Futbola, nazino nortasunen ardatz
2013-07-09 14:55Ekain Rojok bere tesian aztertu dauenez, futbolak, hedabideei esker, eragin komunitario handia sortzen dau gero eta indibidualistagoa dan gizartean. Azken mendeetan, futbolak sekulako indarra hartu dau, izan be, kirol honen ahalmen nagusienen artean ordezkaritza gaitasuna dago.
Ekain Rojok bere tesian aztertu dauenez, futbolak, hedabideei esker, eragin komunitario handia sortzen dau gero eta indibidualistagoa dan gizartean. Azken mendeetan, futbolak sekulako indarra hartu dau, izan be, kirol honen ahalmen nagusienen artean ordezkaritza gaitasuna dago. Baina, aitatutako ahalmen hau ezin da ulertu hedabideen parte hartzerik barik, ikurren gordailu diralako eta, gainera, futbola bera ikur bihurtzen dabelako prozesu sozial batean. Ekain Rojo Nor Ikerketa Taldeko kideak aitatutako ideia hori defendidu dau oraintsu aurkeztu dauen tesian, Futbola eta hedabideak bikoa nazino nortasunen joko zelai garaikidea: XIX. mendetik XXI. menderako aingura izenburu lez dauena.
Gaur egun, futbola gaurkotasunezko gaia da, baina oraindino zer esan; Hedabideek politikoez, futbolaz eta nazino nortasunaz asko berba egiten dabela argi dago, eta, horrek, polemika handia eragiten dau. Halan da be, orain arte ez da gai honen inguruko azterketa bat egin gizarte zientzien ikuspuntutik, eta, horren faltea egoala pentsetan neban, autortu dau Rojok. Egilearen ustez, futbola XIX. mendetik XXI. menderako aingurea izan da, industrializazinoaren hasieratik. Futbolak babes kolektibo edo komunitario bat emon dau beti, gero eta indibidualistagoa dan gizarte honetan. Bai XIX. mendean, baita XXI. mendean be, indibidualizetako jokerea daukien gizarteetan sinbolo komunitario batzuk emon ditu, adierazo dau Rojok.
Bestalde, Rojok dinoanez, futbola ezinbestekoa da nazino ordezkaritzeari eta talde ordezkaritzeari loturiko sinboloak bereganatzeko. Futbola bera be sinbolo bilakatzen da, bitartekari bat, nazinotasuna plazaratzeko erabilten dana, autortu dau Rojok. Izan be, Afrikan eta Hego Amerikan kirol honek ehunka etniek estaduko futbol selekzinoaren garaipena alkarregaz ospatzea eta komunidade zentzua eregitea ahalbidetu izan dau, nazino bateraturik inon egon ez dan tokian. Australian, barriz, futbola Ekialdeko Europako immigranteen kiroltzat hartua izan da betidanik. Halan da be, bertako gobernuak Grezia, Italia, Serbia, nahiz Mazedoniako deiturak zituen futbol taldeei izena aldarazo eutsen, herrialde horreetako banderak astintzea eragotziz. Azken hau futbolaren indar sinbolikoaren adierazle garbia da baita be.
Egilearen eretxiz, Hegoamerika edo Afrika lako lurraldeetan, nahiz Europako estadu zaharretan, danetan erabilten da futbola testuinguru desbardinetan, batez be, estaduaren identidade nazionala aldarrikatzeko. Futbola beste kirolak baino ospetsuagoa bihurtu da, batez be kirol kolektiboa dalako, eta kirol kolektiboak ordezkaritza errepresentazinorako hobeak diralako, azpimarratu dau Rojok. Izan be, futbolak lotura hori XX. mende hasieratik beste kirol kolektiboek baino gehiago zaindu dauela pentsetan dau.
Gaur egun, futbola eta hedabideen arteko loturea ukaezina da. Hedabideek audientzia eta errentagarritasuna lortzen daben bitartean, futbolak, barriz, ospe edo gizarteragin bat lortzen dau hedabideei eske. Oro har, danei interesetan jake, bai arrakastearen bidetik, baita lehiaren bidetik be, autortu dau Rojok.
Bestalde, Espainia eta Euskal Herriaren arteko kasua berezia da, izan be, nazinoarteko futbola estaduetan oinarrituta edo eregita dago. Euskal Herria lako nazinoek egin leikien bakarra horri aurre egitea da, baina ez da erraza, estadurik bako nazinoak mugatuta dagozalako alde horretatik, azaldu dau Rojok. Horrezaz gan, aitatzekoa da baita be nazinoarteko futbol emonkizun nagusiak be estadu mailako telebista kateen esku dagozala eta azken horreen helburu nagusienetako bat nazino nortasuna goraipatzea dala. Horregaitik, estadurik bako nazinoak jokoz kanpo geratzen dira barriro be.
Ekain Rojo Labaien
1983ko martiaren 21ean jaio zan Donostian eta Ikus-entzunezko Komunikazinoa ikasi eban UPV/EHUn; hor egin dau tesia, Josu Amezaga Albizu irakaslearen zuzendaritzapean. Hiru urtez kazetari lanetan ibili da Berria egunkarian eta tesian egiten egoan bitartean hiru hilebete eta erdiko egonaldia egin eban Aix en Provencen (Frantzia).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!