Julen Urkiza: 'Karmel familia osoagaz konpartidu gura neuke autortza hau'

Koldo Isusi Zuazo 2013-06-10 11:50   Barriketan
Karmel aldizkariko zuzendaria

Oraintsu jaso dau Julen Urkiza karmeldarrak, Karmel adizkariko zuzendari zereginetan 30 urte bete barri dituan idazle, ikertzaile eta euskal kulturearen aldeko behargin gogaitubakoak Bilboko Liburu Azokearen Urrezko Luma saria.

Julen Urkiza 1984ko bagilaren 28tik da Karmel aldizkariko zuzendari; Austrian egin eban 18 bat urteko egonaldi luzearen ostean, gogotsu eta ilusino handiz ekin eutson beharrari. Gaur egun Karmel euskal kulturearen erreferentzia da, euskerea ikertzen, egokitzen eta zabaltzen saiatzen da, gizartearen premina barrietara egokitzeko; esangura horretan, teknologia barriak be erabili ditu Karmel aldizkariak eta 1931tik 2007ra bitarteko aldizkari guztiak digitalizauta jasoten dituan DVDa zein webgunea be hor dagoz.

Aurreko denporetako arazo ekonomiko larriei konponbidea emon eta argitalpenerako diru-iturriak lortu zituan Julen Urkizak. Aldizkakotasuna egonkortu eta hiruhilebetekari bilakatu zan aldizkaria. Orduantxe eratu zan Erredakzio Kontseilua be aldizkariaren egonkortasuna bermatuz; hor ziran Luis Arostegi, Patxi Uribarren eta Julen Urkiza. Eta kolaboratzaileen artean, barriz, Santi Onaindia, Lino Akesolo eta Luis Baraiazarra.

Beharrerako daukan gaitasunagaitik, ikerketarako adimenagaitik, euskerea eta euskal kulturea zabaltzeko pasinoagaitik zein liburu eta idazlan barriak proposatzeko argitasunagaitik ondo merezidutako saria jaso dau orain Julen Urkizak. Urrezko Luma jaso ostean, ondoko berbaldia izan genduan 69 urteko ondarroarragaz.


1.- Urteetan egindako lanaren errekonozimenduagaz, pozik Urrezko Luma saria jasota...

Bai. Egindako beharra autortzeko izaten dira sariak eta Urrezko Luma hau gustora hartu dot, urte batzuk badaroaguz beharrean baina Karmel aldizkaria osotzen dogun familia osoagaz konpartidu gura neuke autortza hau, urteetan geugaz kolaboretan eta aldizkarirako idatziak sortzen ibili diran eta dabilzan danakaz. Aldizkaria zintzo eta egoki ataraten ahalegintzen gara eta sasoiz.

1931n sortu zanetik 80 urtetik gora dira eta tartean eten batzuk izan badira be, Karmel aldizkari bakarra da horrenbeste urtean, esku pribatuetan eta euskera hutsean dabilena.


2.- Euskal Herriko karmeldarrek plazaratzen daben aldizkariak zuzendari ugari ezagutu ditu bere historia luzean. Bi gogoratzeagatik, Lino Akesolo, gerra aurreko azkena, eta Santiago Onaindia, gerra ostean Karmel berriro argitaratzeaz arduratu zena. Azken 30 urteotan, barriz, zeu zabilz aldizkariaren zuzendari lanetan... Danetarik biziko zenduan urteotan guztiotan, momenturik ederrena zein izan da? Eta okerrena?

Momentu txarrik, arazo gogorrik ez dot euki. hasieran laguntza gitxigaz, gero gehitxuagaz baina polito ibili gara. Aurrekoak bai, horreek baragarri ibili ziran; gerra aurrekoek eta benetako arazoak izan zituen, aurrekontua osotu eta diru-laguntzinoak jasoteko... Kartzelara be eroan zituen batzuk Karmel aldizkarian idaztegaitik, berbarako, Lino Akesolo bera.


3.- Atzo eta gaur, zeintzuk dira Karmel aldizkariaren helburuak?

Ana Urkizak aurkezpenean esan dauenez, Karmel aldizkaria euskal kulturearen leiho bat da, leiho edegia eta sortu zaneko helburu nagusiei zintzo, egungo gizarteari eta irakurleari egokitzen jakin dauena.

Labur esateko hiru dira Karmelen helburuak: euskal kulturea sustatzea, euskal idazle barriak bultzatzea eta Euskal Herrian karmeldarren eragin gunea indartzea.


4.- 1931. urtean, Karmengo Argia izenagaz jaio zan aldizkaria baina gero beste izen batzuk be izan ditu...

Bai, 1931n, Karmengo Argia izenagaz sortu zan eta 1936ra arte izen horri eutsi eutson. 2. aroan (1951-1956/1957-1961), Karmengo Amaren Egutegia izena hartu eban eta egutegi formatoan, urtean behin argitaratzen zan. Baina 1957tik 1961era bitartean, aldizkari bihilebetekari bihurtu zan eta garai horretan erabagi zan Karmel izena jartea. Edozelan be, 1961ean Gobernuak galarazo egin eban eta isilik egon zan 1970.era arte.

