Euskal idazleek sekula baino protagonismo handiagoa izango dabe Bilboko 43. Liburu Azokan

Dabi Piedra 2013-05-29 15:43   Kulturea

Bilboko 43. Liburu Azokea maiatzaren 31tik bagilaren 9ra egongo da zabalik Bilboko Arenalean. Ohiko moduan, literatureak emon dauen barriena ikusi ahal izango da bertan eta autoreakaz hartu-emon zuzenak izango dira, 70 idazle inguru hurreratuko dira. Gaur, Angeles Mastretta mexikarrak Zidarrezko Lumea jaso dau antolatzaileen partetik eta, Karmel aldizkariko zuzendari Julen Urkizak, urrezkoa jasoko dau.

Bilboko 43. Liburu Azokea maiatzaren 31tik bagilaren 9ra egongo da zabalik Bilboko Arenalean. Ohiko moduan, literatureak emon dauen barriena ikusi ahal izango da bertan eta autoreakaz hartu-emon zuzenak izango dira, 70 idazle inguru hurreratuko dira. Gaur, Angeles Mastretta mexikarrak Zidarrezko Lumea jaso dau antolatzaileen partetik eta, Karmel aldizkariko zuzendari Julen Urkizak, urrezkoa jasoko dau.

Asier Muniategi Euskadiko Liburu Azoken koordinatzaileak azaldu dauenez, 43. Bilboko Liburu Azokeak ikutu euskaldunagoa eukiko dau aurten, euskereagaz edo euskal literatureagaz lotutako jarduera ugari egongo diralako eta euskal autore askogaz berba egiteko erea egongo dalako. Era berean, azokearen eskaintzea zabaltzeko hartutako erabagiaren eraginez, aurten jantzeak eta musikeak be lekua izango dabe Bilbon. Holan, euskal jantzak eta Zuberoako Maskaradea egongo dira domekan, bagilaren 2an; bagilaren 8an, zapatuz, Mikel Urdangarinek errezitaldia eskainiko dau Bidebarrietan ipiniko daben karpan.

Kepa Torrealdai liburu saltzaileen alkarteko presidenteak nabarmendu dauenez, aurten, danetariko obrak egongo dira azokan, baina euskal idazle asko izango dira tartean. Gure mugetatik kanpora be, euskal literatureak gero eta oihartzun handiagoa lortu dauela azpimarratu dau Torrealdaik, bertokoek irakurleak erakarten ditue azokara, gero eta ezagunagoak diralako. Guztira, 70 idazle inguruk azokatik osteratxua egitea espero dabe; Jose Ramon Arana, Maxim Huerta, Ramiro Pinilla, Jon Arretxe, David Barbero, Txomin Peillen, Josune Magunazelaia, Arantxa Urretabizkaia, Fermin Etxegoien, Miguel Sanchez Ostiz eta abar Bilbon izango dira, sinadura-ekitaldi, berbaldi, aurkezpen eta mahai-inguruetan parte hartzen.

Bidebarrieta Kulturguneak egitarau zabala antolatu dau, urtero legez, Bilboko Liburu Azokeagaz bat eginaz. Bagilaren 6an, esate baterako, Goizalde Landabasok gidatutako mahai-ingurua egingo da, Gure Geuretasunetik izenburupean. Miren Agur Meabek, Karmele Jaiok eta Mariasun Landak egingo dabe berba. Bagilaren 7an, Felix Linaresek gidatuta, Kirmen Uribek, Harkaitz Canok, Jon Bilbaok eta Jesus Carrascok parte hartuko dabe Bidebarrietan. Irakurraldiak eta aurkezpenak be egongo dira han. Euskaltzaindiak, bere aldetik, Euskal emakume idazleak erakusketea dakar liburu azokara.

Aurten, Zazpi Kale saria Arantxa Urretabizkaiak jasoko dau. Bagilaren 6an, goizeko 11:30ean, azokan bertan emongo deutsie saria eta Hiru Mariak, Urretabizkaiaren nobelea ezagutzeko erea egongo da. Urrezko Luma saria, barriz, Julen Urkizarentzat izango da aurten. Idazlea, Markinako karmeldarren komentuko arduradun eta, 1981etik, Karmel aldizkariaren zuzendari da Urkiza. Domeka honetan egingo deutsie gorazarrea Bilboko Liburu Azokako arduradunek.

Angeles Mastretta idazle mexikarrak, bere aldetik, gaur jaso dau Zidarrezko Luma. Euskadiren eta Mexikoren artean beti egon da lotura estua, azpimarratu dau Asier Muniategik, saria emoteko ekitaldian. Kepa Torrealdaik ganeratu dauenez, Mastretta autore unibersala da, gauzen eta sentimenduen muinera doa eta, holan, persona guztiek ulertzeko moduan idazten dau. Torrealdairen arabera, emakumeen ikuskerea eta sentimenduak dira Mastrettaren liburuen ardatzak, emakumeen arimea ondo erakusten dau. La emocion de las cosas liburu barria eskuartean heldu da Bilbora Angeles Mastretta. Saria jasotea pozgarria dala adierazo dau, neure eskerrona Bilboko Liburu Azokearen inguruan zabilzen guztiakaz alkarbanatu gura neuke. Euskerea be aitatu dau, ez dodaz ulertzen zuen hizkuntzako berbak, baina zer esan dozuen gitxi gorabehera ulertu dot, sentimenduen bidez alkar ulertzeko modua badago. Liburu barrian, esperientzia personal asko sartu dituala azaldu dau, neure-neureak diran arren, besteentzat baliogarri izatea espero dot, nire sentipenak besteentzat erreferentzia izatea nahi neuke. Irakurle askok liburu tristetzat daukien arren, Mastrettak uste dau hori baino gehiago be badala La emocion de las cosas. Literaturea, niretzat, familiaren parekoa da, liburuek eta senideakaz egoteak antzeko bizipenak sortzen ditue nigan, autortu dau.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu