Hizkuntzalari Euskaldunen I. Topaketea egin da Eibarren
2013-07-05 11:01 Euskerea berbagaiIñaki Segurolaren eretxiz, 300 urte barru peninsulako hizkuntza guztiak isildu egingo dira, gaztelania, portugesa eta euskerea. Ingelesa gailenduko da besteen gainetik eta akaso katalana izango da erdi bizirik gelditu daitekeena
Hizkuntzalaritzaz berba egiteko batu dira hainbat lagun Hizkuntzalari Euskaldunen I. Topaketan, Eibarko Markeskoa Jauregian, Udako Euskal Unibersidadeko (UEU) 41. Udako Ikastaroen barruan, eta Egungo ikerlerroak izenburupean.
Itziar Aduriz eta Ruben Urizar antolatzaileek UEUren lana azpimarratu eta topaketearen helburu nagusiak azaldu ditue, hau da, hizkuntzearen alorrean lan egiten daben euskal ikerlari eta profesionalak alkar ezagutzea, hizkuntzearen inguruko jarduera eremuak edo iker lerroak ezagutzea eta euskal hizkuntzalarien arteko alkarlana sustatzea.
Ondoren, Iñaki Segurola euskal idazle, filologo eta hiztegigileak Igarri, ikertu, jakin? berbaldia eskaini dau. Saioa hasteko, hizkuntzalaritzan zer ikertu beharko litzatekeenari buruz berak ez dakiela esan dau, horretarako zer jakin behar dogun jakin beharko geunke, gaineratu dau. Haren esanetan, ikerketei buruz erabagiteko dagozanak (boterea), diruaren barruan bizi dira eta hori hizkuntzalaritzan eta alor guztietan pasetan dan gauza bat da. Ikerlariei zer ikertu behar daben ez litzaiekela esan beharko adierazo dau Segurolak, ikertzeko gogoak bultzatuta mobidu beharko litzatekezalako, bere ustez.
Berbaldiko izenburura bueltauta, Segurolaren eretxiz, hizkuntzea ardura bako jakintza moduan interpretau izan da, hau da, inkontzienteki barruratzen doguna. Ikerketa-prozesuan be ezagutza horreek beren lekua dabela aldarrikatu dau, hau da, igarten dan hori. Ikertzea hori da, ikertze logikoa baino errespetuzko lotura bat lez hartu behar da, ikertuagazko amodiozko alkarrizketa bat lez, azaldu dau.
Doktoretza tesiak
Jarraian, ikerketeari buruz eta doktoretza tesiei buruz berba egin dau hizkuntzalariak. Tesiek garai bateko soldaduskearen funtzinoa beteten dabela esateaz gan (jentea nekatuta eta penatuta eukiteko helburua dauena), horreen bidez ikerlari purua ezjakin bat izatera kondenauta dagoala esan dau.
Segurolarentzat, ikerketea eta jakintza ez datoz bat. Horrezaz gan, berbaldiaren hasieran esan bezela, berak zer ikertu beharko litzatekeen ez dakiela errepetidu dau, baina bai ikertu behar ez dana, adibidez, euskerearen jatorria. Ez dago sekula heltzerik hizkuntza familia baten jatorri absolutu batera. Hizkuntza bat bestea baino zaharragoa dala esateak ez dauka logikarik, hizkuntzan beti baitago jarraipen bat, ziurtatu dau.
Euskerearen iraupena be izan dau berbagai, eta, bere ustez, 300 urte barru peninsulako hizkuntza guztiak isildu egingo dira, gaztelania, portugesa eta euskerea. Ingelesa gailenduko da besteen gainetik eta akaso katalana izango da erdi bizirik gelditu daitekeena, ganeratu dau.
Amaitzeko, belarrimotz jakintsuei kasu egitea ez dala komenigarria aitatu dau: euskerea zeozer maiuskuloa lez hartu eta jente arruntaren gainetik jarten dabe, baina azken finean, hizkuntzea jente arruntaren asmakizuna da. Euskera batuak egin dauen bide okerra be azpimarratu dau, berba barriak asmau, aldatu edota galarazoteko ohitura hori gaitzetsiz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!