Hirugarren aroan (1970-1983/1984-...) bi aldi izan ziran, lehenengoa 1970etik 1983ra bitartekoa: isilunearen osteko urte gogorrak izan ziran. Hor tartean, 1975ean, bilera esanguratsua egin zan Karmel aldizkariaren nondik norakoak zehazteko baina 74tik 83ra aldizkariak zailtasun ekonomiko handiak bizi izan zituan, etorkizuna zalantzan jarteraino. 1984ko lehenengo seihilekoan ez zan zenbaki bat be argitaratu eta argitaratzen jarraitzeko asmoak be galdu egin ziran.

Egoereari aurre egin guran, Probintzialak ni izentau ninduan Karmel aldizkariaren zuzendari bagilaren azkenetan eta galdutakoa berreskuratzeko asmoz urteko lau zenbakiak argitaratu genduzan, ale bikotxa irailean eta ale bikotxa zemendian.


5.- Augustin Zubikarai, Lino Akesolo eta Santi Onaindia zure idazle kuttunak dira eta horreen idazlanak batzeko eta argitaratzeko aparteko lana egin izan dozu...

Bai, 15 liburuki handi dira; Karmel bildumea berez sortu zan. 80. hamarkadan Lino Akesoslo eta Santi Onaindiaren obra poetikoa aztertu eta argitaratzea otu jakun eta holan ekin geuntsan aldizkariko idazleak ziran idazleen lanen bildumak argitaratzeari. Linogaz hasi nintzan, ikusirik Bizkaiko Foru Aldundiak seme kuttun izentau ebala; orduan otu jatan Linoren lanak batu eta argitaratzea. Santiren olerkiakaz be bardin antzean pasau zan, omenaldi bat egin eutsien Zornotzan eta Santi Onaindiaren obra osoa atara neban Udalaren laguntzinoagaz.

Horrezaz gan, olerkiagaz jarraituz Euskal Herrian inoiz argitaratu dan lanik potoloena aitatu gura neuke, Sabin Muniategiren lanak jasoten dituana, hain zuzen be; 1.000tik gora orrialde inguru izan ziran.

Euskal Herriko bertso eta olerki guztien bibliografia be kaleratu dot, aldizkari eta egunkarietakoa eta Fray Bartolomeren edizino kritikoa be bai Luis Baraiazarragaz batera.

Augustin Zubikarai ondarroarra be euskal kulturan eredu dogu eta Euzkadi aldizkarian egileak berak gerra aurrean argitaratutako antzerki lanak batu eta argitaratu nituan.


6.- Ana de San Bartolomé dohatsua eta Edith Stein be zure gustokoen zerrendan dagoz...

Edith Stein XX. mendeko emakume handienetakoa da, filosofo judu-alemaniarra, moja karmeldarra eta Eleiza Katolikoko santua izan zan. Kurutzeko Teresa Benedikta izenez kanonizau eben arren, gehienbat jatorrizko izenez ezagutzen da Edith Stein. Oraintsu atara dabe beronen obra osoa alemanez 25 liburukitan. Nik neuk zuzendu eta egokituta, 5 liburukitan atara genduan Edith Steinen obra osoa.

Ana de San Bartolomé, Santa Teresaren idazkaria eta laguntzaile handia izan zan. San Bartolomeren obra osoa be atara genduan eta orain, barriz, haren bizitza edo biografia idazten nabil, mila eta piku orrialde izango dira eta amaitzen nago lana.


7.- 1995ean, Euskal Herrian Eleizearen historia ardatz hartuta lehenengo liburukia atara zenduan baina horrek jarraipena izango al dau?

Ez da erraza. Vienatik hau lanau egiteko amesagaz etorri nintzan. Lehenengo liburuki horretarako ez eze, material asko daukat gordeta, abiapuntua edo sarrerea baino ez zan lehenengo liburu hori; materiala batu eta ikertzen luzaroan ibili nintzan baina beste ardura eta zeregin batzuekaz endredau nintzan eta proiektu hori lo dago.


8.- Teknologia barriak aplikau dozuez zuon lanon zabalkunderako. Jenteak zelan hartu dau erabagi hori?

Ondo. Eskura dagozan tresna eta baliabide guztiak erabiltea nahitaezkoa da holan egin ezean atzean geratzen zarelako. Eztabaida larregi barik hartutako erabagia izan zan eta pozik gagoz erantzunagaz. Karmel osoa ez eze, Karmel sortako liburu guztiak be digitalizauta dagoz eta euskereari eta irakurleei eskaintzen deutsegun zerbitzua besterik ez da, ahalik eta gehienek jaso deien gure barri.


9.- Aurrera begira indartsu zagoz Karmel aldizkariagaz jarraitzeko?

Ia 30 urte daroadaz Karmel aldizkariaren ardureagaz eta gustora nabil. Lehen be esan deutsut krisi sasoi betean egon arren, benetako momentu txar eta burukominik handienak gerra aurrekoak izan zirala, arazo ekonomikoak, galarazpenak, atxiloketak eta kartzelaldiak be izan ziralako tartean. Egoera eta arazo horreek gogoan, egungoak txikikeriak edo huskeriak dira.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu