'Herri Literatura Jardunaldietako Antologia' atal barria Euskaltzaindiaren webgunean

Bizkaie! 2013-05-31 15:37

Gaur, maiatzaren 31n, Euskaltzaindiak atal barri bat zabaldu dau interneten: Herri Literatura Jardunaldietako Antologia izenburupean. Atalean Euskaltzaindiaren Herri Literatura batzordeak antolatu dituan herri-literatureari buruzko jardunaldietako ekarpenik mamitsuenak batu dira.

Gaur, maiatzaren 31n, Euskaltzaindiak atal barri bat zabaldu dau interneten: Herri Literatura Jardunaldietako Antologia izenburupean. Atalean Euskaltzaindiaren Herri Literatura batzordeak antolatu dituan herri-literatureari buruzko jardunaldietako ekarpenik mamitsuenak batu dira.

Pello Esnal batzordeko idazkariak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak egin dabe atal barriaren aurkezpena, Donostian. Biak ala biak pozik agertu dira, eta herri literaturearen garrantzia azpimarratu dabe. Holan, bada, Esnalen berbetan, parebako altxorra da herri-literaturea. Hor dago batua gure tradizinoa, eta tradizinoa aintzat hartu barik ez dago etorkizuna eregiterik. Andres Urrutiak be horixe bera azpimarratu dau, eta gaur danon eskura jarri dan materialaz gan, Euskaltzaindiaren webgunean Auspoa bilduma osoa konsultau daitekeela be azpimarratu dau. Horrek guztiak -esan dau- gure corpusak eta gure hiztegiak aberasteko material ederra emoten deusku.

Euskaltzaindiak 1989an egin eban herri-literatureari buruzko lehen jardunaldia, eta 2005ean azkena. Jardunaldi horreetan guztietan hainbat gai landu dira: kontapoesia, herri-narratibea, ahozkotasuna, paremiologia, herri-antzerkia, euskal fraseologia, kantu laburrak eta, azkenik, herri-prosa eta ahozkotasuna.

Oraingo honetan, jardunaldi horreetako ekarpenik mamitsuenak batu eta argitaratu ditu Akademiak, antologia legez. Hemen dira, beraz, Herri Literatura batzordeak antologia honetarako banan-banan eta aho batez aukeratutako berbaldiak eta gaiak. Batzordeko kideen aburuz, horreek guztiak baliabide egokiak dira, tradizinotik etorkizunerako zubia egiteko, euskal herri-literaturearen harira.


Antonio Zavala eta Bernardo Atxagaren berbaldiak

Jardunaldiotan emon diran berbaldi asko Euskaltzaindiak danon eskura jarriak ditu honezkero, Euskera agerkari ofizialean, edota separata banatan argitaratuak. Bi dira, halan da be, orain arte Euskera agerkarian argitaratu barik dagozan berbaldiak. Batetik, III. Jardunaldietan, Pensamiento intuitivo y discursivo en la poesía popular vasca izenburupean, Antonio Zavala zanak 1994an emon ebana. Auspoa bilduman kaleratu zan, eta Pello Esnalek, berbaldi horren garrantziaz ohartarazoteko, ondokoa esan dau: Zavalaren egitasmo guztiaren bihotza berbaldi horretan dagoala esango neuke.

Bestetik, 2005ean, Herri-prosa eta ahozkotasuna izeneko jardunaldietan, Bernardo Atxagak emon eban berbaldia, Ahozkotasunaren alde ez hain funtsezkoak izenekoa, argitaratu bakoa da, eta Euskaltzaindiaren webgunean kaleratzen da orain, lehenengoz. Hitzaldi hori -esan dau Esnalek- oso sarrera egiokia da, herri literaturea ulertzeko ez eze, euskerea, Euskal Herria, Euskaltzaindia... beste gauza asko ulertzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu