Bagilak 29, Gernika Jai Alai Frontoiaren 50. urteurrena

Bizkaie! 2013-06-27 14:05

Gernika Jai Alai Frontoiak Gernika-Lumoko historian ditu bere sustraiak. 2000 akzinodunek eskuzabaltasunez emondako diruagaz eregita, Gernikako eta Busturialdeko bizilagunek izandako desioa errealidade bihurtu eben, frontoi barri bat, izan be, aurrekoa bonbardaketan suntsituta geratu baitzan.

Gernika Jai Alai Alkarteak, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Gernika-Lumoko Udalaren laguntzinoagaz, Gernika Jai Alai Frontoiaren 50. urteurrena ospatzeko ekintza egitaraua antolatu dau. Zesta-puntearen katedralaren mende erdia ospatzeko ekintzen egitarauak eraikinaren balore arkitektonikoak emongo ditu ezagutzera eta baita gizartean, ekonomian eta historian zesta-punteak izan dauen garrantzia be.

Datorren zapatuan, bagilak 29, Gernika Jai Alai Frontoiak 50 urte beteko ditu. Ospakizun honetarako Gernika Jai Alai Alkarteak frontoi enblematikoari eta zesta-puntearen ikuskizunari merezidu dauen autortza moduan, makinatxu bat ekitaldi atondu ditu.

Gernika Jai Alai Frontoiak Gernika-Lumoko historian ditu bere sustraiak. 2000 akzinodunek eskuzabaltasunez emondako diruagaz eregita, Gernikako eta Busturialdeko bizilagunek izandako desioa errealidade bihurtu eben, frontoi barri bat, izan be, aurrekoa bonbardaketan suntsituta geratu baitzan.

Instituzino legez, Gernika Jai Alai Frontoiak, enplegua, aberastasuna eta ospea ekarri eban geure herrira. Hor abiarazotako zesta-punta eskolea ezinbestekoa izan zan inguruko familia askorentzako eta nazinoarteko zesta-puntarako. Frontoi honetan ehundaka pelotarik debuta egin eben, mundu guztiko frontoietara joan ziranak gero, Europa, Amerika edota Asiara.

Arkitektureari jagokonez, eraikin izugarri baten aurrean gagoz, Secundino Zuazo Ugalde arkitekto bilbotar ospetsuak proiektautakoa. Frontoiaren ezaugarri arkitektonikoakaitik maisulan izendapena eskuratu eban, DOCOMOMO 2007 kongresu Iberikoak emondakoa. Kongresu hau izen bereko nazinoarteko fundazinoaren barruan dago, 1990ean sortutakoa; honen helburua gaur aroko ondare arkitektonikoaren inbentarioa egin, zabaldu eta babestea.

Era berean, 2012an Eusko Jaurlaritzeak Kultur Ondasun izentau eban Gernikako Jai Alai.


Berbaldia

Eraikinaren garrantzia ezagutzera emoteko eta zabaltzeko, bere 50. urteurrenaren egunean, bagilaren 29an, arratsaldeko 19:00ean, Gernika Jai Alai Alkarteak, frontoia eta zesta-puntearen kirola dinamizetako lan egiten dauen alkarte kulturalak, frontoiaren ezaugarri arkitektonikoen ganeko berbaldia antolatu dau. Hizlaria Lilia Maure Rubio madrildar arkitekto ospetsua izango da, Secundino Zuazoren lanean aditua.

Ander de la Fuente Arana, arkitekto gernikarrak aurkeztuko dau berbaldia.


Erakusketea

Beste helburu bat, zesta-puntearen gaineko ezagupena zabaltzea da, bere historia, dimensinoa eta munduan izandako zabalkundea ezagutzera emonez.

Horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Gernika-Lumoko Udalaren laguntzinoagaz, erakusketa bat antolatu da, zesta puntearen iragana eta oraina bai zaleari eta baita hasibarriari hurreratzeko.

Erakusketa honetan lehen aldiz aurkeztuko dira zesta-puntearen eta euskal kulturearen maitaleak izandako partikularrek emondako dokumentuak eta fondoak.

Erakusketeak datorren garagarrilarenk 17an zabalduko ditu ateak eta uda guztian zehar egongo da zabalik. Bizirik dagoan proiektu kulturala da hau, asmo ibiltariagaz.


Foroa

50. urteurrena kirola berreskuratzeko inflexino-puntua izatea nahi da. Zesta-puntearen alde egiteko, kirolaren oraina eta geroari buruzko eztabaida foroa antolatu da. Klub, federazino, enpresari, frontoietako arduradun, tokiko kirol arduradun edota komunikabideek parte hartzea espero da, zesta-puntea bultzatzeko bakotxak bere etorkizuneko proposamena aurkeztu daian.

Eztabaidea hiru ardatz nagusien inguruan planteau da: zesta-puntea oinarrizko eskola kirola, amateur kirola eta kirol profesionala.

Foroa garagarrilaren 19an egingo da. Interesa daben persona guztiek parte hartu ahal izango dabe bertan, foroa publikoari zabalik egongo baita.

Gernika Jai Alai frontoiaren 50. urteurreneko ospakizunak borobiltzeko zesta-puntearen ikuskizunagaz, edertasunagaz eta jokoaren indarragaz disfrutetako aukerea eskainiko da abuztuan. Bertan, zesta-puntako amateur eta profesionalak batuko dira eta garagarrilean aurkeztuko da prentsaurrekoan.

Sarrerea librea izango da berbaldian, erakusketan eta baita foroan be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu