Kale antzerkia sartuko da Lekeitioko portuan hilaren 12tik 14ra
2013-07-04 14:46 KultureaLekeitioko Nazinoarteko Kale Antzerki Jaialdia indartsu dator aurten be eta bertoko zein atzerriko konpainia barritzaileenak ekarriko ditue 24. ekitaldi honetan. Lehenengo aldiz, itsasontzi baten ganean antzerkia ikusteko aukerea egongo da eta, eleizako kanpantorretik zintzilik ikusi ahal izango doguz aktoreak beste emonaldi baten.
Lekeitioko Nazinoarteko Kale Antzerki Jaialdia indartsu dator aurten be eta bertoko zein atzerriko konpainia barritzaileenak ekarriko ditue 24. ekitaldi honetan. Lehenengo aldiz, itsasontzi baten ganean antzerkia ikusteko aukerea egongo da eta, eleizako kanpantorretik zintzilik ikusi ahal izango doguz aktoreak beste emonaldi baten. Aurten, ganera, Stock Umorea Off atala eukiko dau jaialdiak, proposamen barriak jentaurrean erakusteko txoko berezia.
Kulturea kargau eta deskargau egiten dogu Lekeitioko portuan, adierazo dau Pilar Robles Lekeitioko alkateordeak, kanpoko nobedadeak deskargau eta Euskal Herrian egiten dana kanpora atara nahi dogu. Holan, kulturearen kontrabandistak dirala aldarrikatu dabe antolatzaileek. Krisi sasoian murrizketei aurre egiteko gogoz dagozala adierazo dau Roblesek, Lekeitioko herriak gustuko dau kale antzerkia eta, danetariko kultur proposamenak be ez dira falta urtean zehar, Katu Baltz gaua, Bideo eta Zine Bilerea eta abar. Orain, uda guztietan legez, kale antzerkiaren txandea da, garagarrilaren 12tik 14ra. Uda aldia distiratsu agiri jaku jaialdi honi esker, Bizkaiko Foru Aldundiko Maitane Leizaolak esan dauenez, kalidadezko eskaintza kulturala batzen jako Lekeitioko irudi ederrari.
Stock Umorea talde antolatzaileko Imanol Agirrek azaldu dauenez, lehenago be ekarri izan doguz itsasoagaz lotutako ikuskizunak Lekeitiora, baina aurten, lehenengo aldiz, itsasontzi baten ganean egongo da antzerkia. Izan be, The Ship of the fools antzezlana Lekeitioko portuan, itsasontzi baten ganean, egingo dau Azart taldeak. Moilan harmailak ipiniko ditue ikusleentzat eta sarrerea kobrauko dabe (salbuespena da hori, normalean doban izaten dan jaialdi honetan). Ikusleak pisau egingo ditue eta, zenbat eta kilo gehiago, sarrerea garestiagoa izango da, 70 zentimo kiloko eta 77 kilotik aurrera 13 euroko prezio finkoa. Bariku, zapatu eta domekan, emonaldi bana egingo dabe.
Sacude konpainiak, bere aldetik, Lekeitioko basilikako kanpatorrea erabiliko dau barikuan bere ikuskizunerako. Aktoreak horman zintzilikatuko dira eta proiekzinoak be egongo dira. Kataluniatik datorren Xarxa (laugarren aldiz Lekeition) eta Frantziako Rue Barre eta Picto Facto (hirugarren aldiz datoz) konpainiek be lekua eukiko dabe. Era berean, bertoko antzerkilarien artean, Hortzmugak dakarren Ez zuten nik ikusitakoa kontatu emonaldia azpimarratu behar da. Hausnarketa sendoa da, kritika sakona egiten jako komunikabideen munduari eta gizarteko jokerei, azaldu dau Imanol Agirrek. Deabru Beltzak eta Trapu Zaharra konpainiak be Lekeition egongo dira.
Jaialdiaren osagarri, Stock Umorea Lekeitio Off saila eratu dabe aurten. Josu Bilbao antolatzaileak azaldu dauenez, eremu esperimentala izango da, jaialdi paraleloa, esperimentazinorako gunea. Nahi daben artistek, euren ikuskizunetarako eszenak, gag-ak eta abar frogatu ahal izango ditue, jentaurrean funtzionetan daben ikusteko. Lekeition aurten martxan ipini dogun Stock Umorea ikastaroaren osagarria da sail hau, ikasleei jentaurreko espazio bat emoteko, baina kanpoko artistek be parte hartu leikee. Nobedadea dan arren, harrera bikaina euki dau ekimenak, aurreko domekan hasi ziran Off saileko emonaldiakaz, artista askok izena emon dabe eta. Jaialdiaren osagarri izatea nahi dogu, herrira giro alaia eta parte-hartzailea ekarteko.
Lekeitioko Nazinoarteko Kale Antzerki Jaialdiak, 24. ekitaldi honetan, beste jaialdi eta kultur ekimen batzuekaz alkarlana hasi dau: Bilboko Kalealdiagaz, Donostia 2016 Fundazinoagaz eta Libourneko (Frantzia) jaialdiagaz, batik bat. Portuetan ideiak trukatu egiten dira eta uste dogu alkarlana beharrezkoa dala kulturan be, esan dau Pilar Robles alkateordeak. 65.000 euroko aurrekontua eukiko dau jaialdiak aurten eta, apustuari urte luzez eusteko asmoa daukie. Maitane Leizaolak azpimarratu dauenez, kale antzerkia herritarrei kulturea hurreratzeko bide aproposa da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!