Galder Gaztelu-Urrutia: 'Internetek kalte baino mesede egingo deutso zinemagintzeari'

Koldo Isusi Zuazo 2013-06-24 12:08   Barriketan
Zinema zuzendaria

Nazinoarteko merkataritzan diplomaduna, urte batzuk emon zituan Europan zehar eta Londresen sentidu eban zinemeagazko pasinoa. Madrilen zinema ikasketak egin eta 2002. urtean, Basque Films produkzino-etxea sortu eban Carlos Juárez eta Raquel Pereagaz batera. Ordutik 8 film luze eta 24 film labur produzidu eta publizidadeko makinatxu bat iragarki egin ditue.

913 (2003) eta La casa del lago (2011) film laburrak dagoz Galderren filmografian eta azken horregaz sari partidea irabazi eban, tartean, igazko Plentziako I. Mikrofilm Short Festivalekoa. Gaur egun, barriz, lehenengo film luzea prestetan dabil.

Datorren garagarrilaren 5ean eta 6an, Plentzian egingo dan II. Mikrofilm Short Festivala gogoratuz abiatuko gara baina esateko gauza asko daukaz Galder Gaztelu-Urrutia bilbotarrak. Hona hemen:


1.- Plentziako I. Mikrofilm Short Festival irabazi zenduan igaz La casa del lago film laburragaz. Zelako mailea ikusi zenduan lehenengo edizino horretan?

Oso ona. Nazinoarteko jaialdia da izatez eta etxeko zinemagileak mimo handiz hartzen badira be, kalidadea da Plentziako hitzorduaren ezaugarri nagusia. Lehenengo edizinoa izan zan igaz eta halan da be, film labur sano onak izan ziran lehian. Igazko epaimahaikoak (Koldo Serra, Irene Bau eta Patxi Urkijo) eta aurtengoak (Haritz Zubillaga, Idoia Esteban eta Pedro Rivero) nortzuk diran eta aukeraketarako erabilten dituen erispideak jakinik, kalidadea bermaturik dago.


2.- Aurten, 248 lan aurkeztu dira, igaz baino askoz gehiago eta 15 aukeratu ditue lehiaketarako, bost kenduta beste guztiak kanpotik jasotakoak... Zer adierazoten deutsue datuok?

Igaz baino lan gehiago aurkeztea normaltzat hartu behar da ze lehenengo edizinoagaz burua erakutsi ostean, gauzak ondo egin badira, ahoz ahoko zabalkundeagaz eta bigarrenagaz eta ondorengoakaz jasoten da benetako errekonozimentua eta normala da jente gehiago aurkeztea.

Horrezaz gan, aukeratutako 15 lanotatik bost kenduta besteak kanpotik jasotakoak izateak esan gura dau, nire uste apalean, gurean be badagoala jentea film laburren munduan ibilbidea egin dauena eta kanpokoakaz lehiatzeko moduko lanak egiteko kapaz dirala.


3.- Zinema baltza dago Plentziako Mikrofilm Short Festivalaren oinarrian. Zergaitik dago genero baltzaren horrenbeste zale?

Niri asko gustetan jatan generoa da, edozein istorio kontetako aproposa da, personaien gorabeherak muturrera eroan daitekez eta tarteko bizipen guztiak asko sakontzeko modua egoten da. Alde estetikoan, iluntasuna, gaua, argilunak, giro itogarria eta itzalak osogai erabilienetakoak izaten dira eta edukiari jagokonez, barriz, gizartearen ikuspegi kritikoa, korrupzinoa, emakume zapaltzaileak eta gizon gogor eta zakarrak agertzen dira estilo horretako filmeetan. Nire ustez nahikoa arrazoi dira genero baltzak horrenbeste zale izateko.


4.- Makinatxu bat sari irabazi dozuz La casa del lago filmagaz. Egindako lana autortzeko ez eze, ateak zabaltzeko balio izan deutsue sariok?

Ez dakit, goizegi da sariok ateak zabaldu deustiezala esateko. Anekdota moduan esango deutsut, jasotako sari horreetatik guztietatik bakarra, Plentziako hori dala bakarra Euskal herrian irabazi dodana. Beste guztiak kanpoan jaso dodaz. Edozelan be, sariak beti dira positiboak eta pozgarriak, bide zuzenean zabilzala adierazoten dabe zeozelan eta bai, egia da, dei batzuk eta jaso dodaz, interesa sortu zan eta hori ondo dago. Baina krisi bolada gogorra gagoz biziten eta proiektuak aurrera atarateko zailtasun handiak dagoz orain.


5.- Aurretik 913 (35 mm, 16 min. Fikzinoa), 2003an eta La casa del lago (35 mm, 11 min. Fikzinoa), 2011n film laburrak egin izan dozuz baina lehenengo film luzea egiten zagoz orain. Zelan doa prozesua? Aurrekontua al da arazo nagusia?

Oraindino ez gagoz produkzino fasean, gidoia lantzen eta finantzazino prozesuan gabilz, produkzino aurreko fasean, hain zuzen be. Madrileko produktora batzukaz gabilz hartu-emonetan eta eta bizi dogun momentua holako zereginetarako onena ez dala jakin arren, ilusino handiagaz gabiz proiektu erakargarria izango dalakoan. Edozelan be, finantzazinoak baldintzatuko dau filma, aktoreak, baliabideak eta bestelakoak zehazteko orduan. Aurreratu neiken gauza bakarra da thriller bat izango dala, genero baltzekoa eta gustetan jatan moduan personaiak muturrera eroateko gogoa daukagu.


6.- Film luzeakaz alderatuta, laburrak bigarren mailakotzat hartu izan dira. Defendidu eizu film laburra...

Laburra izateak ez dau esan gura eduki eta interes txikiagokoa danik, ez dauka zertan. 10, 15, 20 minutu nahikoa izan daitekez istorio ederra kontetako. Dana dala, autortu behar deutsut niri gehiago gustetan jatazala film luzeak laburrak baino, personaiak, egoerak eta argumentua bera jorratzeko denpora gehiago dagoalako. Edozelan be, laburrak badaukaz bere birtudeak, berbarako, zuzendariak askatasun gehiago dauka ze, merkatutik kanpo egiten dozu lan, ez zagoz takilara begira, ez daukazu holako presinorik; ganera, film laburrak artistikoagoak izaten dira, luzeetan ez bezela, laburretan erabagiak norberak hartzen ditu eta ez daukazu lantalde zabala koordinetako beharrik.


7.- Film luzeetan zabor eta metraje larregi be egoten da sarritan baina beste batzuetan, gustora egon ezkero, labur geratzen jakuz. Zein da zure eretxia?

Zaborrarena edo metraje larregi ete dagoan film luzeetan nahikoa subjektiboa da, batentzat gehiegizkoa dana, bestearentzat egokia eta ederra izan daitekeelako. Baina egia da gusto kontuak aparte itxita, sarritan zuzendaria baldintzatuta dagoala, hau da, publikoa gogoan, gusto generalista batzuei lotuta egin behar dozulako lan eta egoera horrek holako gehiegizko metrajeak eta eragin leikez.


8.- Film luze bat egin arte zinema zuzendaria ez ei da zinema zuzendari bihurtzen, benetako konsagrazinoa film luzeagaz ei datorr. Bat al zatoz baieztapen horregaz?

Parte baten egia da hori ze film laburra oso gauza personala da, norberak finantzau eta egiten dau dana eta gaur daukaguzan baliabideakaz ia edozeinek egin leike film labur bat.

Film luze bat egiteko nahitaezkoa da jente gehiago sartzea lantaldean, laburren aldean, aurrekontua handiagoa izaten da eta horrek esan gura dau proiektua, gidoia eta abar ikusita jente askoren adostasuna eta oneretxia jaso dozula. Beraz, norberaren burua zinemagiletzat hartzeko uste dot ezinbestekoa dala film luzerako pausu hori emotea.


9.- Dokumentala sustatzeko bokazinoagaz jaio zan orain 54 urte Zinebi Zinema Dokumental eta Laburraren Bilboko jaialdia. Aurten 55. edizinoa izango da eta badago beraz laburragazko zaletasuna gurean...

Bai. Nazinoarte mailan Zinebi sano entzutetsua da, programazino bikaina eskaintzen dau hemengo eta kanpoko zinemagileen lanakaz eta urtero aretoak bete egiten dira. Badago zaletasuna, bai.


10.- 2002an Basque Films produkzino-etxea sortu zenduan eta orain arte film luzeak eta laburrak produzidu badozuez be, egun publizidadea da zuon lan arlo nagusia. Zelan joatzuez gauzak?

Krisiak bazter guztiak jo ditu, diru iturriak arlo danatan murriztu dira, baita publizidadean be eta, beraz, arlo bat bera be baztertu barik egiten dogu aurrera.


11.- Nazinoarteko merkataritzan diplomaduna zara baina zinemagintzan buru-belarri sartzeko erabagia Londresen hartu zenduan...

Bai, ikasketak amaitu ostean, Europan zehar emon nituan urte batzuk eta zinemagintzan serio sartzeko erabagia Londresen hartu neban. Zinemagintzako ikasketak egiteko Madrilera joan behar da; urtebete egin neban bertan, lehenengo kurtsoa baino ez neban egin ze amaitzen nengoala pelikula bateko lantaldean sartu nintzan eta ordutik bata bestearen atzetik sortu jatazan aukerak. Esan dozun lez, 2002an enpresea sortu genduan eta hor gabilz beharrean. Lan gogorra da, aurrekontuak asko murriztu dira baina gustora nabil, zinemaren mundua da gehien gustetan jatana eta hori da inportanteena. Gure beharraren % 90 nahikoa desatsegina da baina % 10 hori oso ona da, sano asebeteten nauena.


12.- Ikusitakoak ikusita, zinemagintzearen arloak zelan eboluzionauko dau?

Egoerea baltza da baina jarrera baikorra da nirea. Ikus-entzunezkoak gehien konsumiduten diran urteetan gagoz eta aurrekontu, finantzazino eta zerga arloetan, barriz, egoera negargarria bizi dogu. Internet be sartu da eta jentea ohitu da ikus-entzunezkoak eta doban jasoten eta kaosa da nagusi. Halan da be, hemendik urte batzuetara egoerea egonkortuko dala uste dot, egoera barrian jarrerak aldatzea eta leagearen ikuspegitik arau zorrotzak ezartzea espero dot. Oro har, Internetek kalte baino mesede egingo deutso zinemagintzeari. Oraingo deskontrolaren ostean, bihar-etzi tresna ezin hobea izango da Internet, erabiltzaileari berak gura dauena ikusteko sekulako askatasuna emoten deutsolako. Zinema zuzendarioan ikuspegitik, konsumoak ez dau behera egingo, formatoa aldatuko da, jentea ez da zinema aretoetara joango baina etxean konsumiduko ditu filmak edo ikus-entzunezkoak.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu