Bilboko Itsasadarretik bisita antzeztuak egongo dira garagarrileko eguenetan

Dabi Piedra 2013-07-02 15:41   Kulturea

Bilboats enpreseak eta Hortzmuga Teatro antzerki konpainiak bat egin dabe ekimen barrian. Hilaren 4an hasi eta abuztuaren 1era arte, eguenero, ordubeteko ibilaldia egingo dabe itsasadarrean, Bilbo eta inguruko herrien historia ezagutarazoteko. Azalpenak emoteko, pertsonaia bi erabiliko ditue, kostaldeko antzinako lanbideak irudikatzen dituenak.

Bilboats enpreseak eta Hortzmuga Teatro antzerki konpainiak bat egin dabe ekimen barrian. Hilaren 4an hasi eta abuztuaren 1era arte, eguenero, ordubeteko ibilaldia egingo dabe itsasadarrean, Bilbo eta inguruko herrien historia ezagutarazoteko. Azalpenak emoteko, pertsonaia bi erabiliko ditue, kostaldeko antzinako lanbideak irudikatzen dituenak. Bisitak turistei begira antolatu ditue, eta erderaz, baina esperientziak ondo urteten badau, eskaintzea zabaldu gura leukie, euskerazko azalpenakaz eta bertokoentzako bisitaldiakaz.

Hilebeterako frogea da, azaldu dau Hortzmuga Teatroko Teresa Gutierrezek, krisi ekonomikoak leku guztietan eragin dau eta, sinergiak aprobetxau asmoz, alor bitako enpresa banak bat egitea erabagi dogu. Holan hasi dira Bilboats eta Hortzmuga alkarlanean. Bisitaldi turistikoak antolatzen dituan Bilboatsek itsasontzia ipiniko dau eta kale-antzerkian 20 urtetik gora daroazan Hortzmugak, aktoreak. Boga Boga Bilbao izena emon deutsie eskeintza barriari.

Bisitaldia Uribitarte kaian hasiko da eta, ordubetean, itsasadarra ia osorik ikusteko aukerea egongo da, Bilbo eta baita inguruko beste herri batzuk be. Bilboren iragana, oraina eta geroa kontau nahi doguz, eraikin zahar eta barrien, pasadizo bitxien eta historia handiko txokoen gaineko azalpenakaz, dino Teresa Gutierrezek. Itsasadarrak euki eban iragan industrialari garrantzia emon deutsie, gaur eguneko Bilbo liluragarria, ez zan holakoa izango, aurretik industria indartsu bat egon ez balitz, hori erakutsi nahi dogu. Itsasadarrak eraldaketa gogorrak bizi izan ditu eta aldaketon lekuko diran eremuak bisitauko ditue.

Jenteak historia ezagutzen dauen bitartean ondo pasetea nahi dogu, azpimarratu dau Gutierrezek. Horregaitik, azalpen guztiak Hortzmugako aktore bik emongo ditue, sasoi bateko itsasadarreko lanbide ohikoak ziran sirgeren eta sardineren moduan jantzita. Sirgerak, gaur egun, desagertu egin dira errekatik baina, lehen, ezinbestekoak ziran itsasontzi eta karga ontziak errekan gora eroateko. Sardinerak be, abesti ezagunetan lekua egin daben arren, lehenagoko bizimoduaren parte dira dagoeneko. Holan, galdutako lanbide biak gomutan izan nahi ditue eta, bide batez, itsasadarraren historia kontetako pertsonaia aproposenak dira. Antzezpen modura emongo ditue azalpen guztiak Hortzmugako aktoreek, kontakizun dinamiko eta umoretsu baten.

Zoritxarrez, baina, eta aktoreak pertsonaien euskalduntasuna nabarmentzen ahalegintzen diran arren, azalpenak gaztelaniaz baino ez ditue emongo garagarrileko eguenetako bisitaldietan. Hizkuntza gehiago sartzea, ekimenaren arrakastearen araberakoa izango da, Teresa Gutierrezen esanetan: Oraingoz frogea egingo dogu, turistentzako eskaintzeagaz eta, garagarrilean ikusten badogu harrera ona daukala, abuztutik aurrera luzatu egingo dogu. Irailean, dana ondo badoa, eskola-umeentzako bisita bereziak eskaintzen hasi gura leukie, eta turistentzat bakarrik ez, bertokoentzat beren-beregi preparautako azalpenakaz. Hor, euskerazko bisitaldiek lekua izango leukie. Bihar-etzi ingelesezko bisitaldiak be egin daitekez, konpainian badaukagu aktore bat ingelesez ondo moldatzen dana.

Boga Boga Bilbao bisitaldi antzeztuak Garagarrilaren 4tik abuztuaren 1era arteko eguen guztietan egongo dira martxan, eguen bakotxean bisitaldi bi: eguerdiko 13:00ean eta arratsaldeko 17:30ean. 16 euro izango da salneurria, hamar urte baino gitxiagoko umeek 8 euro. Errreserbea egiteko, hona idatzi behar da: bogaboga@bilboats.com

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu