Badator Bilboko XIV. Kalealdia, Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdia
2013-06-18 15:51 KultureaGaragarrilaren 2tik 6ra egingo dan Bilboko XIV. Kalealdiak kalidade maila bikaina erakusten dauen programazinoa dakar, izan be, kaleko arte eszenikoen nazinoarteko panoraman lehen mailan dagozan konpainietako batzuen azken proposamenak batu ditu.
Garagarrilaren 2tik 6ra egingo dan Bilboko XIV. Kalealdiak kalidade maila bikaina erakusten dauen programazinoa dakar, izan be, kaleko arte eszenikoen nazinoarteko panoraman lehen mailan dagozan konpainietako batzuen azken proposamenak batu ditu.
Honezkero ohikoak diran Kale Nagusiaren inguruek eta Zazpi Kaleen inguruetako zenbait plazak 39 ikuskizun jasoko ditue, 20 konpainiagaz. Horreetatik 9 Frantziatik eta Belgikatik etorritakoak dira, zazpi Espainiatik, eta ATX Teatroa, Deabru Beltzak, Hortzmuga eta Turukutupa taldeak Euskal Herrikoak dira.
Konpainia guztiek euren azken lanak aurkeztuko ditue Bilbon, gehienak proposamen eszeniko barritzaileak, musikatik jantza garaikidera, kaleko antzerkiagaz, egitura mobikorrakaz edo zirkuko diziplinakaz egiten dan fusinoagaz batera, clown-a, malabareak, akrobaziak edo txotxongiloak, besteak beste.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, Metro Bilbaogaz eta Institutu frantsesagaz alkarlanean antolatu dauen Bilboko Kalealdiak ikuskizun nagusia edizinoari amaierea emoteko programau dau, Xarxa Teatre konpainia valentziar ezagunaren azken lanagaz. Konpainiak Arriaga plazea beteko dau Papers ikuskizunagaz, garagarrilaren 6an, gauerditik aurrera.
Ikus-entzuleen eta kritikearen artean arrakasta handia lortu dauen Xarxa Teatre taldeak joan dan maiatzean estreinau eban bere azken ikuskizuna, Papers, Vilarealeko Nazinoarteko Antzerki Jaialdian. Lan horretarako 12,5 metroko zabalerako eta 5 metroko altuerako aldamioa erabilten dabe, baina gauez eskaintzen dan ikuskizun horren gauzarik deigarriena, irudi indartsuak eta argi eta piroteknia efektuak dira. Papers, ahozko testurik ez dauen eta euren arazoei konponbide ekonomikorik topetan ez deutsien amorratutako personek osotutako talde zabalaren ilusinoak, itxaropenak, porrotak eta frustrazinoak transmitiduten dituan ikuskizuna da.
Ikus-entzuleen arreta piztuko dauen beste ikuskizunetako bat, Kalealdia inaugurauko dan egunean (Garagarrilaren 2an) urira helduko dana izango da. Subliminati Corporation konpainia frantsesak Le cabaret subliminal lana aurkeztuko dau Arriaga plazan. Suitza, Danimarka, Italia, Ingalaterra edo Mexiko lako herrialdeetatik igaro dan proiektuak lau diziplina buztartzen ditu: malabareak, kapelak, beatbox eta akrobazia, eta Mikel Ayala artista bizkaitarrak egingo dauen malabare ikuskizun bikaina jasoten dau.
Operea gurdi baten gainean
Garagarrilaren 2ko eta 3ko programazinoaren barruan, musika ibiltari proposamen interesgarria be jasoten da, Système Páprika frantsesen Cocottes zé Bagatelle ikuskizunaren eskutik. Tramankulu mobikor baten gainean, ikus-entzuleei abesti bidaia bikaina proposatzen deutse, hiru emakumeren, operako izar baten, piano jotzaile baten eta jantzari baten, eskutik.
