.eus, euskerearen herriaren domeinua onartu dau ICANN erakundeak

Bizkaie! 2013-06-17 11:02

2012an eskaerea egin eban PuntuEus fundazinoko kideak pozik agertu dira Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan egindako agerraldian, baina ohartarazo dabe domeinua bera ez dala helburua, tresnea baino. 2014ko apirilean hasi ahal izango da webguneak .eus domeinuagaz erregistretan.

Euskereari eta euskal kultureari Interneten ikusgarritasuna emoteko asmoz orain sei urte abiatutako prozesuak lehen mugarria izan eban joandako barikuan: Interneteko domeinuak arautzen dituan ICANN erakundeak oneretxia emon deutso .eus domeinuari. 2012an eskaerea egin eban PuntuEus fundazinoko kideak pozik agertu dira Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan egindako agerraldian, baina ohartarazo dabe domeinua bera ez dala helburua, tresnea baino. 2014ko apirilean hasi ahal izango da webguneak .eus domeinuagaz erregistretan.

Datozen hileotan ICANNegaz kontratua sinatuko dau PuntuEus fundazinoak, domeinuaren administrazinoa, kontrola eta kudeaketea bere gan hartzeko; proba teknikoak be egin beharko ditue, .eus martxan jar daitekeela ziurtatzeko. Iratxe Esnaolak eta Joan Mari Torrealdaik fundazinoaren izenean azaldu dabenez, lehen mailako domeinu orokorra izango da .eus, hizkuntza eta kulturearen atalekoa. Hain zuzen, horrek atzeratu dau prozesua, erabilera orokorreko domeinuen alorrean ia 2.000 eskari jaso zitualako ICANNek igaz.

Torrealdairen berbetan: Euskerearen herriaren nazinoarteko autorpena da, .eus lehen mailako Interneteko domeinua baita, hau da, komunidadearen garapen lokalerako tresna global bat. Domeinua martxan jarteak beste pausu bat aurrera egitea ekarriko dau: Nazinoarteko autorpenetik harago, euskerearen herria munduaren aurrean ikusgarri bilakatzeko modua izango da.

Gauzak holan dirala, ikusgarritasun hori gero eta handiagoa izan daiten, domeinura ahalik eta webgune gehien erakartea izango da hurrengo helburua. .eus erabili ahal izateko erispideak bat datoz PuntuEus fundazinoaren filosofiagaz, Esnaolaren arabera: Domeinuak helburu batzuk ditu, Interneten euskerea eta euskal kulturea sustatzea, eta horregaitik .eus-ek ezin dau .com izan, ezin dau edozein webgune onartu, ez geunkelako helburua betetea bermatuko.

Bi erispide dagozala adierazo dau. Lehenengoa, hizkuntzeari jagoko: webguneak euskerazko bersinoa euki behar izatea. Ez dogu %100 euskeraz izaterik eskatuko, gure errealidade soziolinguistikoa kontuan hartu behar dogulako. Webgunea edozein hizkuntzan egon daiteke, baina euskerazko bersioa euki beharko dau, eta denporeagaz garatzen joan behar dau. Bigarrena, euskal kulturea ardatz izatea.

2008an sortu zan PuntuEus Alkartea, eta 2012an fundazino izaerea hartu eban, ICANNen eskaerea egiteko. Hamar kide izan zituan taldeak hasieran: Euskaltzaindia, Euskerearen Gizarte Erakundeen Kontseilua, Euskal Konfederazinoa, Euskal Idazleen Alkartea, EITB Euskal Irrati Telebista, EHU Euskal Herriko Unibersidadea, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazinoa, Ikastolen Alkartea, Euskal Herriko TelekomunikaziNo Injineruen Alkargoa, Euskadiko Informatika Injineruen Alkargo Ofiziala eta Internetika.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu