Euskereagazko jarrera linguistikoak neurtzeko galdetegi barri bat sortu dabe EHUn
2013-07-12 10:59 Euskerea berbagaiDBHko ikasleek euskereagazko dituen jarrera linguistikoak zein hizkuntza hori ikasteko daukien motibazinoa aztertu ditu Urtzi Ruiz de Azua irakasleak Euskal Herriko Unibersidadean (EHU) aurkeztu dauen doktore-tesian.
DBHko ikasleek euskereagazko dituen jarrera linguistikoak zein hizkuntza hori ikasteko daukien motibazinoa aztertu ditu Urtzi Ruiz de Azua irakasleak Euskal Herriko Unibersidadean (EHU) aurkeztu dauen doktore-tesian. Orain arte erabilten diran galdetegiek ikuspegi murriztua emoten dabelakoan, jarrera linguistikoak neurtzeko galdetegi barri bat sortu dau Ruiz de Azuak, alderdi kognitiboa, afektiboa eta jokabidezkoa buztartzen dituana. Modu horretan, gizartea jarrera linguistiko egokietan hezteak dauen garrantzia azpimarratu nahi izan dau lan honetan eta, era berean, heziketa hori gizarte osoari jagokola azpimarratu dau.
Urtzi Ruiz de Azua euskal filologoak urteak daroaz DBHko eta Batxilergoko ikasleei klaseak emoten, eta kezkagarria begitandu jako gazte horreetako askok eta askok euskereagazko erakusten daben jarrerea eta motibazinoa. Bide horretan konturatu zan jarrerei buruzko teoria gaurkotuenetan, hiru dimensinoko egiturea islatzen eban galdetegirik ez egoala. Izan be, orain arteko galdetegiek norbanakoaren jokabidea baino ez eben neurtzen; Jarrerak deskribiduteko, barriz, hiru dimensino kontuan hartu behar dira: kognitiboa, afektiboa eta jokabidea, gaineratu dau.
Horrenbestez, euskereagazko jarrera linguistikoak neurtzeko berariaz sortu eban JLG galdetegia. Galdetegi horrek ikasle bakotxaren alderdi kognitiboa, afektiboa eta jokabidezkoa neurtzen ditu, eta ikuspegi osoagoa emoten dau. Jarrera linguistikoakaz batera, euskerea ikasteko motibazino akademikoa be neurtu nahi izan da, eta horretarako CEAM II galdetegia erabili da. Azkenik, autokontzeptu akademikoa neurtzeko AUDIM galdetegia erabili da. Gaur egungo motibazinoaren teoriek aitatzen dabe autokontzeptu akademikoa motibazinoaren ezaugarri nagusienetako bat dala.
Ikasle bakotxak hiru galdetegiak bete ditu. Era berean, ikasleen errendimendu akademikoa neurtzeko euskera ikasgaian lortutako emoitzei buruzko datuak jaso ditu ikastetxeetatik.
Heziketearen garrantzia
Ruiz de Azuaren eretxiz, emoitzek frogatzen dabe euskereagazko jarrera linguistikoa eta hizkuntza hori ikasteko motibazinoa, autokontzeptua zein errendimendu akademikoaren artean lotura zuzen eta positiboa emoten dala. Holan bada, euskereagazko jarrera linguistiko positiboenak erakusten dituen ikasleek euskerea ikasteko motibazino akademiko altuagoa, autokontzeptu akademiko handiagoa eta euren errendimendu akademikoan emoitza hobeak izaten ditue.
Galdetegi horreen bidez zein doktore-tesian aztertutako bestelako aldagai soziodemografikoen bidez, D hezkuntza eredu linguistikoak dauen garrantzia azpimarratu dau tesi-egileak; D eredu linguistikoan matrikulautako ikasleek euskereagazko jarrera linguistiko positiboenak adierazoten ditue; A ereduan matrikulautakoek, barriz, negatiboenak, azaldu dau.
Egilea
Urtzi Ruiz de Azua Ormaza (Bermeo, Bizkaia, 1974), Euskal Filologian lizentziatua da eta DBH eta Batxilergoko irakaslea da gaur egun, eta DBHko ikasleen euskereagazko jarrera linguistikoak, motibazinoa eta errendimendu akademikoa izeneko doktore-tesia egin dau Gasteizko Irakasleen Unibersidade Eskolan.
Xabier Etxaniz Erle irakaslea eta unibersidadeko errektoreordea eta Arantzazu Rodríguez Fernández irakaslea izan ditu zuzendari doktore-tesian, eta EHUko PSIKOR ikerketa-taldearen laguntzinoa izan dau autokontzeptu akademikoari buruzko galdetegia atontzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!