Eguaztenean (Garagarrilaren 3an), formatu handiko gaueko beste ikuskizun bat programau da Arriaga plazan. Oraingo honetan, Gaztela-Leongo Zanguango Teatro taldeak ikus-entzule guztiei zuzendutako Aquí va a pasar algo ikuskizun komiko-poetikoa eskainiko dau.
Jaialdiaren erdian (Garagarrilak 4), Arenalak Ouch entertainment et zirk théâtre co-production konpainia belgikarraren ikuskizun dibertigarria jasoko dau, musikan eta komikotasunean oinarritutako ikus-performancea. Kevin Brooking eta Colm O´Grady artista aditu bik muturreraino eroaten dabe krispetakaz eta zartaginakaz egindako inprobisazinoa, horreek baitira protagonistearen jantzi bakarrak. Egun horretan bertan, Arriaga plazeak jaialdiko formatu handiko beste ikuskizunetako bat jasoko dau, Compañía de Circo EIA katalanen Capas ikuskizunagaz. Oraingo honetan poesiaz eta umorez beteta dagoan eta zirkua, jantzak eta musikea nahasten dituan ikuskizuna proposatzen dabe. Ikus-entzuleek akrobaziez, saltoez, giza-piramideez eta beste irudi tekniko bikain ugariz gozau ahal izango dabe.
Bertoko konpainiak
Bilboko XIV. Kalealdiak, kaleko Arte Eszenikoetako euskal produkzino lan barrienetako batzuk aurkeztuko ditu ATX Teatroa, Deabru Beltzak, Hortzmuga eta Turukutupa taldeen eskutik.
Kalea hartuko dauen lehenengoa, Plaza Barrian (Garagarrilaren 3an) Drumbreak jantza ikuskizuna, break dance eta perkusino fusinoa, erritmo eta koreografia burruka, aurkeztuko dauen Deabru Beltzak taldea izango da. Hortzmuga taldeari jagokonez, boterearen, politikearen eta komunikabideen arteko lotureari buruzko gogoetea dakarren Yo estuve allí y … no lo contaron como yo lo vi ikuskizuna eskainiko dau. Garagarrilaren 5ean, gaueko 23:30ean, lan horren gaueko emonaldia eskainiko da Arenaleko kaian.
Turukutupa konpainiak, ikus-entzule guztiei zuzendutako Rezikletas musika ikuskizuna eskainiko dau garagarrilaren 5ean eta 6an. Bertan, lau antzezle-musikarik, kontzertu ibiltaria erakusten dauen eszenaratzea egiten dabe, erabat akustikoa dan eta birziklautako eta berrerabilitako materialetan oinarrituz egindako soinu euskarriagaz. Amaitzeko, ATX Teatroa taldeak, 2012ko Umore Azokan aitamen berezia jaso eban Gnosia lana ekarriko dau Arriaga plazara. Erabateko gaurkotasuna dauen ikuskizun ziklikoa da, boterearen zentzunbakokeriaz, gure sumisino jarreraz eta ezinbesteko iraultzaz.
Tailerrak eta ikastaroak
Barrikuntza lez, aurten zirkuko profesionalei zuzendutako bi ikastaro izango dira. Lehenengoa, Mikel Ayalak eskainiko dauen malabare ikastaroa da, Harrobian eskainiko dana, garagarrilaren 2an eta 3an, goizeko 09:30etik 11:30era. Koblakariren laguntzinoa dauen eta gorputzen eta objektuen manipulazinoan oinarritzen dan bigarrena Harrobian eta Zirkozaurren eskainiko da. Biak be dobakoak dira, baina beharrezkoa izango da aurretik izena emotea. Horrezaz gan, garagarrilaren 6an, familia guztiak bere gorputz adierazkortasuna eta antzezpenerako doaiak aztertzera bideratutako sorkuntza tailerrak antolatu dira Plaza Barrian, Eskena 2.0ren eskutik. Tailer horreetan parte hartzea librea da, eta ez da zertan izenik emon behar.
Bilboko XIV. Kalealdiaren egitarau osoa ikusteko klik egin hemen
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!