Bilboko Brankak agur esango deusku astegoienean

Bizkaie! 2013-06-27 15:08

2007ko abenduan jaio zan Branka, hausnarketa eta eztabaida luzeen ondoren. Hedabide konbentzionaletan agiri ez zan Bilboren barri emoteko sortu zan, hedabideotan jasoten ez zituen Bilboren bestelako ikuspegiak, errealidade asko eta askotarikoak erakusteko.

Egin dogu bide bat, eta honaino heldu gara. Garai ekonomiko gogorra bizi dau Euskal Herriak, eta Branka ez da horreez librau. Bidean ahaleginak eta bi egin arren, ez dogu izan haren bideragarritasuna ziurtatzerik. Eta, ondorioz, ezin deutsagu eutsi orain arteko proiektuari.

Bilbon badago indarra, eta batez be beharra, komunikazinoa sareratzeko eta gehiengo barriak batuko eta sorrarazoko dituan komunikazino estrategia zabal eta integral bat antolatzeko. Baina askoren sostengua beharko dau, bide oparoa egingo badau.

2007ko abenduan jaio zan Branka, hausnarketa eta eztabaida luzeen ondoren. Hedabide konbentzionaletan agiri ez zan Bilboren barri emoteko sortu zan, hedabideotan jasoten ez zituen Bilboren bestelako ikuspegiak, errealidade asko eta askotarikoak erakusteko. Jente abertzale eta ezkerrekoek osoturiko Brankaren talde sustatzaileak helburu argi bat markau eban: isil eta ikusezin nahi zituen ahots horreen guztien bozgorailu izan behar eban Brankak, eretxi artikulu, albiste, erreportaje eta alkarrizketen bidez.

Filosofia horregaz ekin geuntson lanari, Bilbok aspalditik eban hutsuneari gaina hartu guran. Ilusinoz abiatu ginan, eta agerkari digitala eratzeaz gan, papelera be egin genduan salto. Hamar zenbaki atara genduzan bi urtean. 20.000 ale, zenbaki bakotxeko.

Sarean izandako harrerea ikusirik, webgunea indartzeko eta papela alboratzeko erabagia hartu genduan ondoren. Eta holan heldu ziran 2011n eginiko aldaketak. Goitik behera aldatu genduan Interneteko ataria, bideogintzeari garrantzia berezia emonez.

Sorreratik gaurdaino, diskurso bakarragaz amaitzea izan da gure apustua, eta hutsak huts eta bakotasunak bakotasun, gure txikitasunean Bilbon nagusi zan diskurso uniforme eta uniformatzaile hori higatzea lortu dogulakoan gagoz. Baina Euskal Herrian zabaldu dan aro barriari are egokiago helduko deutson komunikazino estrategia hausnartzea, eztabaidatzea eta erabagiak hartzea danon esku dago.

Brankak norabide bat markau dau itsas zabalean. Erein dau hazi bat, lur ia mortuan. Danon artean lur hori ontzeko aukerea dogu orain. Etorkizunean fruiturik emongo dauen danon esku dago.
Mila esker urteotan Branka izan zarien guztioi.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu