Galdakaoko Vusa Eraikuntzak Bai Euskarari saridunen artean

Bizkaie! 2013-07-03 11:55   Euskerea berbagai

Anaje Narbaiza, Vusa Eraikuntzak enpresa eta Leitza, Areso, Goizueta eta Aranoko ziurtagiridunak izan dira sarituak. Bai Euskarari Ziurtagiriaren alkarteak eratu dau sari banaketea urtero legez.

Anaje Narbaiza, Vusa Eraikuntzak enpresa eta Leitza, Areso, Goizueta eta Aranoko ziurtagiridunak izan dira sarituak. Bai Euskarari Ziurtagiriaren alkarteak eratu dau sari banaketea urtero legez. Aurten Durangoko Plateruena kafe antzokian egin dabe ekitaldia Igor Elortza bertsolariaren, Gari Otamendi musikariaren eta Josu Maroto marrazkilariaren parte hartzeagaz.

Rober Gutiérrez elkarteko zuzendariak azaldu ditu Galdakaoko Vusa Eraikuntzak enpresearen merituak: Azken urteotan euskerea lan munduan txertatzeko egin dauen lana eta esfortzua nabarmentzekoak dira. Krisi garaian egon arren, euskera planagaz jarraitzen dau eta euskereagazko daben konpromisoa adierazoteko Bai Euskarari Ziurtagiria urtez urte barritzen jarraitzen dau. Eta barrura begira be txalogarria da errotulazinoan, itzulpenetan edota langileentzat euskera eskolak antolatzen egiten daben lana. Gizarteagazko konpromisoa be nabarmentzekoa da Ibilaldia lako ekitaldiak babesten.

Antton Luengo Salmenta osteko saileko arduradunak jaso dau saria. Pozik agertu da errekonozimenduagaz. Eta eraikuntza sektorean euskerearen presentzia txikia dala autortu arren, egunerokotasunean euskerea txertatzen ahalegintzen dirala esan dau: Neurri apalean bada be, gure hondar alea jarten dogu euskereari beste arnasgune bat emoteko.

Beste alde batetik, Leitza, Areso, Goizueta eta Aranoko ziurtagiridunek sari kolektiboa jaso dabe; lehenengoz jaso dau kolektibo batek. Eurek egindako lana txalotu dau Arritxu Zelaia alkarteko presidenteak: Bertako ostalari, merkatari, alkarte nahiz enpresek Bai Euskarari egitasmoagaz eta lan mundua euskalduntzeko helburuagaz erakutsitako konpromisoaz gan, lan jardunean euskerearen erabilerea areagotzen jarraitzeko helburua berresten dabe urtez urte.

Saria Leitzako Kultur Taldeko Juan Mari Barriolak eta Goizuetako Umore Ona Alkarteko Juan Inazio Loyartek jaso dabe, ganerako ziurtagiridun guztien izenean.

Horrezaz gan, Antzuolako Elay enpresako kidea da Anaje Narbaiza, eta enpresan garatutako euskera planagaitik emon deutsie saria.

Ekitaldiaren amaieran, Gutierrezek ziurtagiridunak eskertu gura izan ditu, eta euskerearen normalizazinoan eragiten dabiltzala autortu deutse. Zuzendariaren eretxiz, lan munduak hobetzeko izugarrizko tartea dauka, eta Ziurtagiriaren Alkarteak eragiten jarraitzeko espazioa. Jarraitzeko dinot, eragiten gagozalako, eta ez bakarrik maila teorikoan, baita maila praktikoan be, eguneroko jardunaz gan, Enpresarean lako egitasmoakaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu