12.000 lagun batu ditu jazzaren magiak Getxon
2013-07-08 12:12 MusikeaPoloniako talde eta artistek arrakastatsu jardun dabe Getxoko 37. Jazzaldian. Pernal Szkil Quintet izan da talde lehiaketako irabazlea, eta Artur Tuznik Trio bandako buruak, Artur Tuznik piano-jotzaile poloniarrak, jaso dau bakarlaririk onenaren saria.
Datorren urtera arte agur esan eban atzo Getxoko 37. Jazzaldiak. Pasa den eguaztenean abiatu zanetik eta bost egunez, 12.000 lagun batu ditu jaialdiak 37. ekitaldian. Kalidadea eta aniztasuna izan dira nagusi eta harrera ezin hobea egin deutsee zaleek aurtengo eskaintzeari. Ohi legez, Talde Lehiaketako banda gazteen eta ospe handiko artisten aldeko apustua egin da Getxon eta saio nagusietako hiru kontzertutarako sarrerak agortu egin ziran.
Izar handien egitarauak ikusmin handia sortu eban zaleen artean eta ez dau kale egin. Egungo bateria-jotzaile handienetariko bat dan Ignacio Berroa kubatarraren hirukoteak zabaldu eban jazzaldia eguaztenean eta biharamunean, Biotz Alai plazea lehenengo aldiz bete zan aurten, Stacey Kent abeslariaren eskutik. Artista estadubatuarrak saio bikaina eskaini eban eta horren amaieran You've Got a Friend abestia kantau eban ikusleakaz batera.
Barikuan, Al Di Meola itzuli zan Getxora. 1996. urtean be egon zan Al Di Meola eta John McLaughlinegaz hirukotea osotuz eta, orduan legez, sarrerak agortu egin ziran. Txalo zaparradea jaso eban kontzertuaren amaieran Beatles taldearen pieza ezagunak eta jazz fusinoaren konposizinoak jo ondoren. Zapatuan, Gonzalo Rubalcaba jazz afro-kubatarraren maisuak ia-ia plazea beteta lortu eban. Aurreko egunean lez, txalo ugari egon zan saioan, azkenengo bi biezetan, batez be, musikari karibetarrak bikain jo zitualako bakarka. Azkenik, amaiera ezin hobea izan eban bart jazzaldiak, Wynton Marsalisen eta AEBetako 15 instrumentista finenetakoak batzen dituan Jazz At Lincoln Center Orchestrearen eskutik. Saioan bere maisutasun teknikoa erakutsi eban jazz klasikoa eskainiz eta, amaieran, zutik jarri ziran zaleak artistak agurtzeko.
Talde Lehiaketea
Aurten be, talde gazteek garrantzi handiko lekua izan dabe Getxon. Talde Lehiaketa horren erakusle izan da. Aurtengo ekitaldian, Txekiar Errepublikako, Danimarkako eta Poloniako taldeak heldu dira finalera. Azken herri horretako talde eta artistak izan dira nagusi aurten eta lehiaketako lehenengo sari guztiak irabazi ditue. Pernal /Szkil boskoteak irabazi eban epaimahaiak emondako saria, Danimarkako Artur Tuznik Trio taldearen aurretik. Azken banda horretako piano-jotzaile poloniarrak bakarlari onenari emondako bi sariak (epaimahaiarena eta zaleena) eskuratu zituan. Azkenik, publikoak Freeway Quintet hautatu eban talde onena.
Talde Lehiaketako irabazleek 3.000 euro jasoko ditue, eta CD bat grabauko dabe. Ganera, Hoeilaarteko, Ibizako, Palmako eta Elorrioko jazzaldietan parte hartzeko aukerea izango dabe, Getxoko Jazzaldiak jaialdiokaz daukan lankidetza-hitzarmenari esker. Bigarren saria lortu dauen taldeak 1.200 euro jasoko ditu, eta bakarlaririk onenak, 600 euro.
Hirugarren Milurtekoa sailean be eskaintza anitza izan da. Bertan Stromboli, De Beren Gieren eta Nomadic Nature bandak izan dira protagonista, eta baita eskarmentu handiko taldeak be, esaterako Itxaso Gonzálezen boskotea eta Joaquín Chacónek, Gonzalo Tejadak eta Jo Krausek osotutako Promenade hirukoteak.
Urtero legez, kontzertu nagusiak amaitu eta gero, jam session saioak izan dira Algortako The Piper's Irish Puben. Bertan, Jon Urrutia Band jardun da lau egunez, jazzaldian parte hartu daben hainbat musikarik lagunduta, musika inprobisatua eskaintzen. Azkenik, Satistegi kafean Iñaki Ojinagaren erakusketea egon da. Bertan, artista horren lan grafikoa ikusteko aukerea izan dabe bisitariek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!