Hemen da Lekeitioko XXXV. Itxas Soinua Musikaldia
2013-07-22 14:41 MusikeaLekeitioko XXXV. Itxas soinua Musikaldia abuztuaren 14tik abuztuaren 18ra bitartean izango da. Lau egunez punta puntako musikariak izango dira Lekeitioko kultur kaian. Kontzertu guztiak 22:00etan hasiko dira Santa Maria eleizan.
Lekeitioko XXXV. Itxas soinua Musikaldia abuztuaren 14tik abuztuaren 18ra bitartean izango da. Lau egunez punta puntako musikariak izango dira Lekeitioko kultur kaian. Kontzertu guztiak 22:00etan hasiko dira Santa Maria eleizan. Hogeita hamabosgarrenez musikeari helduko deutso Lekeitiok.
XXXV. Itxas Soinua Musikaldia. Egitaraua
- Abuztuak 14, eguaztena: Bilbao Orkestra Sinfonikoa + Sigurjon Freyrsson biolinista gaztea. Bilbon jaio zan 1991n, musikarien familia batean; biolin ikasketak 5 urtegaz hasi zituan Iwona Prylezcka biolin-jotzaileagaz, Leioako Udal Musika Eskolan. Bertan, promozinoko ikasle onenari emoten jakon Dow Chemical bekea eskuratu eban. Ondoren, biolineko goi mailako ikasketak egin zituan Musikenen, Keiko Wataya eta Charles Bingham irakasleakaz. Aldi berean, Sibelius akademian be egin zituan ikasketak, Merit Palas irakasleagaz, eta prestakuntza hori Hlíf Sigurjonsdottir, Alexander Kerr eta Mark Kaplan irakasle ospetsuen zuzendaritzapean egindako ikasketakaz osotu eban. Gaur egun, Interpretazino masterra egiten dago Olga Martinova biolin-jotzaile errusiarragaz, Codartsen (Rotterdam).
Zuzendari lanetan Jon Malaxetxebarria izango da. Orkestra-zuzendari lez egindako ibilbidea Ingalaterrako iparraldean gauzatu dau Malaxetxebarriak; bertan, hainbat orkestra zuzendu ditu, adibidez: Manchester Camerata, Lancashire Chamber Orchestra, Liverpool Mozart Orchestra eta Nottingham Philharmonic. Euskal Herrian, Euskadiko Orkestra Sinfonikoagaz egin eban debuta.
- Abuztuak 15, eguena: Carlos Goikotxea pianojolea. Honek ondoko lanak interpretauko ditu: Papillons Op.2 (1831) Robert Schumannena, Barcarola Op.60 (1845) Frédéric Chopinena, Rapsodia Española (1863) Franz Lisztena, eta Cuadros de una exposición (1874) Modest Mussorgskyrena.
1991an Burgosen jaio bazan be, Getxon bizi izan da. 2002an orkestreagaz lehenengo entzunaldiak eta kontzertuak egiten hasi zanetik, hainbat antzoki eta auditoriotan ibili da. Gazte-gazterik hasi zan jentaurrean joten eta orkestrakaz batera birak egiten. Besteak beste ondoko orkestrakaz ibili da: Moskuko Orkestra Sinfonikoa, Gaztela eta Leongo Orkestra Sinfonikoa, Bilboko Orkestra Sinfonikoa (BOS). Zuzendari izan dituanen artean Dimitri Orlov, Alejandro Posada, Gérard Caussé, Ana Uriarte eta Pablo Mielgo dagoz. Sarien artean, lehenengo saria eta Beethoven ondoen interpretetan dauenaren saria hartu zituan XXIX. Ciudad de Albacete Leihaketan, 2009an. Beste leihaketa askotan be lehenengo saria irabazi dau, besteak beste, Pianoko Infanta Cristina Leihaketan, ume (2002) eta gazteen (2006) mailan; Steinway Saria, horri esker Hamburgoko Musikhallean, Steinway Festibalean, Espainiako ordezkaria izan zan 2002an; Ciutat de Berga saria; Kataluniako Konpositoreen Elkartearen Saria; Don Juan de Borbón Fundazinoarena; Ciudad de Linares, etab. Egun, Parisen CD bat aurkeztu barri dau, Hexameron izenekoa, Alemanian MDG etxeagaz grabautakoa.
- Abuztuak 16, barikua: Bilbao Klarinet Ensemble. Taldea hasi barria bada be, bertako kideak diran Luis Alberto Requejok (1. Klarinetea), Beatriz Ortizek (2. Klarinetea), Cecilia Hernándezek (3. Klarinetea) eta Luis San Sebastiánek (Klarinete baxua) urteak daroez musikearen munduan. BK-Ensenblearen asmo nagusiena klarinetearen zabalkundea bultzatzea da. Klarinetea bera zein honen familia guztia osotzen daben instrumentu desbardinen lanez osotutako egitaraua eskainiko deuskue, klarinetearen aukera teknikoak eta musikalak ezagutzera emonez. Taldearen errepertorioa oso zabala da: Errenazimendutik hasita, Barrokoa zein Klasikoa ez eze, XX. mendeko jazza, bluesa eta tangoa be tartekatzen ditue.
- Abuztuak 17, zapatua: Passamezo Antico + Carlos Mena Kontratenorea. Gasteiztarrak Schola Cantorum Basiliensisen ikasi eban R. Levitt eta R. Jacobs maisuakaz. Bere jarduera profesionalari esker, munduko auditoriorik ospetsuenetan abestu dau: Viena Kontzerthaus, Buenos Aireseko Colon Antzerkia edota Melbourneko Concert Hal.
- Abuztuak 18, domekea: Vocalia taldea. Vocalia emakume ahots taldeak 2000. urtean hasi eban bere bidaia. Egungo zuzendaria dan Basilio Astulezen ekimenez sortua, Vocalia Taldea Euskal Herriko zenbait musika arloaren profesionalen beharrak gauzatzen dituan proiektu bat da. Bere erronka ahots talde egonkorra sortzea da, ohikoa ez dan errepertorioan bere lana oinarrituz. Vocalia Taldea Euskal Herriko 28 abeslarik osotzen dabe. Bere programazio ausartei eta eszenaratze berezi eta zainduei esker, taldea gaur egungo erreferente bihurtu da. Vocaliak gehienbat antxinako zein gaur egungo a cappella musikea lantzen dau, bai euskalduna eta bai nazinoartekoa be. Era berean, XX. eta XXI. mendeetako errepertorioa sakondu eta ikertzen dau abangoardiako konpositoreen ekarpenei esker lan barriak sustatuz eta taldearen baliabide espresiboak zabalduz. Konpromiso horri esker Vocalia Taldeak mundu osoko egileen lanak estreinau ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!