Imanol Alvarez: 'Kaleak emoten ditu hamar pausu aurrera eta hiru atzera'
2013-06-28 13:43 BarriketanOrain lau bat hamarkada hasi ziran gay, lesbiana eta transexualak bagilaren 28a ospatzen. Jaia eta aldarrikapena izaten dira Sexu Askapeneran Egunaren ardatz nagusiak. Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean manifestazino koloretsuak egingo ditue egunean bertan. Imanol Alvarez orain dala makinatxu bat urte hasi zan LGTB kolektiboaren eskubideen alde burrukan, EHGAM alkartearen sortzaileetakoa da.
1.- Hemen da barriro bagilaren 28a, Sexu Askapenaren Eguna. Zein dozue aurtengo lemea?
Aniztasun sexuala kalera da gure aurtengo lemea. Bilboko manifestazinoa Moyua plazatik hasiko da, 20:00etan. EHGAMen sexu aniztasuna aldarrikatuko dogu. Hori ipiniko dau gure pankarteak, baina talde guztionak sexu eskubideak aitatuko ditu, sexu eskubideak gozau, defendidu, erabili eta abar.
Manifestazinoaren ostean, EHGAMek afari-ikuskizuna egingo dau Bilboko Kafe Antzokian, musikea, jantzea, danetarik egongo da. Orduan banatuko doguz gure sariak, Urrezko Hirukia eta Trapuzko Espartina.
2.- Jaia eta errebindikazinoa, biak buztartuko dozuez bagilaren 28an...
Euskal Herrian oso ohikoa izan da jaia eta burrukea buztartzea, gu ez gagoz jaiaren kontra, baina ez dogu nahi, beste leku batzuetan lez, inauteri bihurtzea. Inauteriak, inauteri, eta manifak, manifa. Edukia izan behar dabe manifestazinoek, guri ez jaku musikea ipintea gustetan, aldarrikapena estaltzen dauelako. Gaur egun gitxi oihukatzen da ganera. Ohiturak aldatzen doaz.
Bagilaren 28aren inguruan, hilebete osoan, ekitaldiak antolatu izan doguz, berbaldiak eta zinema-zikloak, batez be. Aurten be egin doguz, baina urtez urtez gero eta gitxiago, hainbat faktore dirala eta. Diru-laguntzak murriztea izan daiteke arrazoietako bat, militante kopurua txikitu dala beste bat. Jenteari gero eta gehiago kostetan jako holango ekitaldietara joatea.
3.- Urrezko Hirukia sariak askapen sexualaren alde zeozelan lagundu daben persona, alkarte edo erakundeak saritzen ditu. Aurten, Ararteko erakundea da sariduna.
Eztabaida handia izan da, bai Urrezko Hirukia bai Trapuzko Espartina erabagiteko. Urrezko Hirukia Ararteko erakundeari emon deutsagu, LGTB arloan egiten dauen lanagaitik, baina batez be nerabe eta gazteei begira hezkuntza arloan garatutako Rainbow proiektuagaitik. Europa mailako egitasmoa da, gay alkarte batzuk eta gobernu batzuk dagoz barruan. Estadu espainolean Arartekoa da bakarra. Rainbow ekimenak sortutako material guztia euskeraz dago ikastetxeetan erabilteko.
Materiala oso ondo dago, pelikula laburrak dira, bakotxak bere fitxea dauka, eskolan irakasleagaz lantzeko. Lan izugarria egin dau Ararteko erakundeak. Baina ez dakit noraino heltzen dan proiektua, noraino hezkuntza sailak zabaltzen dauen materialea, eskoletara bialtzen dauen.
4.- Eta Trapuzko Espartinak barriz, gay-lesbianen eskubideak zapaldu dituenak agirian ixtea dau helburu. Eusko Jaurlaritzeari emon deutsazue saria.
Hemen be eztabaidea euki dogu. Hautagai asko geunkazan, baina betikoak, eleizgizonak, unibersidadeko irakasleak... Valentziako unibersidadeko irakasle hori euki dogu hautagai, eskolan astakeariak esan zituan ha; senarrak emakumea jo ezkero, emakumeak aguantau egin behar dauela, hori maitasuna dalako; homosexualidadea osatu daiteken gaixotasuna dala, eta abar. Ganera, ahalegintzen gara ahal danik eta hurren topetan sarituak. Azkenean, Eusko Jaurlaritzeak jaso dau Trapuzko Espartina, Hezkuntza Sailak batez be.
Batzuek Iñigo Urkullu lehendakaria saritu gura eben, Irango enbajadorea ohore guztiekaz hartzearren, euren herrialdean sexu eskubideen arloan egiten diran zapalketen ganean ezer esan barik, ezta emakumeen inguruan be ezer aitatu barik. Iranen homosexualak urkatu egiten ditue. Baina, azkenean Hezkuntza Saila aukeratu genduan.
5.- Zeintzuk dira ba Hezkuntza Sailaren merituak?
Gauza bat baino gehiago hartu dogu kontuan. Urteak aurrera doaz, eta Jaurlaritzeak, bardin da PSOE, EA edo EAJ egon ezer gitxi egin dabe, ez jake interesetan gaia. Sexualidade eta afektibidade arloan formazinorako egozan laguntzak nabarmen murrituz ditue, batzuetan zerora. Baina egoerea nahiko larria.
EHUk apirilean argitaratutako ikerketa batren arabera, euskal hezkuntza sisteman ez dago sexu hezkuntzarik. Batez beste, urte osoan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan 6 ordu emoten ditue, eta gehienatan eskolatik kanpoko profesional bat ekarten dabe, berbaldi bat edo emoteko. Arazo handia dago, irakasleak ez dagoz prestauta, eta Jaurlaritzea ez da prestaketaz arduratzen. Ez dago borondaterik.
EHGAMek unidade didaktiko bat egin eban aspaldi eskoletan erabilteko. Ahalegindu ginan ikastetxeetara bialtzen Eusko Jaurlaritzeren bitartez, baina ez egoan modurik. Azkenean, Berritzeguneetara eroatea lortu zan, bueno, bialdu baeben. Ez egoan modurik, ez ziran ausartu. Bigarren Hezkuntzako zentroetara gutuna bialdu behar izan genduan, eta nahi izan ebanak jaso eban materiala. Holan bideratu zan. Beste alkarte batzuek be antzeko materialak atara eta arazo bera izan dabe, ezin zabaldu.
2004-06an beste ikerketa bat egin zan Bilbon, Udalaren laguntzeagaz, eta datuek argi erakusten eben ume eta gazteek ez ekiela ezer, astakeriak besterik ez. Ez egoan ezelako formazinorik. 2009an, Gehituk beste azterketa bat egin eban Donostian, eta emoitzak antzekoak izan ziran. Urteak joan dira baina ez dago aldaketarik, ez dago ezer egiteko borondate politikorik arazoari aurre egiteko. Lotsagarria da. Horregaitik, Trapuzko Espartina Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari.
6.- Kontraesana emoten dau, saritu biak etxe berekoak-edo izanda...
Kontrapuntu biak dira, Arartekoak ondo egiten ditu etxeko lanak, baina Jaurlaritzeak ez ditu aprobetxetan.
7.- Zein da aukeratzeko gatxagoa, Urrezko Hirukia ala Trapuzko Espartina?
Biak dira gatxak, nork egiten dau zeozer deigarria saritzeko moduan? Jente ezezagunak egingo dau, baina guk ez dakigu. Espartinari jagokonez, eleizgizonez beteta daukagu sarituen zerrendea, baina beti bardin be... Jenteak astakeriak pentsau bai, baina esaten, gitxi ausartzen dira. Noizbehinka politikari batek esaten dau zeozer, baina kontrakoa be jazoten da. Badakizu zein alderdik egin eban protesta publikoa Irango enbajadorea etorri zanean? Ba, PP alderdiak. Nork eta PPk, gero eurek dinoez-eta astakeri handienak...
8.- Orain 36 urte sortu zan EHGAM, zeu zara sortzaileetako bat...
1976 amaieran hasi ginan idea mamitzen, baina jentaurrean 1977an aurkeztu genduan, bai, orain 36 urte. Anaitasuna aldizkarian egin euskuen lehenengo alkarrizketea. Lehenago be, taldea sortu orduko, gutun bat argitaratu zan Anaitasuna-n bertan, beste inork ez eban nahi izan atara. Orduan zuzendari zan Joan Mari Torrealdaigaz egin genduan berba. Eskutitzean, holango mobimentu bat beharrezkoa zala azaldu genduan.
9.- Hasierako helburu bardinak ditu EHGAMek, ala aldatu dozuez?
Helburu orokorrak bardinak dira, baina zehatzak aldatu dira. Gizarte bardintzaileagoa eta askatzaileagoa, zentzu guztietan, lortzea da gure helburu orokorra. Gure arloa sexu-afektibidadea, eta ez dogu hori ulertzen testuingurutik kanpo, orokortasun baten barruan ulertzen dogu. Gure filosofia, beste talde batzuk ulertu ez dabena, izan da beti beste mobimentu sozialekaz batera lan egitea. Hainbat taldegaz jardun dogu ekologistekaz, feministekaz, gaztetxeekaz eta abar. Batzuetan alkarteekaz alkartasun maila xumean jardun dogu, eta beste batzuetan alkarlanean ibili gara. Sare Antifaxistagaz, adibidez, aspaltik gabilz lanean, eta Ahaztuak-egaz be egin dogu lan, Frankismoko beste biktimen oroimenaren alde. Izan be, beste biktima horreek guztiz ahaztuta egon dira, Frankismoan homosexuala izatearren milaka lagunek jazarpena bizi izan eben, eta batzuk heriotzea bere bai.
Beste mobimentu sozialekaz ibili gara beti, ezin dogu gizartea geuk bakarrik aldatu, gizartea oso astiro aldatzen da. Alderdi askotatik ekin behar da, ganera.
10.- EHGAMen helburu zehatzak, beraz, aldatu dira?
Alkartea sortu genduanean helburu oso inportantea zan ikusgarritasuna lortzea, eta gaur egun be bada. Beste sexualidadeak ez ziran ikusten, baina existidu egiten ziran, ostenduta egozan. Apurka-apurka joan gara normalizetan, normalago bihurtzen, ze normaldu ez da egin. Astiro doa.
Legeei jagokienez, helburu oso zehatzak euki doguz. Lehenengo helburua izan zan Arriskutasun Legea kentzea. Guk izan genduan ezagun bat lege hori aplikauta kartzelan sartu ebena, homosexuala izatearren. Lege horren kontra egin genduan gure lehenengo manfestazinoa. Legea ez eben kendu, baina homosexualen kontrako atala desagertu zan. Garaipen garrantzitsua izan zan.
Ostean, beste lege batzuk izan dira, transexualidadearen ingurukoak, esaterako. Asko aurreratu da, ebakuntza kirurgiko barik be posible da izena aldatzea, baina oraindino badagoz gauza asko egiteko.
11.- Legeak asko aldatu dira, onerako, baina kalean be igarten da aldaketea?
Kaleak emoten ditu hamar pauso aurrera eta hiru atzera, bueno behintzat badira zazpi aurrera. Aurrera eta atzera gabilz. Krisialdia dala-eta ez dakigu zer pasau daitekeen. Krisia handitzen doan neurrian, etorkinek lana kentzen deuskuela eta hemendik joan daitezela entzuten da; badakigu guzurra dala, baina mezu erraza da populismoaren aldetik zabaltzeko. Beste mezu batzuk be hasi dira hedatzen, antzekoak edo; ez dago lanik emakumeek be lan egiten dabelako. Oso kezkagarria da.
Beste pausu txiki bat emon, eta etorri daitekez homosexualen kontrako jarrerak, adibidez, zergaitik emon eskubide berberak; zergatik emon laguntzea elbarrituei... Ustezko krisialdi hau erabili daiteke atzera joateko. Argi dago hamarkadetan, eta kasu batzuetan mendeetan, lortutakoak, atzera doazela. Gu ez gara salbuespena.
12.- Sarri izaten dira 'desbardinak' krisialdien ustezko erantzule, ezta?
Fobia guztiak dira ezezagunari deutsazun bildurra. Hortik dator gure betiko erreibindikazinoa, eta lana, ikusgarritasuna. Izan be, ikusten dogunera ohitu egiten gara, eta ohitzen bagara ez daukagu bildurrik. Gorroto hori bildurretik dator. Larritasun ekonomikoko momentuetan errazagoa da fobiak birsortzea, orduan hasten dira enbidia, ezinikusiak... Jenteak diferenteen kontra egiten dau holangoetan, erraza dalako, bai eskolan bai kalean. Bullying kasu asko-askotan, esaterako, osogai homofoboak izaten dira.
13.- Bai gizarteak bai legeak aurrera egin arren, ezin lorik hartu.
Inondik inora, kontuz ibili behar da. Gizartea aldatzen doa. Beste kultura batzuetako jente asko etorri da azkenengo urteetan, orain lehen baino urrunagotik. Kolore guztietako jentea etorri da, eta guri kolorea gustetan jakunez, ba alde horretatik, pozik gagoz. Baina, ez da azterketa sakonik egin behar konturatzeko etorri diranen jaioterria hau baino askoz matxistagoa, sexistagoa eta homofoboagoa dala. Baina, kontuz, populismoaren ikuspuntutik, esango dabe: etorkin guztiak kanpora!. Guk ez dogu hori esango inoiz.
Etenbako lana da hau, eten barik egon behar da hasten eta hazten. Gure ustez, plangintza bat egin behar da, arazoari zelan aurre egin aztertzeko. Persona horreekana heldu behar gara, esateko, hemen daukaguzan legeak eta ohiturak zeintzuk diran, eta gitxienez, errespetau egin behar dituela. Nahi dabena pentsau leikie, baina errespetau behar ditue. Bigarren pausua konbenzidutea izango litzateke... Dana dala, homofobo guztiak ez dira kanpokoak, hemen be asko daukaguz.
14.- Homofobiak es dauka holango esklusibidaderik, antza.
Anekdota bat kontau dot, ez dakit inoiz kontau dodan... ETB sortu barria zala, Amatiñok aurkezten eban mahai-inguru baten parte hartu neban. Saioetako bat ikus-entzule batek bialdutako eskutitza irakurriz hasi eban Amatiñok. 31 abizen euskaldun eukazan horreetako bat zan. Pozarren hartu eban euskerazko telebisinoa sortzea, baina ETBk duintasun guztia galdua eukan, bere esanetan, saio baten homosexualidadeaz berba egitearren, gai zikina zan-eta bere ustez. Zikina idatzi eban berba suabeenetakoa zan. Zorionez, urte asko pasau dira.
15.- Holango anekdota asko eukiko dozuz, ezta?
Bada beste bat... Sasoi baten erreportajeak idazten nituan Anaitasuna aldizkarian, Tomas Trifol zuzendariak eskatuta. Aldizkari serioa zan, batzuen eretxiz, aspergarria. Beste bizitasun bat emon nahi eutsien. Lehenengo testua Bilboko azkenengo kabaretari buruz izan zan, han egon ginan artistekaz berbetan, argazkiak ataraten. Handik gitxira, Henrike Knörren gutuna jaso eban zuzendariak, gitxi gorabehera telebistara heldu zan antzekoa. Zelan zan posible Anaitasuna moduko aldizkari serio, euskaldun eta duin batek holako tontakeri eta zikinkieriez berba egitea? Akaso, pentsauko eban holan lortuko ebala nik agerkariz ixtea, baina ez zan hori jazo. Gutun hori ez zan argitaratzeko, baina zuzendariak hurrengo zenbakiaren azalean atara eban, hondo baltza eta letra zuriak. Agirian geratu zan. Nik idazten segidu neban, baina berak ez, haserratu egin zan eta aldizkarian idazteari itxi eutson.
Hau anekdota hutsa da. Akaso beranduago beste eretxi bat eukiko eban, eta beste modu batera pentsauko eban. Gaur egun, Henrike Knör moduko inori ez jako otuko holango gutun bat idaztea, ez dauelako holan pentsetan, edo gitxienez badakielako agirian geratuko dala. Esangura horretan onera egin dogu, baina kontuz ibili behar da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!