Orio(k) eta!

Gorka Intxaurbe Etxebarria 2013-06-24 10:46   Bertsolaritzea

Zarauzko taldea eta Gemma Urteaga izan ziran Orion, XXV. Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketan txapelak jantzi zituenak. Hata guzti be, irabazle asko izentau nituan neure kautan. Zapatuz, Karela kiroldegia bertsozalez josita egoala, patxadazko bertsoak ugari entzun genduzan.

Zarauzko taldea eta Gemma Urteaga izan ziran Orion, XXV. Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketan txapelak jantzi zituenak. Hata guzti be, irabazle asko izentau nituan neure kautan. Zapatuz, Karela kiroldegia bertsozalez josita egoala, patxadazko bertsoak ugari entzun genduzan.

Aurkezle beharretan Xabier Sukia oriotarra egoan. Epaile legez, barriz, Ekaitz Elorriagak, Ainhoa Mujikak, Joakin Arregik, Beñat Soulék, Mikel Beaumontek eta seirok jardun genduan. Idazkaria eta prentsa-arduraduna Maiteder Sasieta izan zan.


14 urtera artekoak (goizeko saioa)

Taldeak eta bertsolariak, honetxek:

- Ekialdeko taldea (Bizkaia): Iruri Altzerreka, Antxon Uriguen, Beñat Bilbao eta Bittor Altube.
- Zarauzko taldea (Gipuzkoa): Ione Makazaga, Irati Tolosa, Ane Peñagarikano eta Libe Goenaga.
- Leitzako taldea (Nafarroa): Xabat Ilarregi, Oiher Altzelai eta Joanes Ilarregi.
- Arabako taldea (Araba): Beñat Cano, Unai Etxenagusia, Mikelats Jausoro, Aroa Arrizubieta, Ibai Martin, Lexuri Gonzalez de Heredia, Ainhoa Barrio, Aitor Ugarte eta Martin Abarrategi.
- Kanbo-Xalbadorreko taldea (Lapurdi/Nafarroa Beherea): Oier Urreizti, Hodei Renteria eta Julen Bellan.

Egin beharrekoak: taldeko agurra, aurrezdik prestauta; lau oinak emonda, bi taldekidek zortziko handian edo txikerrean bertso bana; azkena emonda, taldekide batek bertso bat zortziko handian; gaia emonda, taldekide batek zortziko handian edo txikerrean bertsoa edo koplea.

Agurretan txapeldunak arabatarrak izan ziran, duda barik. Jenteak sano ondo pasau eban Ai, zapotxin eta Joseba Tapiak kantetan dauen Eta tira eta tunba doinuakaz egindako koplakaz: elegante preparau zituen. Ia hamar neskatxi-mutileko taldea igon zan oholtza ganera eta lehenengo agurreko leloak ederto azaltzen eban dana: Oholtzara igo gara, ba; lau behar ziren gu gehiago gara.

Zarauzko taldea sano fuerte hasi zan oinak emon eta segiduan. Iratik Tolosak eta Libe Goenagak brinean eta alkarren atzean urten eben bertso ederrok botaten:

Irati Tolosa

Euskera dabilela
larri eta estu,
horregatik hitz eiten
behar deu babestu.
Libre garela askotan
nik det, bai, amestu,
baina hori azkenen
dago gure esku.

Libe Goenaga

Betidanik egite'it
maitatu, babestu:
txikitatikan nago
ni amaren esku.
Oraindik besarkatze'it
fuerte eta estu...
holako ama batekin
denak deu amestu.

Halanda be, apurka-apurka Leitzako taldeak gorantza egin eban, eta pentsetan dot azkenerako irabazleakaitik hur-hur parau zirala. Horren seinalea da, berbarako, Xabat Ilarregik azkena emonda kantau ebana:

Xabat Ilarregi

Atzo gauean nik egin nion
ne buruari galdera:
ezagutzeko nere burua
eukiko al dut aukera?
Ni oso gaizki ez naiz egongo,
oso txarto ni... bai, zera!
Nork jakin nola egongo garen
hemendik hamar urtera?

Gaia emonda bertso bi dakartsuedaz: Hodei Renteria eta Ane Peñagarikanorenak. Bertso elegantea bota eban Hodeik eta Anek ederto aprobetxau eban bere bertsorako Hodeiri ipini eutsien gaia.

Gaia: Hainbeste denbora itxaroten eta hondartzara joan zaren lehen egunean itsasoa marmokaz beteta dago eta ezin da bainurik hartu.

Hodei Renteria

Hondartzara joan eta
marmokaz josita,
oinak busti ditut ta
egiten du pika.
Uretatik atera
naiz ni ta korrika:
holako egunetan
nahiago karrika!

Gaia: Oporrak hartu barri dozuz. Aitita-amamek deitu deutsue ea udan baserriko lanetan lagunduko deutsezun galdetuz.

Ane Peñagarikano

Oporrak, hara, iritsi eta
egin behar det aukera.
aitonak hala esan dit neri:
'Joan baserri aldera!'.
Marmoka asko hondartzan eta
botatzen dit nei atzera...
aitona ta ni gustora xamar
baserrin egongo gera.

Bizkor kantau eben gazteenek, ordubete pasau, baina ofizioen faltea igarri neban; izan be, handia da ume honeek daukien berezkotasuna. Goizeko saioaren ostean, bazkaria: jente arloa batu ginan Orioko Herri Ikastolan mahai luzangetan eta menua be aproposkoa ipini eben.


15-18 urtera artekoak (arrastiko saioa)

Peru Abarrategi (Aramaio, 1997)
Iñaki Tena (Gasteiz, 1995)
Txaber Altube (Abadiño, 1998)
Ander Gerrikaetxebarria (Zornotza, 1996)
Mikel Iturriotz (Urretxu, 1995)
Gemma Urteaga (Beasain, 1995)
Ortzi Murua (Azkaine, 1995)
Aitor Servier (Azkaine, 1997)
Mikel Lasarte (Barañain, 1996)
Maddalen Lopez (1997)

Egin beharrekoak: Hasierako agurra (bost puntukoa asko jota); ofizioka zortziko handian bina bertso; ofizioka zortziko txikerrean bina bertso; bakarka gaia emonda (bost puntukoa asko jota); koplaka, trikitilariak lagunduta, hiru kopla eta, akabetako, azken agurra (bost puntukoa asko jota).

Danek be bertso-saio ona osotu arren, giputzek eta lapurtarrek harrapau zituen lehenengo lekuak. Sano ondo kantau eben Ortzi Muruak eta Aitor Servierrek. Ortziren bozak eta ofizioetako nibelak, eta Aitorren kalidade eta umoreak aho zabalik itxi ninduen.

Aitor Servierren agurra

Orion nago gorputzez, baina
Baionan daukat bihotza:
gure aurkako gurutzadetan
dabil suprefet arrotza.
Baxoa euskaraz pasa ezina
da ikasleon morrontza.
Izan nahi nuke euskaraz bizi
nahi duten hoien ahotsa.

Gaia: Zuk, Ortzi, literatur lehiaketa bat irabazi dozu. Hori bai, Peio lagunak egin eutsun idazlana. Hamabost eguneko biaje bat da saria eta Peru biajea berari jagokola esanez etorri jatzu.

Ortzi Murua

Idazlanari zuk izana ta
nik eman nion izena.
Euskal herriko txoko batean
kokatu zenuen dena.
Orain bidaia nik hartua dut:
hartu hegazkina, trena...
nik izan nuen ausardia da
hemen balio duena.

Peru Abarrategik bidaia horretara eguzkiaz gozatzera berak joan gura dauela kantau eutsan eta Ortziren erantzuna, segidukoa:

Ortzi

Ba, bai dohaia Peru baduzu,
hori ezin dizut uka.
Zuri bidaia uztea, ordea...
ez dut nahi lekua truka!
Nik talentua azaldu dizut,
zuk nahi zenuen izkuta.
Ba, bai, etorri zuk nahi baduzu,
baina maletan sartuta.

Mikel Iturriotzek be txiri-txiri eta gorabehera handi barik patxadazko saioa egin eban. Zortziko handian ederto hasi eban Iñaki Tenagaz batera egin eban ofizioa.

Gaia: Orioko finalean abestu daben bi bertsolariren gurasoak zarie. Zureak, Mikel, Euskal Herriko txapela jantzi dau. Iñakirena azkenengo geratu da.

Nire semeak a ze saioa!
Nun utziko zuen lotsa...
Txapel ta guzti goaz etxera
hauxe bai dela pagotxa!
Hemen jolastu beharra dago
ta bertso artean goza,
baina txapelak, ene laguna,
beti ematen du poza.

Arrastiko ofiziorik osoena, nire eretxian, Ortzi Muruak eta Aitor Servierrek egin eben zortziko txikerrean. Bertso bizkorrak eta eleganteak, danak be. Aitor Servierren lehenengoa, ederra.

Gaia: Biok persona bera dozue gustuko. Persona horrek be zuek biok zaitue gustuko, eta egun baten hirurok batera harremana eukitea gustauko ete jatzuen preguntau deutsue.

Ortzi Murua

Nahiz aurretik enuen
pentsatu sobera...
lehen esango nuen nik:
'Bai zera! Bai zera!'.
Baina zergatik ez, ba,
nolako aukera!
Aitorrek ez badu nahi,
gu biok batera.

Aitor Servier

Oso zorrotzak dira
harremanen ertzak;
ez dira kamutsago
ditugun ametsak.
Horrekin ados nago,
egon zaitez, behintzat:
atxikiko zaitugu
etxeko lanentzat!

Ortzi

Lana ez den harremanik,
Aitor, ez al duzu?
Zuri begira hola
egoten naiz usu.
Ze aukera daukagun
ze poz ta ze luxu!
Hurbildu zaitez eta
emadazu muxu!

Aitor

Gure maitasun hori
doa gora-gora...
ménage à trois batean
guztion aproba.
Ez dizut muxu emanen,
maitasunen froga:
gero re hortarako
denbora izango da.

Gemma Urteaga txapeldunak ofizioei eutsi eta bakarrekoan eta koplaka egin eban gora. Ezagun dauka teknikea ondo dominetan dauena.

Gaia: Lehenengo zitea dozu lagun berezi bategaz. Prestetan zabizela, espilu aurrean jarri eta garau handi bat ikusi dozu ezpan ertzean.

Lige kontutan daude ez dakit
zenbat lege eta arau.
Zita honen zai egon izan naiz
milaka egun eta gau.
Ta orain granoa atera etzai'pa,
orain pasa behar zan hau!
Halanda guztiz, alaitasunak
nere barne hontan dirau:
gustoko banau, granoarekin
ere gustoko izango nau.

Gaia: Bata bestea baino harroagoak zarie. Atzoko parranda komentetan zabilze.

Gemma Urteaga

Atzo zuk asko ligatu zendun
ta gaur zaude horren alai;
nik horrenbeste enun ligatu,
baino enuelako nahi.

Txaber Altube

Ez zendun eta ligatu atzo
ez zara buruan jabe.
Pentsa ze ahalmena dudan, Gemma:
mozkortzen naiz edan gabe.

Gemma

Juergara pozik joaten zera,
benetan bejondeizula!
Belarritakokin uste al dezu
morbo gehio daukazula?

Txaber

Morboa dudan ala ez probatu,
orain daukazu aukera:
atzo ligatu ezendun eta
goazen biok batera.

Gemma

Barkatu, baina nik, Txaber, ez det
pentsatzen zure antzean:
zeren juergara zukin jun baino
hobeto nago etxean.

Patxi Etxeberriak jantzi eutsan txapela Gemma Urteagari. Akorduan euki artikulu honetan aitatu dodazan bertsolariak, ze hurrengo urteetan herri askotan entzungo dozuez bertsotan. Nik neuk subertea handia euki dot atzera be euren bertsoak epaitu ahal izanda.

BBK Sariketeagaz hasi neban denporaldia eta Orion akabau dot Euskal Herriko Eskolartekoagaz. Badaukat puntuazinoak zati baten ahaztuteko beharrizana; bertsoak, barriz, ez. Hurrengo artikuluetan, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian egongo diran protagonistak Bizkaie!-raino ekarten ahaleginduko naz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu