Sabino San Vicente: 'Hiru egunean agortu ziran izen-emoteak, ez genduan espero'

Nagore Ferreira Zamalloa 2013-07-22 12:01   Barriketan

35.000 metro koadro, 4.000 ordenagailu, 6.000 lagun, 20 Gb segundoko sare konexinoa eta 120 kilometro sare-kable. Hemen da 21. Euskal Encounter party erraldoia. Garagarrilaren 25ean hasi eta 28an amaituko da, Barakaldoko BECen. Arte digitala, hardwarea eta software arloko barrikuntzarik barrienak, Gamegune nazinoarteko bideojoko lehiaketea, berbaldiak, tailerrak... egitarau potentea prestau dabe aurten be. Sabino San Vicente Euskal Encounterreko koordinatzaile nagusiak hainbat zehaztasun emon deuskuz.


1.- Euskal Encounterren aurtengo lemea Knowledge sharing (Ezagutza partekatuz) da. Zer dala eta?

Hori izango da aurtengo mamina edo. Euskal Encounterren bertan ezagutzea sortzen da urtero, hona datorren jenteak bere ezagutza propioa dauka, eta normalean gustetan jako beste batzuei jakintza hori ezagutarazotea, erakustea edo. Orain arte izan doguzan berbaldi eta tailerrak guk antolatu doguz, barruko ezagutza hori kanpora atera nahian. Aurten ahalegindu gara kanpotik datorren ezagutzea ekarten, parte-hartzaileekaz eta kanpotik datorren jenteagaz partekatzeko. Prestakuntza eskaintzea indartu egin dogu, 50 berbaldi eta tailer baino gehiago. Enpresa Digitalegaz hitzarmena sinatu dogu, horri esker hainbat gairen ganeko ikastaroak egongo dira, sare sozialak eta bideojokoen garapena besteak beste.


2.- Eta zeintzuk dira 21. Euskal Encounterren nobedadeak?

Openguneko eskaintzea indartu egin dogu. Euskal Encounterreko gune edegia da Opengune, edonor etorri daiteke, doban da. Euskal Encounter zer dan ikusteko aukera ederra da. Berbaldiak, tailerrak... jarduera ugari egongo dira. Azken aurrerapen teknologikoak ezagutzeko gunea. Horrezaz gan, hardware atalak pisu handiagoa izango dauela da nobedade nagusienetakoa. Atal potentea izango da.

Munduko bideojoko enpresa handienetako batek, Blizzard-ek, standa ipiniko dau Euskal Encounterren. Eta Digipen Bilbao Institute of Technology zentroko ikasle talde bat be bertan izango da eta bideojoko garapen barriei buruzko ideiak alkarbanatzeko.


3.- 4.000 ordenagailu eta 6.000 partaide izango dira aurten. Konturatu orduko amaitu ziran lekuak, hiru egunean, ezta?

Hiru egunean agortu ziran izen-emoteak. Egia esan ez genduan holakorik espero. Martian Gipuzkoa Encounter egin zan, Tolosan. Minutu bian bete zan, 400 ordenagailu besterik ez egozan baina halan be... Euskal Encounterra be beteko zala espero genduan, baina aurten hiru egunean izan da. Ez dakit Tolosakoa ikusita jentea leku barik geratzeko bildurrez egoan edo... Hilabete honeetan ahalegindu gara itxaron-zerrendea ahal danik eta ondoen kudeatzen: askok izena emon arren, gero ezin izan dau etorri, hutsune horreek beteten ibili gara.

Dana dala, BEC aretoa mugatua da, 4.000 ordenagailu sartzen dira. Euskal Encounter nahikoa arrakastatsua da, batez be Interneten asko mobiduten dalako; jenteak urtero-urtero gomendatzen dau.


4.- Ahoz ahozkoa da orduan da publizidade-kanpaina onena?

Amaieran inkestea egiten dogu, eta urtero galdetzen dogu ia zelan izan daben topaketearen barri. % 95ak lagun batek esan deutsola dino. Gure parte-hartzaileak oso fidelak dira. % 90ek dino hurrengo urtean be etorriko dala, ez da holan izaten, urtero % 40 barria da eta, baina asmoa behintzat bueltetea da.


5.- Bertoko ala kanpoko jentea, nondik datoz Euskal Encounterreko informatikariak?

Izena emoten dabenean hainbat datu jasoten doguz, holan badakigu erdia-edo Euskal Herrikoa dala, eta beste erdia ingurukoa. Estadu espainiarretik kanpokoak gitxi dira, % 4 edo % 5.


6.- Eta danak gazte-gazteak izango dira...

Ba, jente gaztea etorten da, baina helduak bere bai. Normalean, 16 urtegaz hasten dira etorten, 40 urte ingurura arte. Batez besteko adina 26-27 urtekoa izan zan igaz, eta aurten be antzera izango da. Dana dala, jente moltso handiena 20-24 artean dago.


7.- Kanpotik ikusita ez da erraza ulertzen... Zer egiten dau hainbeste jentek lau egunean, ordenagailuz inguratuta, BECetik urten barik?

Ba, lehiaketa piloa antolatzen doguz, hainbat atal daukaguz... Hona datozanak ez datoz lehiaketetan parte hartzera bakarrik, alkarregaz egotea be garrantzitsua da eurentzat. Jente desbardin asko batzen da, danei gustetan jakez teknologia barriak. Gustu komun horrek alkarregaz egoteko gogoa bizten dau, gauzak alkartrukatzeko nahia. Horrek danak sortzen dau hurrengo urtean be Euskal Encounterrera etorteko gogoa izatea.


8.- Kontraesana emoten dau teknologia barriak hain gogoko dituenek aurrez aurreko kontaktua hain gogoko izatea...

Jentea Internet bidez ezagutzen da, baina beste mueta bateko hartu-emona be behar dabe. Azken baten, gauzak ez dira bardin esaten sareko foro baten edo personea aurrez aurre ezagutzen dozunean. Euskal Encounterrek aukera hori emoten dau. Alde batetik hurrekotasun hori emoten dau, eta bestetik zeure antzeko zaletasun zehatza daukan personea topau zeinke, beragaz berba egin. Programatzaileak, soinu-egileak, grafistak... hainbat jente etorten da. Horreek danak kontaktuan ipini ezkero, lan barriak sortzen dira.


9.- Alkartruke horretatik, orduan, egitasmo barriak abiatzen dira?

Euskal Encounter hobby bat da, baina lan-aukeretarako lekua be bada. Party handia da, jente asko etorten da.


10.- Gaur egun inguruko handiena, ezta?

Gitxi dagoz hain handiak. Gure lanaren ondorioa be bada hori. Hemen gauzak beti egin dira beste modu batera, beti izan da boluntarioekaz egindako lana eta aurrekontu txikiagaz. Horregaitik segiduten dau, beste batzuk desagertu dira. Parte-hartzaileak be beti egon dira prest, edizino guztietan ateak zabaldu eta jakin dogu partaidetzea ziurtauta geunkala. Gaur egun estadu espainiarrean erreferente gara, eta Europan bere bai. Estaduan daborduko ez dago gurea moduko party handirik.


11.- Eta Europan, non egiten dira party handienak?

Finlandian, Suedian... hor inguruan dagoz handienak. Han be 4.000-5.000 ordenagailu inguru izaten ditue. Kontuan izan behar dogu holako party handi bat egiteko azpiegitura egokia behar dala, eta ez da erraza. BEC-ek aukera parebakoa eskaintzen dau, pabilioi erraldoi bat zutabe barik... Egia esan, beste leku askotan holako ekitaldiak desagertu egin dira.


12.- Ba, zuek 25 ordenagailugaz hasi zinien...

Bai, 35 ordenagailu eta 36 lagun, Urretxun. Apurka-apurka hazten joan ginan, teknologiekaz batera. Orain 21 urte ordenagailuak ez ziran gaur egun moduko gauza arrunta, gaur edonork dauka ordenagailua etxean, baina lehen... Asko igarri dogu hori. Ganera, herritarrak ordenagailua eta teknologia barrietara hurreratzeko egitasmo ugari egin dira hemen, guri onura hadia ekarri deusku. Gero eta jente gehiago sartu da mundu honetan, eta gero eta gehiagok izan dau gure barri.


13. Eta aurrera begira, zeintzuk dira Euskal Encounterren erronka nagusiak?

Bueno, lehenengo eta behin 21. edizinoa ondo ateratzea, hori da gure lehenengo erronkea. Aurtengoa amaitzen danean, ikusiko dogu, oraindino ez dakigu zer jazoko dan. Betiko lez, inkesta bat bialduko deutsegu parte-hartzaile guztiei, eurek esango deuskue nondik nora joan hurrengo urtean. Erabiltzaileen eretxia da garrantzitsuena. Inkesta horretaz aparte, urte osoan bialtzen deuskuez iradokizunak, iruzkinak, zer nahiko leukien hurrengorako...


14.- Zer da ba gehien eskatzen dabena?

Normalean atal barriak eskatzen ditue, jarduera barriak egitea. Jokoen arauak aldatzea eskatu euskuen, adibidez. Gauza praktikoagoak be egoten dira, dutxa gehiago ipintea-eta. Lau egun emoten ditue hemen, biziten, normala da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu