'Literaturea eta konpromisoa' izenburupean, Lucia Etxebarria eta Arantxa Urretabizkaia protagonista

Bizkaie! 2013-06-17 15:43   Kulturea

Literaturea eta konpromisoa izenburupean, Lucía Etxebarria eta Arantxa Urretabizkaia izango dira protagonista, bagilaren 18an, martitzenean, arratsaldeko 19:30ean; moderatzaile lana, barriz, Iñaki Esteban kazetari arabarrak egingo dau.

Jentaurreko alkarrizketearen bitartez literatura hurreratzea proposatzen dauen Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren Eztabaidak literatureagaz ekimenaren hitzordu barrian, Literaturea eta konpromisoa izenburupean, Lucía Etxebarria eta Arantxa Urretabizkaia izango dira protagonista, bagilaren 18an, martitzenean, arratsaldeko 19:30ean; moderatzaile lana, barriz, Iñaki Esteban kazetari arabarrak egingo dau.

Lucía Etxebarriak (Valentzia, 1966), Filologia ingelesean eta Kazetaritzan lizentziatuak, 1996an argitaratu eban bere lehen lana, La historia de Kurt y Courtney: aguanta ésto izenburuko Courtney Loveren eta Kurt Cobainen eleberri biografia, hain zuzen be. Hurrengo urtean Amor, curiosidad, prozac y dudas, bere lehenengo eleberria argitaratu eban. 1998an, Nadal Saria irabazi eban Beatriz y los cuerpos celestes bere bigarren eleberriagaz. Nobela bi horreek zeozelan autobiografikoak dira, eta izaera feministea dabe. Nosotras que no somos como las demás (1999) izan zan Lucia Etxebarriaren hirugarren eleberria.

Lucía Etxebarriaren lana 20 hizkuntzatara itzuli da eta, horrezaz gan, poesia lanak be argitaratu ditu, berbarako, Estación de infierno (2001) eta Actos de amor y placer (2004).

Ya no sufro por amor (2005) lanaren ondoren, idazleak beste eleberri bat argitaratu eban 2007an, Cosmofobia. Bertan, Madrilgo Lavapiés auzoan bizi diran hogei personaiaren bizimodua kontetan dau. 2009an, Goyo Bustosegaz alkarlanean, El club de las malas madres izeneko saiakerea argitaratu eban. 2012ko zezeilaren 14an, beste batzuekaz batera, AllegraMag magazine digitala jarri eban martxan.

Euskaltzaindiko kide dan Arantxa Urretabizkaiari (Donostia, 1947) jagokonez, 70eko hamarkadan hasi eban bere literatur lana.

Zergatik Panpox? eleberriagaz (1979), Arantxa Urretabizkaia gerra osteko euskal narrazinogintzako egile garrantzitsuenetakoa bilakatu zan. 1981ean, Ignacio Aldecoa X. ipuin lehiaketea irabazi eban, Baina ez egunero lanagaz. Lan horren ondoren, Maitasunaren magalean poema liburua, 1982ko Kritikaren Sari Nazionala, Aspaldian espero zaitudalako ez nago Sekula Bakarrik (1983), Saturno (1987), Aurten aldatuko da nire bizitza (1991) eta Koaderno gorria (1998) argitaratu zituan.

Olerkari lez, bere lehen lanak Euskal Literatura 1972 izenekoan argitaratu zituan, eta 1990ean, Julia Otxoak argitaratutako Poetas Vascos antologian agertzen da.

Idazle donostiarrak zenbait filmaren gidoiak idatzi zituan beste batzuekaz batera, Albaniako Konkista (Alfonso Ungría, 1983) eta Lauaxeta – Lau haizetara (J. A. Zorrilla 1987), eta, horrezaz gan, 1986an, Xabier Elorriagak zuzendutako Zergatik Panpox? bere eleberriaren gidoia be idatzi eban. Arantxa Urretabizkaiak prentsan, irratian eta telebistan be egin dau lan.


Seigarren edizinoa

2007ko urtarrilean Eztabaidak literatureagaz egitaraua martxan jarri zanetik, Bidebarrietako Liburutegiko Ekitaldi Aretoak idazle bikoteen arteko alkarrizketak jaso ditu, besteak beste, Ana María Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Fernando Marías eta Toti Martínez de Lezea, María Dueñas eta Lorenzo Silva, Alberto Vázquez-Figueroa eta Almudena Arteaga, Jordi Esteva eta Rosa Regás edo Juan José Millás eta Pedro Ugarte.

Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena, idazleakana hurreratzeko era barria izan da, jentaurreko alkarrizketearen edo eztabaidearen bitartez, aurretik proposatutako gai batean oinarrituz. Egitarauaren helburua literatureagaz alkartzeko topalekua eskaintzea izan da, zeharkako ikuspegitik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz (arkitekturea, musikea edo matematikak, besteak beste), edo literaturearen genero batean oinarrituz, genero horretan sakonduz, egileen eskutik.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu