Arantzazun egoan Gabriel Arestiren 'Harrizko herri hau' familiari bueltau deutsie

Bizkaie! 2013-07-05 11:34   Kulturea

Arantzazuko fraileek eskuizkribua familiari bueltau deutsie; Meli Esteban Arestiren alargunak jaso eban Jose Mari Arregi frantziskotarraren eskutik. Arestiren familiak, Gabriel Aresti Kultur Alkartearen laguntzaz, poetearen obra oso eta bateratua gizarteari eskaintzeko asmoa dauela agertu dau.

Gabriel Arestiren (1933-1975) Harrizko herri hau poema liburuaren lehen argitalpena 1970ekoa da. Donostiako Lur argitaletxeak plazaratu eban. Jatorrizko testua, autoreak berak eskuz idatzia, Arantzazuko artxiboan egon da azken 40 urteotan, Enrike Villar editoreak orduko artxibozain Kandido Zubizarretaren eskuetan itxi ebanetik. Gandiaga Topagunea eraikinean, Arantzazuko fraileek eskuizkribua familiari bueltau eutsien atzo; Meli Esteban Arestiren alargunak jaso eban Jose Mari Arregi frantziskotarraren eskutik. Arestiren familiak, Gabriel Aresti Kultur Alkartearen laguntzaz, poetearen obra oso eta bateratua gizarteari eskaintzeko asmoa dauela agertu dau. Guk, batetik penaz baina bestetik gogo onez, erabagi dogu familiaren eskuetan jartea obra ospetsuaren eskuizkribua, berari jagokon jaubetzea errespetauta eta bere borondatea aintzat hartuz. Pozik ikusiko dau Arantzazuk Gabriel Arestiren obra osoa euskal literaturearen ikertzaileen eskura ipinita, esan dau Iñaki Beristain Arantzazuko fraileak.

Mikel Aierbe literatur ikerlari eta EHUko irakasleak topau eban Harrizko herri hau liburuaren eskuizkribua Arantzazuko liburutegian. Beste kontu batean lanean ebilela, Enrike Villar Lur argitaletxeko zuzendariarekin hartu-emonetan jarri, eta harek esan eutson eskuizkribua Arantzazun egoala. Villarrek berak eroan eban eskuizkribua Arantzazura. Eskuizkribua letra oso txukunez eta koloreetako orrialde laukidunetan idatzia dago. Alde bakarretik idatzita dagoz poemok, orrialde bakotxak bere poemea dauka, oso aurkezpen ederragaz; gainera, azala larruzkoa da. Aierberen esanetan, Harri eta herri-gaz (1964), eta Euskal harria-gaz (1968) batera Harria izeneko poema liburu saila osotu eban Arestik, bere ibilbideko esanguratsuena. Errealismo sozialagaz lotutako poesia landu eban horreetan. Iruditeria personal eta kolektibo bat batu zituan, besteak beste, zuhaitza, etxea eta harria kontzeptuak sinbolo modura erabiliz eta Jorge Oteizaren ikusmoldeagaz bat eginez.

Meli Estebanek esker oneko berbak egin zituan Jose Mari Arregi Arantzazuko frantziskotarren zaintzailearen eskutik jaso ebanean eskuizkribua: Eskerrik asko urteotan guztiotan hain ondo zaintzeagaitik eskuizkribua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu