VIII. Haizetara prest dauka Amorebieta-Etxanoko Udalak
2013-06-13 14:53 MusikeaAurten 13 nazinotako 37 musika-taldek aurkeztu ditue euren proposamenak eta horreen guztien artean, VIII. edizinoan lehiatuko diran 9 taldeak aukeratu ditue antolatzaileek: Sugarri, The Dixie Ticklers, Blaas Of Glory, Les Busiciens, Mo´Better Band, Le Bus Rouge, Acousteel Gang, El Puntillo Canalla eta Kar Ces Brass Band.
VIII. Haizetara, Fanfarre, Banda eta Kaleko Musikarien Nazinoarteko Lehiaketea bagilaren 21etik 23ra izango da Zornotzan. Jaialdiak udalerriko udaldiko kultura eta aisialdi programazinoari hasierea emongo deutso. Hasi dixieland estiloan eta heavyraino, funka, 70eko musikea, latindarra, Balkanetakoa, reggaea, jazza eta perkusinoa alde batera itxi barik. Danak datoz bat, oraingo honetan, elementu bati jagokonez: kaleko musikea joten daben banden eskutik helduko dira. Horixe baita Haizetara jaialdiaren arimea eta esentzia.
Aurten 13 nazinotako 37 musika-taldek aurkeztu ditue euren proposamenak. Proposamen horreen guztien artean, VIII. edizino honetan lehiatuko diran 9 taldeak aukeratu ditue antolatzaileek.
8. urtea kaleko musikaz blai
Haizetara jaialdia orain zortzi urte sortu zan Amorebieta-Etxanoko Udalaren eskutik eta San Juan jaietatik hurren dagoan astegoienean ospatzen da. Udalerriko artxibo historikoetara batuta dagoanaren arabera, sarritan gauzatzen ziran kaleko musika-kontuak San Juan jaietan. Holan, XX. mendearen hasieran, 1913 urte inguruan puntu gorena lorturik, San Juan suak eta musikea loturik ospatzen zituen jaiak berreskuratu nahi izan zituan Udalak Haizetara jaialdiaren bidez. Herritarrak batzeko deia zabaldu ez eze, musika alorragazko loturea daben guztiak be erakarri nahi ditu, mundu zabalean kaleko musikearen arloan barrienak eta barritzaileenak diran joerak ezagutzeko aukerea eskainiz.
Honakoak dira aurtengo edizinoan parte hartuko daben bederatzi bandak:
- Sugarri (Durango. Euskadi). Durangoko banda beteranoa, 18 musikarik osotua. Sari garrantzitsuak jaso ditue azken urteotan.
- The Dixie Ticklers (Londres. Ingalaterra). Banda honek New Orleanseko jazz tipikoa dan dixiearen erritmoetan dauka bere errepertorioaren oinarria, eta estilo garaikidea eta modernoa dabe ezaugarri.
- Blaas Of Glory (Overijssel. Herbehereak). 2007an ekin eutsien banda honetakoek euren abentureari. Tuba, saxofoia, txirula, xilofonoa, banjoa, soinua, gitarra akustikoa, tanborra eta bonboa, eta ahots harmoniatsua lagun dituela, heavy metaleko kale bandea da.
- Les Busiciens (Waasmunster. Belgika) Zazpi musikari belgikarrek osotutako banda honek (perkusinoa, gitarrea, akordeoia, kontrabaxua, saxoa, tronpetea eta txirulea) musika tourneéa egiten dau urtero, herri eguzkitsuen artean aukeratuta (Frantzia, Espainia, Italia, Kongo...).
- Mo´Better Band (Roseto degli Abruzzi. Italia). Italiako Teramo probintziatik, Abruzzo eskualdetik, jatorku hamabost musikarik osotutako talde hau. 2003an sortu zan. Errepertorioan, 70eko hamarkadako Funky espiritua dabe oinarri.
- Le Bus Rouge (Lyon. Frantzia). Lyongo fanfarrearen proposamenean folkaren doinu jantzagarriak eta eurek idatzitako konposizinoak dagoz.
- Acousteel Gang (Bordeaux. Frantzia). Steeldrums (Trinidad eta Tobagon jatorri daben metalezko tanborrak) banda hau orain 20 bat urte sortu zan.
- El Puntillo Canalla (Segovia. Espainia). Femuka jaialdiaren antolatzaileak izanik (Kaleko banden Segoviako jaialdia), esperientzia dabe kaleko musikearen jaialdietako partaide moduan Frantzian, Holandan, Italian, Arabiar Emirerri Batuetan, Bartzelonan edota Madrilgo Fitur Azokearen azken edizinoetan.
- Kar Ces Brass Band (Cerkno. Eslovenia). Esloveniako Cerkno uri txikitik dator 9 musikarik osotutako talde hau. New Orleanseko kaleko jazza eta Balkanetako erritmoak nahastauta sortu dabe euren estiloa.
Banda konbidatuak, barriz, Zubiaur Band eta Zaparrada Batukada dira.
Beste alde batetik, Jam Sessionak antolatuko dira Harrison Hotelean bagilaren 21ean eta 22an, gaueko 23:30ean.
Nazinoarteko lehiaketan parte hartzen daben taldeek 10.000 euroko saria irabazi leikie, kide ospetsuek osotutako epaimahaiak hartzen dauen erabagiari jarraituz. Publikoaren sari berezia be badago, 4.000 eurokoa, eta instrumentu-jolerik onenarentzako saria be bai, 1.000 eurokoa, Interklabe enpresak emona.
Publikoaren sari berezia EKIN S. Kooperatibearen babesa dauka. Bagilaren 22an, 20:00etatik gaueko 01:30era bitartean Sabino Arana kalean egongo dan kutxan nork bere botoa emonda ebatziko da zein dan talde irabazlea.
Haupoaren Mundua erakusketea
Udalerrian biziko dan musika giroaren osogarri, erakusketa berezia izango da ikusgai Zelaieta zentroan bagilaren 17tik 30era bitartean; izan be, nazinoarte mailan euskal musikaririk ospetsuenetakoa dan Kepa Junkera urteak joan urteak etorri batzen joan dan musika tresna hauspodunen bilduma berezia (trikitixak, bandoneoiak, kontzertinak...) partekatuko dau Haizetara Jaialdiagaz eta Amorebieta-Etxanogaz.
Gastronomia gune barria
Haizetara jaialdiak proposatzen dituan gastronomia guneetan barrikuntzea dago aurtengo edizinoan, Arraibi plazan zeozer jateko edota edateko gogoa eta lehiakide diran musika banden kontzertuak buztartuko baitira:
- Euskal Tabernea. Gernika plazan jarritako karpan, bertoko produktuak eskainiko ditue.
- Sagardotegia, Zelaieta parkean kokaturik.
- Garagardotegia. Zubiondo plazan bisitau ahalko da. Alemaniako garagardotegietako produktuak eukiko ditue bertan.
Lehiaketaren egitarau osoa ikusteko klik egin hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!