Zientzia eta teknologia gastu publikoaren lehentasun izan beharko leuke, herritarren eretxiz

Bizkaie! 2013-07-11 12:32

Elhuyarrek 2012. urtean EHUko Kultura Zientifikoaren Katedreagaz eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailagaz batera egindako Euskal Herriko gizarteak zientziari eta teknologiari buruz dauen ikuspegiaren ikerketa 2012 txostenaren ondorioak aurkeztu ditu.

Elhuyarrek 2012. urtean EHUko Kultura Zientifikoaren Katedreagaz eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailagaz batera egindako Euskal Herriko gizarteak zientziari eta teknologiari buruz dauen ikuspegiaren ikerketa 2012 txostenaren ondorioak aurkeztu ditu. Euskal Herriko biztanleek pentsetan dabe zientzia eta teknologiaren inbersinoaren eta garapenaren helburuak Europako herrialde aitzindarien parera ailegau behar dirala.

Azterketearen helburua euskal gizarteak zientziaz eta teknologiaz daukan eretxia neurtzea eta haren diagnostikoa egitea izan da. Horrezaz aparte, euskal gizarteak gai horren ganean daukan ikuspegiaren bilakaerea aztertu dabe, 2008an batutako datuekaz alderatuz.

Ikerketearen emoitzak EHUren Bizkaia Aretoan aurkeztu zituen, Bilbon. Ikerketearen arduradunek emon eben emoitzen barri, bertan izan ziran Leire Cancio Elhuyarreko zuzendari nagusia, Miren Begoñe Urrutia Barandika Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Politika Zientifikoko zuzendaria, Juan Ignacio Pérez EHUko Kultura zientifikoko katedrearen arduraduna eta Maria Gil Elhuyarreko Zientzia Unidadearen zuzendari eta azterketearen koordinatzailea.

Ikerketeak ikuspegi kualitatiboa eta kuantitatiboa ditu; lehenengoan, 15 talde-dinamika egin dira, eta bestean Euskal Herri osoko 1.258 lagunek parte hartu dabe. Azterketa kuantitatiboak batutako informazinoaren arabera, lautik hiruk ikusten dau zientziak eta teknologiak desabantaila baino abantaila gehiago ekarten dituala. Modu batera edo bestera zientziari eta teknologiari lotuta dagozan lanbideak begi onez ikusten dira.

Interesari jagokonez, zientzia eta teknologiaren ganeko jakin-mina % 11 igon da 2006tik, eta handiagoa da gazteenen artean (15-29 urte). Zientziari eta teknologiari buruzko informazinoa Interneten eta telebistaren bidez jasoten da, idatzizko komunikabideek pisua galdu dabe.

Europar Batasunaren aldean, estadu espainiarra arlo zientifiko eta teknologikoan atzeratuta dagoala uste dabe herritarrek. Zenbat eta gazteagoa izan, orduan eta nabarmenagoa da perzepzino hori. Herritarrek uste dabe zientziak eta teknologiak gastu publikoaren lehentasun nagusietako bat izan behar leukiela. 2006ko datuekaz alderatu ezkero, % 18 hazi da uste hori.

Ikuspuntu kualitatibotik, Euskal Herriko biztanleen arabera, zientzia eta teknologiaren inbersino eta garapenaren helburuak Europako herrialde aitzindarien parekoak izan beharko leukie. Orain lau urte ikerketa zientifikoa aurrekontu publikoen menpe egoala nabarmentzen zan; gaur egun, barriz, krisi ekonomikoak inbersinoan, lan-baldintzetan eta ikerketa zientifiko eta teknologikoaren arloko etorkizuneko aukeretan dituan ondorioak dira diskursoaren ardatz. Diskurso sozialak talentuek iges egiteko arriskua aitatzen eban; orain, ostera, herritarrek ikusten dabe hori benetan jazoten dagoala.

Elhuyarreko zuzendari Leire Cancio Oruetak azaldu dauenez, hezkuntza formalak egituratzen dau zientziaz eta teknologiaz dogun perzepzinoa. Gure ardurea da zer jazoten dan hezkuntza formala amaitzen danean. Etena dago. Komunikazinoa landu beharreko arloa dala azpimarratu eban, etenik ez daian egon. Juan Ignacio Pérez Iglesias Kultura Zientifikoaren Katedrearen zuzendariaren eretxiz, emoitzarik interesgarrienetako bat da ikustea Internet dala informazinoa jasoteko iturrien artean gora egin dauen bakarra; batez be, jente gazteenaren, ondoen prestauta dagoanaren eta egoera sozioekonomikorik onena dauenaren artean, eta hori oso garrantzitsua da.

Ikerketa osoa leidu gura izan ezkero, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu