Annette Gonzalez-Etxabarrik bigarren amaitu dau Challenger Serietako Saquarema Pro txapelketan

Bizkaie! 2025-10-20 11:19   Kirola

Janire ahiztea, Munduko txapelduna, hirugarren izan da.




Annete Gonzalez-Etxabarri izan da Rio de Janeiron jokatutako Saquarema Pro txapelketako txapeldunordea eta seigarren jarri da Challenger Seriesetako sailkapen nagusian. Postu horrek munduko zirkuitorik onena, Championship Tourra, jokatzeko aukerea emoten deutso datorren urtean. Annettek hirugarren izan dan Janire ahizteari irabazi deutso finalerdi zoragarrian eta finalean sartu da. Horretan, ezin izan dau sailkapen nagusiko liderra, Yolanda Hopkins portugaldarra, gainditu, baina lortutako puntuek Munduko elitean sartzeko pasea eskuratzeko aukerea emon deutse.

Gonzalez-Etxabarri ahiztek gogor ekin eutsen txapelketeari. Annette izan zan indartsuena lehen kanporaketan, 48 surflari onenen kanporaketan, Eden Walla estadubatuarra (9.50), Daniella Rosas perutarra (9.37) eta Willow Hardy australiarra (6.30) gaindituz (10.96). Bere txandan, Janire be nabarmendu zan, lehen postuan Sanoa Dempfle-Olin kanadarragaz bardinduta, biak 11.50 bategaz, Leilani McGonagle costarricarra (8.67) eta Sumomo Sato japoniarra (5.96) kanporatuz.

Hurrengo kanporaketan, 32 onenen kanporaketan, Zumaiako surflari biek bigarren postuan egin eben aurrera euren txandetan. Annette 10.54ko emoitzearekin igaro zan hurrengo fasera, India Robinson australiarraren atzetik (12.00) eta Sophia Medina brasildarraren (8.43) eta Kiara Goold tahitiarraren aurretik (8.37). Janirek, barriz, 14.43 puntu lortu zituan, Mirai Ikeda japoniarrari (15.17) jarraituta, eta Francisca Veselko portugaldarra (11.77) eta Sophie McCulloch australiarra (6.00) kanpoan itxita.

Final-zortzirenetan Annettek ez eban arazo handirik izan Luana Silva brasildarra atzean ixteko, izan be, bere olatu bi onenak, 6.83 eta 5.30 puntugaz, nahikoa izan ziran brasaildarra atzean ixteko. Antzekoa jazo jakon Janireren seriean, 6.67 eta 6.43ko olatu bi aukeratu baitzituan Amuro Tsuzuki japoniarrari nahiko argi irabazteko. Japoniako olatu bi onenak 5.00 eta 2.00ko markakaz puntuau ziran.

Askoz estuagoa izan zan final-laurenetako kanporaketea. Annettek modako surflari bati egin eutson aurre, Tya Zebrowski frantziar gazteari. Tyak 4.83ko bategaz ekin eutson mangeari eta ondoren euskal surflariak 4.77koa lortu eban. Frantziarrak, barriz, 5.67 bategaz erantzun eutson baina bere hamaikagarren olatuan Annettek 5.83ko bat egin eta pasea lortu eban oso justu. Janirek Aurrera egin eban Ikeda japoniarraren kontra, 32 onenen artean. 5.50eko olatuari 6.00eko beste olatu bat gehitu jakon, 11.50 puntu batzeko guztira. Ikedak ezin izan eban hori hobetu txandako azken fasean, 10.50 puntu lortuta.

Holan heldu ziran Gonzalez-Etxabarri ahiztak finalerdietara. Lehiaketako koadroaren diseinuak familia arteko burrukea itxi deusku beste behin, Janire eta Annetteren arteko Challenger Serieetako lehiaketa batean jazotako lehenengoa. Ahiztetako gazteena izan zan nagusi. Anettek 13.00ko puntuazinoa lortu eban Janireren 10.83agaz konparauta. Ahizta zaharrenak sei olatu hartu zituan txandan; gazteena, barriz, indar barik geratu zan hamaika olatu hartu ondorn, zazpigarrenaren noteak finalerako txartela emon eutson arren.

Fiinalean Yolanda Hopkins portugaldarra izan dau arerio. Annettek aurretik jartea lortu dau bere zortzigarren eta bederatzigarren olatuen puntuaketeari esker (5.33 eta 4.87), baina Hopkinsek erabagita itxi dau txaneda epaileek 7.33 bategaz balorau daben bere hamaikagarren eta azken olatuan. Zumaiarrak ezin izan dau irabazi, baina 7.800 puntu hartu ditu Challenger Serieetako denporaldiko bosgarren proban. Horri esker, Annette sailkapen nagusiko seigarren postuan jarri da, CTrako txartela emoten daben postuetan kokatuta.

Janire eta Anettez gan, beste lau euskal surflari lehiatu dira Rio de Janieron. Keoni Lasa zarauztarrak gizonezkoen multzoan lortutako bederatzigarren postua nabarmendu behar da. Yago Dominguezek 33. postuan amaitu dau eta Adur Amatriainek 49. postuan. Bestalde, Nadia Erostarbek 25. postuan amaitu dau eta sailkapen nagusiko bosgarren postuari eusten deutso, Annette Gonzalez-Etxabarri baino bat gorago kokatuz.

Challenger Serieetako beste proba bi geratzen dira oraindino datorren denporaldian Munduko zirkuiturik gorenera nor sartuko dan erabagiteko: Hawaiko Lexus Pipe urtarrilaren 29tik zezeilaren 9ra eta Australiako Newcastle Surfest martiaren 9tik 15era.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu