Eusko Ikaskuntzak eta Euskaltzaindiak lankidetza hitzarmena sinatu dabe

Bizkaie! 2013-06-13 15:31   Euskerea berbagai

Lan egiteko tresnea, horixe da, Andres Urrutiaren esanetan, gaur sinatu dan hitzarmena. Bi erakundeon arteko adostasun bat, aurrerantzean alkarregaz proiektuak garatzeko borondatea adierazoten dauen dokumentua da, gaineratu dau Iñaki Dorronsorok.

Gaur, bagilak 13, Eusko Ikaskuntzak eta Euskaltzaindiak bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena sinatu dabe Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan. Eusko Ikaskuntzaren izenean, Iñaki Dorronsoro lehendakariak sinatu dau, eta Euskaltzaindiarenean Andres Urrutia euskaltzainburuak. Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkaria eta Rosa Miren Pagola Eusko Ikaskuntzako Bizkaiko lehendakariordea be izan dira ekitaldian.

Lan egiteko tresnea, horixe da, Andres Urrutiaren esanetan, gaur sinatu dan hitzarmena. Bi erakundeon arteko adostasun bat, aurrerantzean alkarregaz proiektuak garatzeko borondatea adierazoten dauen dokumentua da, gaineratu dau Iñaki Dorronsorok. Funtsean, eta holan adierazo dau beren-beregi euskaltzainburuak, egun pozgarria da. Pozgarria, hitzarmenak egonkortasun bat emoten deuskulako. Eta alkarlanean ibilteko gogoa badogula esan nahi dauelako.

Holan, euskaltzainburuak esan dauen legez, Euskaltzaindia eta Eusko Ikaskuntza gizarte zibilean lanean gabilz, gure lana euskal gizarteari eskaintzen deutsagu.

Eusko Ikaskuntza izaera pribatuko erakunde zientifiko kulturala da, euskal gizartea eta kultureari jagokozan arlo guztiak lantzeko eta bultzatzeko baliabide egonkor eta iraunkor moduan. Eusko Ikaskuntzaren helburuak honako honeek dira: euskal gizartearen balio tradizionalak finkatzea, euskal kulturea goratzea eta zabaltzea, eta euskal kulturako eskualdeetan bizi diran persona guztien mesederako izango diran balio, ekarpen eta proiektu barriak sortzea.

Eusko Ikaskuntzak Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroako Foru Erkidegoan eta Ipar Euskal Herrian ezarpen ofiziala dauka. Bazkideek osotzen dabe, eta horreek mundu guztian sakabanatuta eta sail zientifikoetan batuta dagoz.

Bestalde, Euskaltzaindiaren helburu nagusiak dira euskerea ikertzea, arautzea eta haren erabilerea sustatzea. Hego Euskal Herrian, zezeilaren 26ko 573/1976 Errege Dekretuak Euskerearen Errege Akademia lez autorpen ofiziala emon eutson erakunde horri; ordutik, Euskaltzaindia da euskerearen arloko erakunde eskuduna, hizkuntzea bera ikertu eta babesteko. Ipar Euskal Herrian, Euskaltzaindiak onura publikoko autormena dauka, 1995eko zezeilaren 20ko dekretuaren arabera.

1979ko Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuak eta Nafarroako Foru Erkidegoko 18/1986 Euskereari buruzko Foru Legeak beren-beregi autortu dabe Euskaltzaindia erakunde aholku-emoile ofiziala dala, euskereari jagokonez. Harrezkero, 272/2000 zezeilaren 25eko Errege Dekretuaren bidez aldatu eta eguneratu dira Euskaltzaindiaren estatutuak.


Euskal hizkuntzearen eta kulturearen esparruan

Euskaltzaindiak eta Eusko Ikaskuntzak, erakunde bakotxaren izaera eta helburuen barruan, bien arteko lankidetza proiektuak sustatu eta garatu nahi ditue euskal hizkuntzearen eta kulturearen esparruan. Testuinguru horretan, alkarregaz ikerketak gauzatu nahi ditue hizkuntza eta kultura izaerako gaietan, bai eta hizkuntzearen, kulturearen eta gizartearen arteko hartu-emonak sendotzea helburutzat daben egitarauen inguruan be.


Ondokoak dira hitzarmenaren ildo nagusiak:

• Eusko Ikaskuntzak Euskaltzaindiari egingo deutsoz gramatikari, lexikoari, ortografiari, onomastikari eta euskalkiei buruzko konsultak eta iradokizunak. Bi aldeek finkatuko ditue konsulta eta iradokizun horreek bideratzeko mekanismoak. Aitatutako eremuetan sortzen diran hutsune eta beharrak jaso eta Euskaltzaindiari jakinarazoko deutsoz Eusko Ikaskuntzak.

• Bi erakundeok alkarri beren ikerketa-funtsen ondarea erabilteko aukerea eskaintzen deutse, bai eta, bereziki, beren artxibo eta bibliotekak be. Gainera, beren argitalpenak alkarregaz trukatzeko mekanismo egokiak ezarriko ditue, holan zeinek bere bibliotekako euskal gaien funtsak sendotu eta osotu ahal izateko.

• Argitalpenei jagokenez, euskerearen eta euskal kulturearen inguruan sortutako testuak ezagutarazoteko ahaleginak egingo ditue eta alkarregazko lana bultzatuko da, biek batera eginiko argitalpenak babestuz. Inguruabar horretan, ikerkuntzarako interesgarri gerta daitekezan lan batzuk, aurretik horreek argitaratzea pentsau ez arren —adibidez tesiak edo bestelako obrak— beste aldearen esku itxiko dira, beti be egileen eskubideak errespetatuz, euren baimena lortu eta gero.

• Erakunde biek lankidetasun-politikea bultzatuko dabe, ikastaroak, mintegiak, kongresuak eta sinposioak alkarregaz antolatuz eta gauzatuz.

• Erakunde biek erraztasunak emongo deutsez alkarri egoitza nahiz azpiegiturak erabilteko, adosten dituen ekintzetan erabilteko.

Helburu horreek lortzeko, Eusko Ikaskuntzak eta Euskaltzaindiak Jarraipen Batzordea sortuko dabe, erakunde bakotxeko hiruna kide izango dituana. Hitzarmenak bi urteko iraupena izango dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu