Gernikako Piratak Egunean aurkeztuko dau Txapelpunkek Athletici egin deutson abesti barria
2013-06-04 15:37 MusikeaPiratak athleticzaleen taldeak eta Txapelpunkeko musikariek bat egin dabe proiektu barri baten. Erritmo biziko kantea ez eze bideoklipa be grabau dabe. Piratak taldeak zapatuan egingo dau bere jaia, Gernikan, eta hitzordu hori erabiliko dabe kantea aurkezteko.
Piratak athleticzaleen taldeak eta Txapelpunkeko musikariek bat egin dabe proiektu barri baten. Erritmo biziko kantea ez eze bideoklipa be grabau dabe. Piratak taldeak zapatuan egingo dau bere jaia, Gernikan, eta hitzordu hori erabiliko dabe kantea aurkezteko. Modu berean, kirol ekitaldiak, kontzertuak, bazkaria eta abar egongo dira.
Txapelpunkeko Iñigitok azaldu dauenez, taldekide batzuk athleticzale amorratuak dira eta talde zurigorriaren inguruko kantaren bat egitea ideia ona begitandu jaken. Piratak taldeagaz hartu-emonak hasi eta ia konturatu barik sartu ziran egitasmoan, alkartu ginan eta, geuk be piraten espiritua daukagunez, zeozer egin behar zala pentsetan hasi ginan. Partiduetako giroa berotzeko, abestia sortzea ideiarik aproposena izan zan. Badira urte bi sortzen hasi zirala, baina gero bideokliparen grabazinoan ibili dira eta Txapelpunk azkanaldion nahiko geldirik egon danez, orain arte ezin izan dabe aurkeztu.
Txapelpunken ohiko estiloan, abesti indartsua da. Erderaz eta euskeraz abesten dau Iñigitok eta pirata eta athleticzale izatearen harrotasuna nabarmentzen da. Bideoklipa, barriz, itsasontzi bigaz grabau eben. Iñigitok gogoan daukanez, oso ondo joan zan grabazinoa, barku bi erabili genduzan eta polita izan zan. Iñigito bera arrantzalea da eta bere barkua (Perla Negra ezizenekoa) erabili eben kamarak eta ganerako tresnak ipinteko. Handik, Atxurra Anaiak ontzian egozan musikariak grabau zituen. Atxurra Anaiak aproposa da Athleticen aldeko abesti bat grabetako, gorria dalako, txatal zuriakaz.
Abestiak eta bideoklipak lau helburu dituala zehaztu dabe egileek: lehenik eta behin, Athletici abesti bat eskaintzea izan da asmoetako bat. Bigarrenik, Txapelpunken lana nabarmentzea, izan be, azkanaldion eszenatokietatik kanpo ibili da Lekeitioko taldea eta barriro zuzenekoetara bueltetako indarra batu dabe. Hirugarrenik, Iñigo Cabacas gogoan izan gura dabe, eta harentzako justizia eskatu. Amaitzeko, Piratak eta Txapelpunken arteko hartu-emonetan sakondu dabe, uste dabelako biek bat eginda, Athleticen aldeko oihuek indarra hartuko dabela zelaian.
Piratak taldeak jaialdia antolatu dau zapaturako, hilaren 8rako, Gernikan. Bigarren urtez egingo dabe Piratak Eguna eta aurtengo hitzordua, Txapelpunken lana aurkezteko erabiliko dabe. Piratakeko Andonik azaldu dauenez, baina, egun osoko jai erraldoia izango da zapatukoa, nahi daben guztiak konbidauta dagoz, danentzako jarduerak egongo dira. Sokatira txapelketea eratu dabe eta, bertan, Busturialdeko talde askok eta Athleticen lagun-talde batzuek parte hartuko dabe. Bost edo sei peñak dagoeneko baieztau deuskue sokatirara etorriko dirala.
Barrenadoreen erakustaldia be egongo da eta, ostean, Iñigo Cabacasi omenaldia egingo deutsie. Umeentzako puzgarriak, kalejirea eta herri bazkaria be egongo dira, bertsolari eta irrintzi eta guzti. 21:00etatik aurrera, kontzertuak egongo dira, doban, Pasealekuan; Skakeitan, MCD, Abra Kadaver, Arkada Sozial eta, zelan ez, Txapelpunk kanta barriagaz. Piratak taldeko Andonik eskerrak emon deutsoz Txapelpunki, kantea egiteagaitik, eta Piratak Eguna antolatzen lagundu daben Gernikako 25 tabernei: Herri guztia inplikau da, zoragarria izan da danen ahalegina.
Budeoklipa ikusgai, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!