Orotariko Euskal Hiztegiaren 3. argitaraldia aurkeztu dabe Gasteizen
2013-06-28 15:51 Euskerea berbagaiGaur, bagilak 28, Euskaltzaindiak Orotariko Euskal Hiztegiaren 3. argitaraldia aurkeztu dau Gasteizen, Eusko Legebiltzarrean. Bersino barriak, danetara, ia 3.000 sarrera barri -sarrera nagusi eta azpisarrera- izango ditu.
Gaur, bagilak 28, Euskaltzaindiak Orotariko Euskal Hiztegiaren 3. argitaraldia aurkeztu dau Gasteizen, Eusko Legebiltzarrean. Bersino barriak, danetara, ia 3.000 sarrera barri -sarrera nagusi eta azpisarrera- izango ditu. Aurkezpena honako honeek egin dabe: Andres Urrutia euskaltzainburuak; Ibon Sarasola egitasmoaren zuzendariak; eta Gabriel Fraile teknikariak. Eurekaz batera, Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidentea izan da.
Berbetan hasi da Tejeria, eta Legebiltzarraren eta Euskaltzaindiaren arteko alkarlana ekarri dau gogora: Indarrean dogu lankidetza hitzarmena. Honen barruan, bost hilebete barru, Euskerearen Nazinoarteko egunean, hemen izango gara Bernart Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae, Euskaldunon hizkuntzaren hasikinak liburua munduko hainbat hizkuntzetara itzulirik aurkezteko, mintzaira gehiagotan eskaintzeko euskerazko lehen liburua.
'Horregaz batera -gaineratu dau- esku artean dogu, nahiz oraindino prestaketa lanetan, Euskaltzaindiagaz alkarlanean gauzatu ahal izango dogun lege alorreko Terminologia egitasmoa. Horren bitartez, eskumena dogun administrazinoek –horreen artean Eusko Legebiltzarrak– legegintzan eta legebiltzarretako jardunean darabilgun euskerazko terminologia juridikoa arautu eta finkatuko dogu. Guk geuk, Eusko Legebiltzarrak, Terminologia egitasmo horren eskura jarriko dogu hemen sortutako ondarea, egun euskerearen geografia osoko era honetako nagusiena dana. Laster, seguru nago, izango dogu horren guztiaren barri.
Jarraian, Andres Urrutiak berba egin dau, eta eskerrak emon ondoren, gaurko agerraldiaren protagonista, OEH, aitatu dau. Gaurtik aurrera -azpimarratu dau- gure webgunean egongo da ikusgai Orotariko Euskal Hiztegiaren 3. argitaraldi elektronikoa. Bide batez, horretara buztartzen doguz teknologia barriak eta euskalgintzea. Ondoren, Euskaltzaindiak bere garaian agindutakoa bete dauela esan dau: 2005ean hartu genduan konpromisoa, eta beteten gagoz. Orotariko Euskal Hiztegia sarean dago, danon eskura, eta erabarritzen gabilz etenbarik.
Hiztegigintzearen oinarria
OEHren lehen bersinoa papelean argitaratu zan. Azken liburukia -hamaseigarrena- 2005ean kaleratu zan, eta handik lau urtera, 2009an, hiztegi osoaren oinarrizko bersino elektronikoa sarean jarri zan. 2011n, bigarren argitaraldia eskaini eban Akademiak eta orain, 2013an, hirugarrena. Bigarren argitaraldian, hasierako bost liburukien barrikuspen sakona egin zan, eta testu zahar batzuetako lekukotasunak gehitu ziran (Lazarragaren eskuizkribua garrantzitsuena izan zan). Gaur aurkeztutako hirugarren argitaraldian, barriz, ganerako hamaika liburukien barrikuspena egin da, izan be, Orotariko Euskal Hiztegia (OEH) deskribatzailea eta historikoa da.
Euskaltzaindiak egindako egitasmo handienetakoa da, handiena ez bada. Koldo Mitxelenaren ardurapean hasi zan egiten, eta lan taldearen burua Ibon Sarasola izan da. Hiztegi historiko honetan jaso dira euskeraz idatzi diran liburu esanguratsu gehienak, aro eta euskalki desbardinetakoak. Holan adierazo dau Ibon Sarasola egitasmoaren zuzendariak: Koldo Mitxelenaren Orotariko Euskal Hiztegia -esan dau- euskal literatur tradizino osoa batzen saiatzen da, lehen testu idatzietatik 1970a arte. Hiztegi hori idazteko, garai eta euskalki guztietako 400 liburu adierazgarrienakaz osoturiko corpus bat eratu zan, eta 785 autoreren lanaren erreferentziak batzen dituan datu base bat osotu. Lan hau 1984 eta 1989 artean egin zan batez be. Corpus eta datu base horreetan oinarrituta. Orotariko Euskal Hiztegia euskera idatzian erabili diran berba guztien barri fidagarria emoten saiatzen da, non, noiz eta zelan erabili diran adierazoz.
Orotariko Euskal Hiztegiaren garrantzia azpimarratu dau Sarasolak. Bere hitzetan, berau izan da Euskaltzaindiak eta beste erakunde batzuek azken 20 urtean gauzatu daben hiztegigintzearen oinarria; horreen artean Euskaltzaindiak kaleraturiko Hiztegi Batua eta Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta adibideak dalakoa, igaz argitaratu zana. Beraz, Orotariko Euskal Hiztegiak Euskera Batuaren bizkarrazurra osotzen dau. Hortik aparte, Orotariko Euskal Hiztegia da euskal filologiari buruzko ikerketetan gehien aitatzen dan obrea. Orobat, Orotariko Euskal Hiztegia obra aipatuenetarikoa da euskal hizkuntzalaritzako ikerketetan.
Azken hamaika liburukien barrikuspenaren oinarri nagusiak
Gaur aurkeztu dan hirugarren argitaraldian, hamaika liburukiren barrikuspena egin da, bigarren argitaraldian, hasierako bost liburukien barrikuspen sakona egin baitzan.
Gabriel Frailek azaldu ditu barrikuspen horren oinarri nagusiak. Honako honeek: hutsak zuzendu edo betetea, adibideak gehitzea, azpi-sarrera gehiago egitea (hitz alkartuak, esapideak, kolokazinoak, e.a.), eta esanahiak zehaztea, honen arabera adibideak sailkatuz, baita barriak sartuz be.
Frailek esan dauenez, aldaketa horreetako asko Euskaltzaindiaren Hiztegiaren lantaldearen iradokizunak edo proposamenak izan dira.
Garai, toki eta mota guztietako euskal berba-ondarea batzea
Orotariko Euskal Hiztegia obra deskriptiboa da, eta ez arauemoilea, ez normatiboa. Haren asmoa garai, toki eta mueta guztietako euskal berba-ondarea batzea da. Menderik mende eta euskalkietan zehar euskaldunak zelako hizkuntzea erabili daben ahalik eta osoen eta zehatzen azaltzeko helburua dauka hiztegi honek.
Orotariko Euskal Hiztegiko sarrera bakotxak, lehenengo, berbearen esanahia eskaintzen dau gaztelaniaz edota frantsesez -askotan bietan-, baita aurreko hiztegigileek berbeari buruz esandako guztia be. Ondoren, literatur tradizinoko adibideak emoten ditu, urtea be aitatzen dauelarik.
Lehen liburukiaren berbaurrea idazten ebilen Koldo Mitxelena hil zanean. Honela inoan: Zer esan, eta neurri zabal batean zer esaten dan, azaldu nahi litzateke, bada, hemen, eta ez zer esan behar litzatekeen. Irakurleari emon nahi jakoz aukerea egiteko behar leukiezan lanabesak, hautaketan hasi behar badau.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!