratutako argazkien bidez, herria bera, ezohiko formatu, euskarri eta espazioak istorioak kontetako erabiltea da...
Bai. Hori izan da beti gure helburua. Guretzako GetxoPhoto argazki jaialdia izateaz gan, atxakia da arduratzen gaituen gaietaz eta hunkitzen gaituen bizipenez gogoetea egiteko. Gai zabal bat aukeratzen dogu beti, orain arte, zahartzaroa, umezaroa lako gaiak eta aurten amesak. Aukeratutako gaia iruditan jarten ahalegintzen gara jenteari gogoetarako motibo bat aurkeztuz.
Hau da gure barren-barreneko helburua, artea zabaltzeko kalearen erabilerea baina beti be gogoetarako zein hausnarketarako gai monografikoa zehaztuz.
2.- Hiru urtero aukeratzen dan komisario bategaz elkarlanean egindako jaialdi tematikoa da GetxoPhoto. Aurten, Christian Caujolle komisario frantziar ospetsuaren lehenengo urtea da. Nor eta zer da Christian Caujolle? Datozen urteotarako gaiak zehaztuta daukazuez?
Aurten GetxoPhotoren zazpigarren urtea da eta Alejandro Castellote eta Frank Kaleroren ondoren komisarioa aldatzea toketan zan; guretzat oso erosoa izango litzateke komisario bategaz urte gehiago jarraitzea baina hiru urtero komisarioa aldatuz zeozelan geure burua behartu eta haize freskoa ekarten dogu, ideia, jarrera eta pentsamendu barriak. Holan, beraz, aurten Christian Caujolle komisario frantziarra hasi da beharrean. Sekulako curriculuma dauka gizon honek, Pariseko kritiko eta komisario ezaguna da, arte munduan ibilbide luze eta emonkorra egiten dagoana, argazki jaialdi garrantzitsuetan zuzendari artistikoa izan da, VU agentziaren sortzailea, Liberation egunkariko editore grafikoa, World Press Photo lako nazinoarteko lehiaketetako epaimahaikide izan da eta gaur egun, Kanbodiako Photo Phnom Penh zuzentzen dau. Sano pozik gagoz Caujolle jn.ak konpromisoa hartu dauelako GetxoPhotogaz, hiru urte egingo ditu geugaz eta benetan lujo handia da hori guretzako. Igaz konbidau genduan, geugaz egon zan GetxoPhoto bertatik bertara ezagutzen eta asko gustau jakon; hortik aurrera, oso erraza izan da dana.
Datozen urteotarako gaiak erabagita daukaguz baina ez doguz oraingoz aurreratu gura, aurtengoari bete-betean heltzeko. Hiru urteotako gai orokorra Bestelako munduak izango litzateke eta lehenengo geldialdia Amesak izango da. Gero gerokoak.
3.- Aurten amesak eta amesen ikus-irudikapena da gaia eta gai horren inguruko argazkiak ikusiko doguz herrian. Danetara, 15 argazkilariren obrak erakutsiko dozuez, gehienak frantziarrak, akaso komisarioaren jatorria dalako baina izen handikoak eta hasibarriak buztartuta dagoz GetxoPhoton. Izenen bat azpimarratuko zeunke? Euskal ordezkaririk ba al da?
Danak azpimarratuko neukez baina badakit ez dagoala lekurik; Christian eta biok denpora asko emon dogu alkarregaz aukeraketea egiten eta nire ustez 15 argazkilari horreen ezaugarria da kalidadea. Bateren bat azpimarratzekotan, bi aitatuko dutsudaz, lehenengo Denis Darzacq, VU Agentziako kidea nabarmenduko neuke; Hyper bere serie ezaguna ekarriko dau Getxora, konsumo gizarteari buruzko kritika poetikoa.
Bestetik, Vincent Fournierrek be lan polita dakar, The Man Machine, hain zuzen be, robotei buruzko lana; teknologia eta aurrerabidearen amesa, amesgaizto bihurtu daitekeena. Egilea munduan zehar ibili da robotak sortzen dituen makinatxu bat lantegitan eta roboten erretratuak egin ditu gizakiakaz nahastean.
Euskal ordezkaritzeari jagokonez, gu beti ahalegindu gara bertoko argazkilarioi bultzadatxua emoten eta aurten be badago bat, baina sorpetsatxua da, ez dogu oraingoz ezer aurreratu gura, prestaketa lanakaz gabilzalako oraindino; produkzino konplikatua da eta apur bat aurrerago emongo doguz datuak.
4.- Helburua irudien bidez hausnarketea, emozinoak eragitea da eta, esangura horretan, aurten Itxialdia antolatu dozue, argazkiaren konsumorako modu garaikideen inguruko berbaldi eta alkarrizketen egun oso bat, hain zuzen be, abuztuaren 30ean. Zein izango da egitaraua?
Bai. Ondo esan dozu, GetxoPhotok argazki erakusketak proposatzen ditu baina urtero gura izaten dogu alde pedagokikoa jorratu, gogoetearen eta hausnarketearen arlo hori landu eta horretarako aukerak eskaini. Kontu honi bueltak emoten luzaro ibili gara eta aurten, formato interesgarria topau dogulakoan gagoz, Encerrona edo Itxialdia izenburupean, egun osoko gogoeta-jarduerea izango da Gaur egun argazkia ikusteko erak edo bideak izenburupean; Itxialdia izena jarri deutsagu leku itxian egongo garelako, parte-hartzaileek eta hizlariek eurek be ezingo dabe iges egin. Bazkaria be bertan egingo da.
Kontuak kontu, argazkigintza artistikoak badaukaz konsumorako bide jakinak, hedabideak, webguneak, arte galeriak eta abar. Zortzi bat mahai antolatuko doguz eta esangura horretan, alor bakotxeko aditu bat konbidau dogu eta hizlarien artean egongo dira Jordi Socías (El Pais Semanaleko editore grafiko ohia); Mónica Allende (Sunday Times Magazineko editore grafikoa); Cristina de Middel argazkilaria; Blanca Berlin (argazkilaritzan espezializautako Madrileko galeristea); Aitor Ortiz (argazkilari bilbotarra, Euskadiko argazkilari internazionalena); eta Iñaki Domingo eta Luis Díaz Díaz (www.30y3.com webgunearen arduradunak). Horrezaz gan, Yosigo argazkilari donostiarrak Have a Nice Book proiektua aurkeztuko deusku.
Ekimen honetan parte hartzeko izena emon behar da gure webgunean. Gogoratu, abuztuaren 30ean izango dala hitzordua, 10:00etatik 20:00etara, Udal erretegi zaharrean, Faduran.
Bazkaria barne 30 euroan erosi ahal izango dozuez txartelak.
Ezustekorik ezean, datozen urteetan be formato honi heltzea da gure asmoa.
5.- Bisita gidatuen Ibili programea eta Photowalk, argazki estudio eta galerietarako bisita bat be izango dira aurten...
Urteroko jarduerak dira eta jentearen aldetik erantzun ona izaten dabenak. Ibili programa horretan, Getxon zehar paseon gabilzala, aurretiaz trebatutako arte ederretako ikasle batzuk izena emoten dabenakaz batera, ibiladitxua egiten dabe erakusketa guztietan zehar. Azalpenak tarteko dirala jenteak irakurketa sakonagoak egin leikez ikusgai dagozan argazki horreei buruz.
Photowalk be sano interesgarria da. Jentea, berez, nahikoa nonzebarria izaten da, inoren etxea zelakoa dan gustetan jaku eta gure arlora ekarrita, argakilari edo argazkiaren munduan lan egiten dabenen lekuetara eroaten doguz parte-hartzaileak. Aurten, Deustura joango gara Carlos Terrero argazkilari algortarraren estudiora. Ondoren, Zabalguneko plazan aurten zabaldu barri dan CFCra, Egungo Argazkilaritzaren Zentrora joango gara bisitan eta bertan, zentroko arduradun Ricky Davila argazkilari bilbotarra izango dogu gidari.
6.- Sunday Times Magazine' aldizkariko editore grafiko Monica Allendek tailer bat eskaini dau. Zer landuko da tailer horretan?
Lehen aitatu deutsudan arlo pedagokiko horretan sartzen da tailer hau be. Edozelan be, argazkigintzan interes berezia dauenarentzat dago berenberegi pentsauta. Monica Allende editore grafiko inportantea da, eskarmentu handikoa eta berak egingo dauena da parte hartzen dabenen lanak ikusi, aztertu eta bere eretxia emon. Era berean, azalpenak eta jarraibideak emongo ditu argazkiak gizarteratzeko, komunikabideei saldu ahal izateko, zelako bideak jorratu behar diran, argazkiak zelan aurkeztu behar diran... Horixe da tailerraren helburua.
7.- Interesa dabenek euren argazkiak erakusteko aukerea izango dabe, Amesak: ames barrietarako garaia da gaiagaz. Zelan parte hartu daiteke?
Urtero egiten dogun formatoa da hau jenteari aukerea emoteko euren argazkiak GetxoPhoton erakusteko. Aitatu gaia gogoan, edozeinek bialdu leike bere argazkia eta jasoten doguzan horreek danak editau, musikea txertatu eta proiektau egiten dira jaialdiak dirauen hile osoan zehar. Horrezaz gan, 30 argazki onenak aukeratu eta Algortako merkatari batzuekaz daukagun kolaborazino programa baten bitartez, Algortako Basagoiti kaleko komertzioetan, erakusleiho bakotxean bat jarten dogu erakusketa interesgarria osotuz.
8.- Argazki zale ugari dagoz bazterretan, Flickr eta Instagram lako plataformak hor dagoz, sare sozialetan edozeinek jarten ditu bere argazkiak... Edozein al da argazkilari?
Danok daukagu argazki-makina bat baina danok ez gara argazkilari. Danok gara argazkilari baina guk beste argazki kontzeptu bat darabilgu. Danok dakigu idazten baina danok ez gara idazle.
Argazkiak, idazteak bezela, funtzino desbardinak ditu; idazteak balio leike suetean ohartxu bat idazteko baina ez nobela bat egiteko. Funtzino biak dira interesgarriak baina GetxoPhotok arreta gehiago jarten dau nobela erako kontu horretan, argazkiaren kontzeptu sakonago horretan.
9.- GetxoPhotok ardura berezia dauka birziklaketeagaz eta argazkien euskarri diran olana eta enparauakaz produktu sorta handia jarten dozue salgai. Zein da helburua?
GetxoPhoto egiteko argazki asko produzidu egin behar izaten doguz, kalean ipinteko jatorrizko argazkiek ez dabelako neurri egokirik izaten. Ganera, jaialdia amaituta, argazki horreek danak botatea pekatua zala eretxita, buruari buelta batzuk emon eta azkenean urtenbide hau topau genduan, hau da, argazki horreen bizitza luzatu eta beste objektu batzuk sortzea horreekaz, zorroak, amantalak, boltsak eta abar. Pieza horreek josteko lana topetako zailtasunak dituen lagunakana joten dogu eta behin amaituta jaialdian zehar salgai jarten dira. Programa hau irabazi asmorik bakoa da eta irabaziak Getxoko Sahararen aldeko taldearentzat izaten dira. Jente asko dago programa honetan inplikauta eta sano interesgarria begitantzen jaku, argazkilariak eurak, diseinatzaileak eta lana topetako zailtasunak dituen personak. Ganera, Saharagaz alkartasun parte hori be ezin ahaztu.
10.- GetxoPhotora hurerratuko diranentzako azken mezurik?
Danak zagoze konbidauta. Hori bai, erakusketak kalean diranez, batez be ingurua ezagutzen ez dabenentzat komenidu da mapa bat eskuratzea. Mapea zein ganerako informazino guztia gure webgunean topau zeinkie.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!