Txina barria ikergai

Bizkaie! 2013-07-23 15:28

UPV/EHUko irakasleak diran Kepa Sodupe Nazinoarteko Ikasketen Katedrako arduradunak eta Leire Mourek koordinau dabe China en el escenario internacional: una aproximación multidisciplinar liburua, eta hainbat unibersidadetako izen handiko 13 akademikok parte hartu dabe bertan.

UPV/EHUk argitaratutako liburuan Txinako Herri Errepublikeak azken urteotan bizitako aldaketa sakonak jorratzen ditue egileek. UPV/EHUko irakasleak diran Kepa Sodupe Nazinoarteko Ikasketen Katedrako arduradunak eta Leire Mourek koordinau dabe China en el escenario internacional: una aproximación multidisciplinar liburua, eta hainbat unibersidadetako izen handiko 13 akademikok parte hartu dabe bertan. Txinak nazinoarteko panoraman dauen gero eta garrantzia handiagoaren garapena eta balizko ondorioak aztertu ditue, hurreratze historiko, ekonomiko, politiko, sozial eta kulturala eginez, baita nazinoarteko harremanen ikuspegitik be.

2030. urtea baino lehen, posible da Txina munduko lehenengo ekonomia izatea. Txinak lortu dauen arrakasta ekonomikoak munduan miresmena sortu dau bere lorpen eta azkartasunagaitik eta, horregaitik, eredutzat hartzen dabe garapen bideean dagozan zenbait herrialdek. Baina garrantzitsuena ez da kanpoko merkataritzeak lortu dauen bolumena, dibisen erreserbea edota bere Barne Produktu Gordina lako datu ekonomiko hutsak, Asiako herrialdeak erabili dauen eredua baino. Euren filosofian eta tradizino kulturalean oinarritutako eredua da, Mendebaldeko baloreak unibersalak izatearen uste sendoa baldintzatzen dauena eta merkatu-ekonomiako berezko metodoak eta kanpoko edegierea apliketan dituana.

Erreformak egon arren, Txinak ez ditu bere estruktura politikoak arriskuan ikusi. Erreforma horreek atera dituan alderdi komunisteak ez deutse buruzagi izateari eta indarrean dagoan erregimenari uko egin gura. Halan da be, erreforma horreek kapitalismoan tipikoak diran desoreka ekonomiko eta sozialak eragin ditue, eta gaur egungo Txinako errealidadeak frogatu dau bere biztanleriarentzako ongizate materialaren helburuak ez dituala lortu.

China en el escenario internacional: una aproximación multidisciplinar liburuak azken urteotan gertatu dan fenomeno politiko eta ekonomikoa jorratzen dau zortzi kapitulutan: Txinako Herri Errepublikako errealidadea eta ondorioak aztertzen ditu, nazinoarteko harremanetan ez eze, epe ertainean, baita planetako ekonomietan eta gizarteetan eragin leikezan aldaketa sakonetan be.

Liburua UPV/EHUko Nazinoarteko Ikasketen Katedrako Eskualde-ikasketen Programearen barruan gauzatu da eta oraintsu kaleratu dau Euskal Herriko Unibersidadeko Argitalpen Zerbitzuak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu