Ekialdeko taldea eta Txaber Altube txapeldunak

Gorka Intxaurbe Etxebarria 2013-05-31 12:39   Bertsolaritzea

Antxon Uriguenek, Bittor Altubek, Iruri Altzerrekak eta Beñat Bilbaok, ekialdeko taldekoek, irabazi dabe 14 urtera artekoetan eta Txaber Altubek 18 urtera artekoetan. Txikerrenek nahi nagusiek, lehenengoek nahi zortzigarrenek, final galanta egin eben.

Antxon Uriguenek, Bittor Altubek, Iruri Altzerrekak eta Beñat Bilbaok, ekialdeko taldekoek, irabazi dabe 14 urtera artekoetan eta Txaber Altubek 18 urtera artekoetan. Txikerrenek nahi nagusiek, lehenengoek nahi zortzigarrenek, final galanta egin eben: 2008an hasi nintzan Eskolartekoan puntuetan eta, aurrekoei ezelango meriturik kendu barik, pentsetan dot finalik onena aurtengoa izan dala. Eguaztenekoa, El Carmen aretokoa, bertsoaren mailea hobetuaz doan seinalea izan zan.

Euria bota ahalean zan kanpoan, baina jentea sartu ahala, polito atertu eban... areto barruan, behintzat. Atze-atzean jarrita, mahai baten batuta, Beñat Gaztelurrutia, Arkaitz Estiballes, Jurgi Fuentes eta laurok gengozan. Beñat idazkari letxe eta besteok puntuazinoakaz. Gai-jartzailea Leire Aurrekoetxea izan zan eta, dan-dana ondo joan zedin, ingurua begiztetan Juanjo Respaldiza egoan.


14 urtera artekoetan

Aurten, nobedade moduan, talde bi euki doguz: mendebaldekoa eta ekialdekoa. Lehenengoan, Lur Ziarrusta, Alaitz Urrutia, Maider Barañano eta Aritz Landeta egozan. Bigarrenean, barriz, Antxon Uriguen, Bittor Altube, Iruri Altzerreka eta Beñat Bilbao. Zorionak danei.

Lur Ziarrustak sano behar ona egin eban finalean eta, urten be, lehenengo urten eban oinakaz bertsoa osotzen. Bittor Altubek, bere lehenengo finalean, kantau orduan daukan patxadea erakutsi euskun eta, saioaren ostean, txapel banagaz joan ziran Altube anaiak Bilbotik Abadiñorantza.

Lur Ziarrusta

Gaur Bilbon aukin dogu
guk zortzirok zita:
hona etorri gara
galapan, korrika.
Ailegau garenean
atea itxita...
baina ointxe sortu da
anbiente polita!

Bittor Altube

Jada ailegau jaku
finalan eguna.
Hau garrantzitsua da
entzuizu, laguna:
oso maila haundia
da hemen duguna,
igual gu izango ga[ra]
talde txapelduna.

Nahiz eta lehenengotan ofizioak finaletik kendu, azkenean gazteenek be kantau eben zortziko txikian. Danok be eskertu genduan, ze sekulako bertsoak bota zituen; esate baterako, Beñat Bilbaok eta Aritz Landetak.

Gaia: Beñat, ikastolara zoazela, Aritz irakaslea pasau da bizikleteagaz zure ondotik. Pozu bat zapaldu eta hondatuta itxi zaitu.

Beñat Bilbao

Aritz, benetan zara
maisu berezia:
bronka ta bronka beti
ta gaizki hezia.
Zure broma txar honek
ez du, ez, grazia…
bikaina jada dut nik
ongi merezia!

Aritz Landeta

Tipo hau inopian,
hortxe lotan dago,
eta nik bizikletaz
behar dut igaro.
Isiltzen ez bazara,
bikainak akabo!
Zu hasi zara jartzen
orain oso harro.

Beñat Bilbao

Busti egin nauzu ta,
gainera, algara...
Hemen esaten dan lez:
“Niri a la cara”!
Zure hitz hoiengatik
esaten dut, hara:
hemen hipnotikoa
bakarrik zu zara!

Akabetako, Alaitz Urrutiaren bertsoa. Gaztea bada be, elegante kantetan dau neskato honek. Azkena emonda, holantxe osotu eban bere bertsoa:

Alaitz Urrutia

Ni ez nauzu, ba, engainatuko
ez naiz batere ergela:
zu ez bazara lagun handia;
lagun ederra, bestela.
Agian, hortaz, konturatzean
izan naiz pixkat motela...
konturatu naiz zure ondoan
zoriontsua naizela.


18 urtera artekoetan

Edade honetan be gitxitan ikusi dot neskatxi-mutil horreek erakutsi eben bizkortasuna. Gaiagaz nahi ofizioka, bildurkilik parau ginan baten baino gehiagotan. Ander Gerrikaetxebarriak eta Txaber Altubek jokatu eben buruz burukoa eta biak joango dira Euskal Herriko Eskolarteko finalera. Halanda be, Asier Galarzak, Aitor Bizkarrak, Lurdes Ondarok, Ane Alegriak, Koldo Gezuragak eta Leire Amenabarrek be merezidu dabez txaloak lehenengo biak beste, gitxienez.

Agurren ostean, gai bati bota behar izan eutsien bertsoa bertsolariek. Ederto burutu eban bere beharra Ander Gerrikaetxebarriak: lotsa barik eta bizkor ideetan. Final galanta egin eban zornotzarrak eta ia azkeneraino bere buruan egon zan txapela.

Gaia: Aita lan barik parau danetik etxean ez dago giro onik. Arduratuta zagoz zeu be, eta etxean zelan lagundu pentsetan hasi zara.

Ander Gerrikaetxebarria

Langabezia gorantza doa,
ta antza ez da arraro.
Aita kalera bidali dute,
ta dabil trago ta trago...
soluzioa ez da erraza;
hala ere, bilatzen nago,
Eta uste dut sistema dela
kiebran dagoena zeharo!
Irtenbidea ez da etxean;
etxetik kanpora dago.

Zortziko handian nahi txikerrean aitatu beharreko makina bat gauza egon ziran: Txaber Altuberen bertso-lerroetako aberastasuna; Asier Galarzaren bizkortasuna eta ideak; Aitor Bizkarraren berba-jokoak; Lurdes Ondaroren aparteko bertsokerea; Koldo Gezuragaren golpeak eta Leire Amenabarren arteztasuna. Baten bat elejidu behar dot, eta Ander Gerrikaetxebarriaren eta Ane Alegriaren zortziko handia, eta Asier Galarza eta Txaber Altuberen zortziko txikia ipiniko deutsuedaz.

Gaia: Ander eta Ane, domekako ibilaldira batera joan arren, eguna ez zenduen alkarregaz amaitu. Gaur batu zarie barriro.

Ander Gerrikaetxebarria

Ibilaldira joateko busa
goizaldean gendun hartu.
Portura heldu ta hiru raia
kokarenak nauzen sartu.
Kontureu barik goiza heldu da
ta ohean naz itzartu...
ta txarrena da ezin dodala
ezer ere gogoratu.

Ane Alegria

Kokaina ta speedarekin
Ander hasi zinen dantzan.
Albo batean ezin kontrolau,
hori ezin neban jasan!
Mutil guapo bat hurreratu zan,
ligatzen genbiltzan plazan:
batekoagaitik ligatu neban,
aprobetxatu behar zan!

Ander Gerrikaetxebarria

Zure mutila kasualitatez,
ez al zan deituko Kimetz?
Ikusi nuen nik tipo hori
handik joz hiruzpalau hertz.
Ta izartzean, sama aldean
txupetoi handi bat dut, beltz:
ondo pasatu dudan ez dakit,
baina txarto ziur ezetz!

Ane Alegria

Sama aldean txupetoi bat ta
baltz ei dekozu azala.
Resakarekin ezin egonik,
domeka hortako itzala.
Juerga politte, kriston mozkorra:
hori izeten da normala,
ta oingandizik dinotsut, Ander,
zugaz gehiau ez noala!


Gaia: Asier, etxera heldu zarenean sofarik ez dagoala konturatu zara. Txaber aitak kendu dauz antza, ordu gehiegi pasetan dozuzalako bertan etxunda.

Asier Galarza

Ai! Zelako sorpresa
etxera sartzean,
ta sofa eztauela
hor konturatzean.
Eztoste inporta niri,
Ze, azken finean,
orain jesarriko naiz
txakurrarenean.

Txaber Altube

Txakurrai kendu dotsat
nik zuri batera.
Ezara etxunda egongo
hemendik aurrera.
Ezaite hasi negarrez;
ez bota lurrera.
Goazen txakurrarekin
korrika eitera!

Asier Galarza

Aita, bihurtu zara
kabroia, konpleto!
Zelan ausartu zara
txakurrei kentzeko,
baina soluzio bat
dut, aita, hobeto...
manta bat jarriko dut
bertan itzuntzeko.

Txaber Altube

Apurtzen zabiz gure
arteko oreka.
Ikusi gura neuke
zure lasterketa...
Txakurra be hartuizu
sokatik golpeta,
zu baino lodiago
jarriko da-eta.

Buruz burukoa Ander Gerrikaetxebarriak eta Txaber Altubek jokatu eben. Txaberrek gora egin eban fase honetan, eta esan lei subertea bere alde euki dauela aurten: finalean azkenengo sartu zan eta, buruz burukora orduko be, Asier Galarza pare-parean euki eban. Halanda be, subertea bakarrik ez, ze Txaberrek sano ondo egiten dau bertsotan eta gehiago be egingo dau hemetik aurrera; seguru. Merezidutako txapela: ondo gorde dagiala.

Bere kartzelako beharra, puntu-erantzuna eta gaiari bertsoa, elegantea:

Oporraldi luzea
daukagu aurretik,

baina eguraldia
ez doa onetik...
ez dot geratu gura
euritan hemen nik:
maletak hartu eta
banoa hemendik!

Gaia: Gaur, kamiseta zuri-gorria jarri eta San Mames zaharra agurtzera hurbildu zara.

San Mameseri egin nahiean
agur bero ta eztia...
Hemen zenbaten atara dogun
barruan dogun piztia!
Nahiz ta askotan hona sartzea
urten jatan garestia.
Gaur kamiseta sumatu neike
malko hotzetan bustia:
partida baten ezin dau batu
bizi izan dauen guztia.

Luze parau da artikulua eta, hata guzti be, alozoko bertso gehiago daukadaz esku-telefonoan grabauta. Agurainetik Oriora mobiduko da Euskal Herriko Eskolarteko finala. Bizkaitik Antxon Uriguen, Bittor Altube, Iruri Altzerreka, Beñat Bilbao, Ander Gerrikaetxebarria eta Txaber Altube egongo dira. Neu be bertan egongo naz, eta hurrengoan be hainbat kontu ekarriko deutsuedaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu