Lekeitioko 24. Nazinoarteko Kale Antzerki Jaialdia: zeruko jantzak eta hamaika istorio harrigarri
2013-07-15 15:18 KultureaIkusle kopuruari jagokonez, nabarmendu behar da zapatuko antzerkizale uriolea. Ikuskizunak lepo bete ziran eta giro ezin hobea izan da asteburuan zehar. Aurten, danetara 18.000 ikusle batu dira kale-arteez gozetako. Kulturea Lekeitioko garapen ekonomikorako aktibo garrantzitsua dala argi geratu da beste behin be.
Lekeitioko 24. Nazinoarteko Kale Antzerki Jaialdiaren irudirik gogoangarriena Sacude talde kataluniarrak eskaini deusku. Mica eta Sacu bikote artistikoa eleizako kanpantorrean jantzan izan da. Ikusgarria, harrigarria, zirraragarria… Sacude taldearen jantza bertikala. Zeruko jantzek ikusleak liluratu zituen. Jantza garaikide honek poesia karga handia eukan eta ederto astindu zituan hurreratu ziran guztien bihotz taupadak.
Lekeitioko jaialdiak artea egiteko espazio barriak bilatzen tematuta dago eta aurten kanpantorre gotikoantopau dau sormenerako leku parebakoa.
Frantziatik heldu ziran Picto Facto eta Rue Barre taldeek ondo erakutsi eben herrialde horretan dagoan sormen maila gorena. Rue Barreren Mario izeneko txotxongiloak bizitzaren alde ederra eta samurra erakutsi euskun. Picto Factokoek, barriz, puzgarriakaz egin daitekezan panpin harrigarriak plazaratu zituen. Irudimenak ez dauka mugarik.
Euskal kale-antzerkiaren sormen egoerea bikaina da. Goi mailako produkzinoak igaro dira jaialditik. Hortzmugaren lana harrigarria da. Alde batetik, plazaratzen dauen salaketea ez da ahuntzaren gau erdiko eztula. Munduan bortzakeriaren inguruan dagoan zurikeria agirian geratzen da. Beste aldetik, alde teknikoa guztiz barritzailea da, ikus-entzunezko erabilpena bikaina baita. Trapu Zaharra taldeak be gustuko dau giza-zurikeria agirian ixtea. Langabezian dagozan bi komikoen gorabeherak ez dira makalak. Umore handiz egiten deutse aurre bizitzari eta amesetan jarraitzeko konbita egiten deuskue. Aktoreen kale-interpretazinoa ezin hobea da. Markeliñe taldea, barriz, animazinoaren eremuan sartuta mundu magiko bat plazaratu eben ikusle gazteen laguntzaz, parte hartzea ezinbestekoa baita kale-ikuskizun honetan. Azkenik, Deabru Beltzak taldearen ikerketa barria nabarmendu behar da; orain, break dance jantzea dau ikusmiran eta zinez uri-kulturea ondo islatzen da lan txukun eta efektista batean.
Hegoaldetik datozen etorkinak dira Xarxa talde mediterraniarraren lanaren protagonistak. Barriro be, Hortzmuga edo Trapu Zaharraren lanetan lez, salaketea eta giza-konpromisoa agirian dagoz.
Tamalez, Ship of Fools (Zoroen Itsasontzia) ez zan porturatu. Ez eben baimenik izan Kantauri itsasoan zehar nabegetako eta ezin izan zan ikusi Moliereren antzezlana itsasontzi gainean. Halan da be, Idomekan Ship of Foolseko eskifaia agertu zan Lekeition eta kalejira ikusgarri bat egin eban.
Beste alde batetik, Stock Umorea Lekeitio Off programearen arrakastea itzela izan da. 9 taldek jaialdiaren txokoak hartu zituen eta kale-antzerki giroa berotu eta borobildu eben. Danetarik erakutsi dabe: clown, marionetak, antzerkia, irakurtaldiak... Off honetan parte hartu eben taldeen izenak ondokoak izan ziran: Zikosfera, JoGo Teatro, Patrika Zirkus, Micro Troupe, Rocky Marmota, Zirko Loretsua, Circo El Sainete, Karin Karan eta Madam Darina.
Ikusle kopuruari jagokonez, nabarmendu behar da zapatuko antzerkizale uriolea. Ikuskizunak lepo bete ziran eta giro ezin hobea izan da asteburuan zehar. Aurten, danetara 18.000 ikusle batu dira kale-arteez gozetako. Kulturea Lekeitioko garapen ekonomikorako aktibo garrantzitsua dala argi geratu da beste behin be. Hangoa ekarri eta hemengoa eroaten jarraitzen dogu, uste oso zaharrak eta aukera barriak alkartrukatzen. Lekeitio, kultur kaia dogu.
Hamaika istorio entzun eta hamaika zirrara jaso ondoren, Lekeitioko kultur kaia datorren urteari begira dago. 25. urtemugea dago hodeiertzean. Kale-arteen mundu liluragarria abian da sormenaren itsasoan zehar.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!