Nuptse eta Lhotse mendietan bizitako abenturen barri emon dau Alex Txikonek, K2ra abiatu baino lehen

Dabi Piedra 2013-06-03 15:31

Zailtasunak zailtasun, esperientzia aberasgarria izan da Nuptse eta Lhotsekoa. Gizartean balore krisia daukagula dinoe, azaldu dau Txikonek, espero dot geure esperientziak bidea erakustea, zailtasun guztiak gainditzeko gogoa eta kemena behar dira.

Bizkaia Gailurretan-Bilbotik Lhotsera euskaraz proiektuaren lehenengo espedizinoan, muturreko esperientziak igaro behar izan ditue Txikonek eta haregaz joan diran Jose Carlos Tamayo eta Juanra Madariagak. Emoitza positiboa izan dau egitasmoak, Txikon Lhotseko gailurrera heldu dalako, baina txarretik be izan dau: Tamayok belauna apurtu eban, Madariaga gaixorik ibili da eta, ganera, etxera bueltau baino lehen, Juanjo Garra erreskatetako ahaleginean ibili ziran, baina ez eben lortu alpinista kataluniarra menditik bizirik ataratea. Orain, ETBn ikusi ahal izango da hori guztia, Txikon Xtreme saioan. Txikon, bien bitartean, datorren astean Karakorumera doa, K2 igotera.

Bizkaiko espedizinoak hasieratik euki zituan zailtasunak. Izan be, Nuptsera (7.516 m) bidean zirala, Jose Carlos Tamayo eta Juanra Madariagaren arazo fisikoek aldatu egin zituen planak. 7.000 metro ingururaino heldu ziran, estilo alpino garbian, baina, horren ostean, Txikonek bakarrik segidu behar izan eban. Espedizino komertzial bateri batu jakon eta, soka finkoei esker, ia gailurreraino heldu ziran. Azkenengo 20 metroak oso arriskutsuak zirala ikusita, bueltea emon beharrean egon zan Txikon. Ezin da esan Nuptse igon dodanik, nik uste dot 20 metrora geratzea ez dala gailurra jotea, baina garaiera beretsuan nengoan eta tontorra aurrez aurre neukan, dino Lemoakoak. Himalayako igoerak aztertzen dituan Miss Hawley-k zer esango zain dago, baina, halandabe, ontzat jo dau proiektuaren lehenengo fase hori. Nuptseko tontorrera heldu ez arren, Txikonek uste dau aurrerago ezin zala joan, edurra oso bigun egoalako, eta beraz, ahalik eta urrunen behintzat heldu zala.

Lhotse (8.516 m), garaieran munduko laugarren tontorra, zapaldu eban Alex Txikonek. Lastimea izan zan espedizinoko hiruretatik ni bakarrik heldu ahal izatea Lhotsera, adierazo dau. Etxera bueltau baino lehen, zoritxarrez, espedizinoaren momenturik mingotsena igaro eben. Izan be, Himalayan larri egoan Juango Garra alpinistearen erreskatean laguntzeko eskatu eutsien. Ahalegin handia egin eben arren, Garra hil egin zan. Lhotsera bidean, han inguruan mendizale taiwandar bat hil zala jakin eben eta Benantxio Iruretagoienaren heriotzearen barri be jaso eben Euskal Herritik. Heriotzen barri daukazunean, zalantza egiten dozu, merezidu ete dauan aurrera jarraitzea, azaldu dau Txikonek, erabagi gogorrak hartu behar izaten dira. Eguneroko bizitzarako ikasgaia ei da hori, hona etortean jaubetzen naz gauza txikiak konpliketako daukagun jokerea, uste dot mendian bizitako momentu latzek balio dabela eguneroko bizitzeari zelan aurre egin jakiteko.

Alex Txikon lehenengo aldiz egon zan Everesteko Beheko Kanpalekuan eta ez zan momentu gozoa izan, urteak daroadaz mendian eta urteotan ikusi dodan guztia baino gehiago ikusi dot Everesteko Beheko Kanpalekuan egun bitan. Egun batzuk lehenago, alpinista eta sherpa batzuen arteko istilu larriak egon ziran han, tensinoa nabari da oraindino. Txikonek uste dau, Everestek mobiduten dauen dirua eta interesak dagozala tensino horren atzean, istilu gehiago egongo dira, seguru.

Zailtasunak zailtasun, esperientzia aberasgarria izan da Nuptse eta Lhotsekoa. Gizartean balore krisia daukagula dinoe, azaldu dau Txikonek, espero dot geure esperientziak bidea erakustea, zailtasun guztiak gainditzeko gogoa eta kemena behar dira. Sebastian Alvaro, urte luzez Al Filo de lo imposible telesaioko zuzendari izan zana, Txikon eta Juanra Madariagagaz egon da gaur eta, azpimarratu dauenez, era honetako espedizinoek, kanpora begira ez eze, norbere barrura begiratzeko be balio dabe. Alvarok ganeratu dau, alpinismo tradizionalaren balioak gordeten dituala Bizkaia Gailurretan proiektuak. Alex Txikon bereziki pozik dago espedizinoko kideakaz, Madariaga, Tamayo eta ganerakoakaz: sokalagunek egiten dabe espedizino bat handi.

Txikon Xtreme izeneko saioan ikusi ahal izango dira Alex Txikon eta lagunen abenturak, Euskal Telebistan, domeka honetan, hilaren 9an, hasita eta euskeraz. Egoera pozgarriak eta latzak erakutsiko ditue. Nuptseko, Lhotseko eta Juanjo Garraren erreskateko irudiak ez eze, G1 mendira orain dala hile batzuk egindako igoera latza (zero azpitik 60 gradu izan zituen) eta Espainiako Sierra Nevadan zein Himalayan Txikonek egin dituan hainbat BASE jauzi be erakutsiko ditue, baita Laila Peak-eko igoerea be.

Bien bitartean, Alex Txikonek hurrengo erronkea dauka buruan. Datorren astean, Karakorum aldera bueltauko da, K2, munduko mendirik garaienen artean bigarrena igoteko asmoz. Astebete pasautxu baino ez dau egingo Txikonek etxean, hurrengo espedizinoari ekin baino lehen. Juanra Madariaga, barriz, errekuperazino prozesuan dago. Esan dauenez, froga medikoak egin behar deutsiez, pneumonia euki leike eta. Bilbon arnasestuka hasten naz batzuetan, hori ez da seinale ona, esan deutso Bizkaie!-ri. Nuptseko maldetan estualdi gogorrak igaro zituala autortu deusku Madariagak, oso gaixorik egon zala eta gailurretara ez heltzeagaitik penaz geratu da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu