Itsasoko izaki mitikoen bila abiatu dira Fernando Palazuelo eta Rober Garay
2013-06-12 15:32 KultureaZapatos en la arena eleberri bat baino gehiago da, liburu-objektu kontzeptura hurreratzen da. Istorio nagusiagaz batera, irudiak, argazki zaharrak, mapak eta antxinako kronikak topauko doguz bertan. Itsasoetako mitologiaren bildumea da liburua, errealidade misteriotsu eta fantasia liluragarri baten arteko nahasketea, euskal kostaldea ardatz.
Zapatos en la arena (Txalaparta) eleberri bat baino gehiago da, liburu-objektu kontzeptura hurreratzen da. Istorio nagusiagaz batera, irudiak, argazki zaharrak, mapak eta antxinako kronikak topauko doguz bertan. Itsasoetako mitologiaren bildumea da liburua, errealidade misteriotsu eta fantasia liluragarri baten arteko nahasketea, euskal kostaldea ardatz.
Rober Garay artistea arduratu da Zapatos en la arena liburuko alderdi bisualaz. Fernando Palazuelosek, barriz, ideiak ordenean jarri ditu eta sortu daben mundu fantastikoan oinarritutako nobelea idatzi dau. Liburuaren ardatza itsasoko izaki mitikoak dira, errealidadearen eta fantasiaren arteko mugan dagozanak. Euskal itsasgizonen mitologian arakatu dabe izaki misteriotsuon bila eta, ganera, gure kostaldean sekula agertu ez diran animaliak, misteriotsuak izan arren benetakoak diranak, sartu ditue, zelakantoa eta narbala esaterako. Zalantzak sortzen deutsaz kontakizunak irakurleari, zer ete da egia, zer asmautakoa?, aitatu dau Fernando Palazuelosek. Izan be, kontautako guztiari egia itxurea emon deutsie, aitatzen diran animalia gehienak mitologikoak diran arren.
XIX. mendean, eta lehenago, kokatu ditue kontakizunak. Sasoi haretan, itsasoko izakien ganeko leienda asko egoazan, batzuk zehaztasun ia zientifikoagaz azaltzen ziran, dino Rober Garayk. Orduko giro misteriotsua ekarri nahi izan dogu, ganeratu dau Palazuelosek, liburuko animalia guztiak euskal kostaldetik hur bizi izan balira legez jokatu dogu. Holan, alegiazko konserba industria bat azaltzen da liburuan, zelakantoa, narbala, izaki mitologikoak eta abar erabilten dituana. Dokumentu ugari be sartu ditue, gehienak asmautakoak, baina badagoz benetakoak be, harrigarriena da, asmautako dokumentu askok itxura erreala daukiela eta goitik behera benetakoak diran batzuk be sartu doguz, fantasia hutsa emoten dabenak, azpimarratu dau Rober Garayk. Esate baterako, itsas gizaki baten ganeko kontaketea, benetako kronika batetik atara dabe. Ikerketa lan handia dago atzetik.
Liburuaren hariari jarraituta, izaki horreek guztiak gaur egun galduta edo ia galduta egongo litzatekez, gizakiaren esplotazinoaren erruz eta, holan, mezua be bialdu gura izan dabe egileek: Gaur egun bisiguagaz jazoten dana izan leiteke, horren arrunta izan zan arraina ia desagerrarazo dogu, gaur egun arrantzatzen doguzan espezieetarik zenbat biziko dira ehun urte barru?. Mitologiaren lekua be aldarrikatu nahi izan dabe. Mitologiak eta izaki fantastikoek gure kulturearen zati handi bat hartu dabe beti, baina gaur egun, ahazteko bidean dagozalako irudipena dot, esan dau Palazuelosek, kontakizun erakargarri baten bidez, izaki misteriotsuak gaur eguneko mundura ekarri nahi izan dodaz, mitologiak bere lekua berreskuratu daian.
Liburuaren ardatza eleberria da, mundu misteriotsua XXI. mendeagaz lotzeko erabilten dan kontakizuna. Kronika zaharrak, benetakoak zein asmautakoak, tartekatzen dira eleberrian eta, ganera, material grafiko ikusgarria sartu dabe: argazkiak, mapak, irudiak, egunkarietako zatiak... irudimenari hegaz egiten itxi deutso Rober Garayk, ilustrazinoek kontetan dogun mundu horretan murgiltzeko aproposak dira.
Rober Garay artisteak erakusketea ipini eban Bermeoko Ormaza fabrikan eta ha izan zan proiektu osoaren hasierea, izaki mitologikoakaz eta fantasiazko animalien alegiazko konserba enpresa bategaz lotutako materiala interesgarri egin jakon Fernando Palazuelosi: Material grafikoa ezagutu nebanean, forma narratiboa emotea otu jatan. Holan jaio zan Zapatos en la arena liburua, baina egitasmoa zabaldu egin dabe eta euskarri gehiagotan be ezagutu leiteke Garayk eta Palazuelosek sortu daben mundu misteriotsua. Bloga sortu dabe, Retorno a Portuondo film laburra grabau eta Rober Garayren erakusketea, garagarrilean, abuztuan eta irailean barriro ikusgai egongo da, Busturiako Madariaga Torretxean. Mundu fantastikoa sortu dabe Palazuelosek eta Garayk, antxinako mundu ikuskeran eta itsasoaren berezko misterioan oinarrituta eta euskarri askotara zabalduko dabe.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!